Udazabal udako kultura eskaintza programa martxan da hilaren hasierako egunetatik, eta, orain arte egindako emanaldiak arrakastatsuak izaten ari diren arren, oraindik zenbait emanaldi geratzen dira herritarren gozagarri.
Programarekin jarraitzeko, gaur, egubakoitza, 20:00etan, Seber Altuben, Trapu Zaharra teatro traperoak eskainitako Turistreando ikuskizuna izango da. Oskar Terolen gidaritzapean, Santi Ugalde eta Mila Espiga aktoreak bidaia agentzia proposamen berri batekin irtengo dira agertokira, ikus-entzuleek turismoa beste modu batera bizi daitekeela ikus dezaten.
Musika klasikoa indartu guran
Horrekin batera, zapatu honetan, 19:30ean, Monterronen, Kamerata EusKdivarius orkestra izango da. Energia eta pasioz beteriko euskal musikari talde batek sortutako proiektuak musika klasikoari indar berri bat txertatu gura dio. Izan ere, 2020an, Beethoven jaio zela 250 urte beteko dira eta bere 6. sinfonia, Pastorala, eskainiko dute Arrasateko leku enblematikoan. [Elkarrizketa Arrasate Irratiko Uda Giroan saioan]
Emanaldi dantzagarriak, eserita
Ekitaldiak aulkietan eserita ikusi behar diren arren, talde dantzagarriek ere izango dute beraien lekua. Izan ere, uztailaren 28an, 19:30ean, Santa Teresan, Swingtronics eta Nhil taldeak izango dira. Swingtronics talde bilbotarra swing erritmo klasikoak nahasten dituen proposamen batekin izango da, oinarri elektroniko batekin, entzulea dantzara bultzatzen duena. Eta, oinarri horren gainean, tronpeta, saxofoi, bateria eta ahotsaren zuzeneko soinuak entzun ahal izango ditu bertara gerturatzen denak. Bilbotarrekin batera, Nhil taldea ere izango da; talde aski ezaguna gurean. Bailarako musikariek osatutako taldeak Aztarnak izeneko diskoa kaleratu zuen martxoan, eta pop, funk eta soul estiloekin bustitako abestiak eskainiko dituzte.
Gari&Maldanbera eta Serge
Erritmo bizi horiek lasaitzeko asmoz, uztailaren 29an, 19:30ean, Serge bakarlaria izango da, musika akustiko modernoa eta garaikidea eskaintzen, pop eta folk ukituekin, Monterronen. Emanaldi honekin batera, azken hamarkadetako euskal musikako artista handienetakoa den Gari Maldanbera taldearekin izango da agertokian.
Aurtengo programa amaitzeko, uztailaren 30ean, 22:30ean, Markeliñe konpainiaren Psike gaueko antzerkia izango da Zaldibarren. Proposamen dibertigarria, harrigarria eta ezustez beterik dagoena, duda barik.