Arrasateko San Juan Bataiatzailearen parrokia, XV. mendearen bigarren erdialdea ezkero gaur egungo itxura duena, ez da aberatsa eskultura aldetik eta arkitektura aldetik ere ez da bereziki aipagarria. Baina sinesmen aldetik badu zer kontatu, badu zertaz harritu. Kristautasunetik harago, ikuspuntu profanotik baditu zenbait bitxikeria, gazte arrasatearren artean ezezagunak direnak gehienak.
Kristautasunarekin loturarik ez duten irudiak eraikineko zenbait txokotan daude; hori bai, sekula ere ez bistara: "Gurtzarako toki ikusgarrietan ez, baina atzeman daitezke. Kapitel baten badago dragoi bat, etxean kontatu diguten kondairarekin zerikusia izan dezakeena. Mentsuletan ere buru batzuk ikus daitezke santuenak ez direnak; nire hipotesia da, eta ez da hipotesia baino gehiago, eliza eraikitzeko dirua jarri zutenen omenezkoak direla. Aulkiteriako miserikordietan ere, jarlekuen azpian, animalia arraro bat baino gehiago ikus daiteke”, dio EHUko irakasle eta Arrasate Zientzia Elkarteko kide Ana Isabel Ugaldek.
Gargolak
Arrasatearren artean entzutetsuagoak dira eraikinaren kanpoan dauden gargolak: “Teilatuko urak kalera bideratzeko dira; eraikin gotikoen tradizio bat da halako animalia fantastikoak izatea. Bigarren mailako lekuetan jartzen ziren, kasu honetan kanpoaldean”, gaineratu du Ugaldek.
Amandre Santa Ines
Ines Ruiz de Otalorak edo arrasatearren artean Amandre Santa Ines moduan askoz ezagunagoa denak debozio handia eragin du urte luzez. 1607ko urrian hil zen, Valladoliden, eta hil aurreko testamentuan Arrasateko elizan ehorztea eskatu zuen haren senarrarekin, Rodrigo Okarizekin, batera: “Momia bihurtu zen. Sasoi hartan gorputz bat ez usteltzea miraria zen; amesgaiztoen kontrako sendagaia zen. Amandre Santa Inesen hilkutxatik arropa zatiak hartzen zituzten zenbait herritarrek, miraritsuak zirelakoan, eta kutunetan josteko ohitura zegoen paparrean eramateko”, dio Ugaldek.
Amandre Santa Inesen momifikazioa naturala eta espontaneoa izan zen
Horren harira, arrasatearren memoria kolektiboan oso presente daude oraindik letanietan errezitatzen ziren bertsoak; honako hau, ezagunena: Amandre Santa Ines /bart einjot amets /ona bada bion partez /eta txarra bada inondako bez. Baina Bergaran, Azkoitian, Ataunen, Beizaman eta Amezketan ere, besteak beste, letaniak abestu izan dira Arrasateko momiaren gainean. Aranzadiko antropologo Lourdes Herrastik, Paco Etxeberriak, Angel Armendaritzek eta Jose Angel Barrutiabengoak –azken hori Arrasate Zientzia Elkarteko kide ere bada egun– argitaratutako El nacimiento de un rito: Amandre Santa Inés en Arrasate ikerketa lanean jasotzen da hori. 1988an ikertu zuten Amandre Santa Inesen gorpua, eta hainbat xehetasun antropologiko eman zituzten: "Momifikazioa naturala eta espontaneoa izan zen, eta inguruneko lehortasunaren ondorioz modu progresiboan deshidratatu zen".
Barrutiabengoak gogoratzen duenez, hainbat urtez ezkutatuta egon zen hilkutxa eskailera baten azpian eta hesi baten atzean: “Ikerketarako atera ostean Amandre Santa Inesek gura zuen lekura eraman genuen, okariztarren kaperara haren senarraren ondora”. Barrutiabengoaren arabera, momiaren aurpegia ikusgai jarri gura dute, bisita gidatuei begira.
Fenomeno astronomikoa
Ekainaren 24aren bueltan bitxikeria bat gertatzen da sarrerako ate nagusiaren gainean dagoen San Juanen irudiarekin
Arrasateko parrokiaren beste bitxikeria bat da arkitektura eta astronomia eskutik helduta doazela. Batetik, ilunabarreko fenomenoa dago; horrela azaltzen du AZEko kide eta astronomo Anton del Campok, hainbat kalkulu egin ostean: "Ekainaren 24aren [San Juan egunaren] bueltan bitxikeria bat gertatzen da sarrerako ate nagusiaren gainean dagoen San Juanen irudiarekin. 20:00etan ordu ofizialean –eta, beraz, 18:00etan eguzki orduan– kanpandorrearen arku baten itzala modu berezian proiektatzen da ate nagusiaren gainean. Eguzkiaren izpiak arkuaren erditik pasatzen dira eta San Juanen irudia bete-betean argiztatzen dute".
Bestetik, egunsentiko fenomenoa dago: “San Juan egunaren bueltako egunsentiko lehen minutuetan, eguzkiaren lehen izpiek absidearen erdia argiztatzen dute, eta horma horretan leiho bat zabalduko balitz, argia elizaren mendebaldeko hormaraino iritsiko litzateke. Zoritxarrez, egun udaletxeak eta beste eraikin batzuek oztopatzen dute eguzki izpien norabidea”, adierazi du Del Campok.