Mateo Aranguren kapitainak (1607-1655) eta haren emazte Maria Saentz Andikanok (1627-1674) aginduta eraiki zuten Monterron jauregia. XVII. mendearen erdialdean amaitu zenetik hona hamaika istorio gordetzen ditu, hainbat agintari historiko esanguratsuren ostatu izan da –Felipe V.a, Napoleon, Isabel II.a, Canovas del Castillo, Franco...–, eta historiako hain-bat pasarte garrantzitsuren lekuko ere bai.
Merkatari eta zilar meategien ustiapen lanetan diru mordoa egin zuen Mateo Arangurenek.
Jauregia altxatu aurretik Ameriketara joan zen soldadu Mateo Aranguren, eta, besteak beste, Lima (Peru) eta Potosi (Bolivia) aldean ibi-li zen hainbat arrasatearrekin eta euskaldunekin batera. Merkatari eta zilar meategien ustiapen lanetan diru mordoa egin –ondo inbertituz–, eta 1645ean bueltatu zen jaioterrira. Handik gutxira, 1648an, ezkondu egin zen 20 urte gazteagoa zen Maria Saentz Andikanorekin. Alkate ere izan zen: “Ameriketatik aberats etorri, ezkondu eta hainbat kargu hartu zituen, botere bila. Ezagutu zuten lekukoek zioten harroputza zela”, dio EHUko irakasle eta Arrasate Zientzia Elkarteko kide Ana Isabel Ugaldek.
Villareal Berriz
Mateo Aranguren hil zenean, Maria Saentz Andikano Berrizko aberats batekin ezkondu zen, 1666an. Harekin beste seme bat izan zuen, Pedro Bernardo Villarreal Berriz: “Oso pertsonaia interesgarria izan zen, ilustratua, eta hidraulikaren arloko teknikak, esaterako, izugarri berritu zituena. Sekulako pertsonaia izan zen Arrasateko Pedro Bernardo”.
Kondearen erailketa
Monterrongo lehen kondea Juan Andikano izan zen, Mateo Arangurenen koinatua, eta izendapena 1689koa da. Haren ostean Juan Antonio Saentz Andikano eta Loiola izan zen, eta baita hurrengo bi kondesak ere, Juan Andikanoren ondo-rengo zuzenak. Bosgarren kondea, Santiago Elias Aranguren, Aranguren abizeneko lehen kondea izan zen; 1816an erail zuten: “Ignacio Uribesalgo eta Santiago Nuarbe atxilotu arren, libre geratu ziren, ez zen ezer argitu. Kondekua zubian akabatu zuten”.
Elias Arangurenek titulua heredatu zuela-eta, etxea arangurendarrena izatetik Monterrongo kondearen etxea izatera pasatu zen. Ondoren ere kondeak eta kondesak izan dira, gaur egunera arte: “Adineko jendea akordatzen da han bizi izan zen azken kondesarekin, Maria del Rosario Aranguren Palaciorekin. Parrokian ezkondu zen eta Balentziaga maisuaren soinekoa jantzi zuen; gaur egun, Getariako Museoan ikusgai dago soinekoa”.
Jauregi berezia
Lorategi ederra ere izan zuen, XIX. mendeko lorategien fenomenoaren beste adibide garbi bat.
Harresitik kanpo kokatua, eraikin ikusgarriena eta seguruena zen: "Elizara ere ponperia guztiarekin desfilatzeko oso aproposa”, gehitu du historialariak. El Español aldizkariaren 1845eko abuztuaren 20ko zenbakian, Monterronen gaineko hainbat xehetasun jasotzen dira, Isabel II.a zetorrela iragar-tzeko erreportajean: "Barrutik oso balekoa eta zabala da. Eskailera erosoa du eta lehen pisuan saloi handi bat, ezkerraldean ate elegante bat duena; bertatik igarotzen da erregina egongo den gelara. Kanpotik oso dotorea da, armarri eta balkoi eleganteekin. Alfonbrak, damaskoak, oihal zintzilikariak, ispilu erraldoiak, sofak, erlojuak, komodak, besaulkiak... Guztia da aparta".
Lorategi ederra ere izan zuen, XIX. mendeko lorategien fenomenoaren beste adibide garbi bat. Bitxikeria gisa, txakurren hilobiak ere aurki zitezkeen duela ez askora arte. Bestalde, jauregiak une txarrak ere bizi izan zituen, hartzekodunekin epaiketa eta guzti: "Pedro Biteriren aitarekin zorpetu ziren; pentsa, Pedro Biteri bera hil zenean, oraindik zorra ordaindu barik zuten", dio Ugaldek. 1984an, Juan Antonio Ardantza alkate zela, izaera publikoa hartu zuen Monterronek. Orduan egin zen anfiteatroa, esaterako. Kultura etxea izan zen zenbait urtez, Kulturate 2007an ireki zen arte. Egun, Arrasate Musikalen egoitza da.