MUk bizkarra eman dio Zilarrezko LEB mailari

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 23a, 19:08
Mondragon Unibertsitateko jokalariak, Iturripen, mailari uko egin diotela irudikatzen.

Espainiako Saskibaloi Federazioak duela hilabete baieztatu zuen ofizialki talde arrasatearraren igoera, baina Ointxe!-k uko egin dio datorren denboraldian Zilarrezko LEB mailan jokatzeari, "laguntza falta eta izena emateko epe eskasak" direla eta.

Federazioak ekainaren 23an jakinarazi zion Ointxe!-ri igoera, baina, era berean, astebeteko epea baino ez zioten eman konfirmazioa emateko. "Ekainaren 30a baino geroago uko egiteak esan nahiko luke datorren denboraldian EBA ligan parte hartzea bermatuta ez izatea, eta txapelketa horretan parte hartzeko eskubidea ere galtzea", azaldu dute klubeko kideek.

Hori dela eta, Ointxe!-ko zuzendaritza batzordeak epea luzatzeko eskatu zion Federazioari. "Jasotako erantzunak ez zuen egoera oso argi utzi, eta, epe hori luzatzeko zirrikituren bat uzten bazuen ere, Ointxe!-k ez zuen interpretatu bermeen %100 zegoenik", gaineratu dute. Hori dela eta, 2020-2021 denboraldian Zilarrezko LEB mailan jokatzeari uko egin diote arrasatearrek.

Arlo ekonomikoa eta kantxa

Hala ere, klubak onartu du bazebilela Zilarrezko LEB mailan jokatzeko balizko aukera horiek lantzen eta aztertzen eta horrek, batez ere, bi arlotan izango lukeela eragina. Alde batetik, arlo ekonomikoan. "Zilarrezko LEBen parte hartzeko kalkuluak 100.000 eurotik 150.000 eurora bitarteko eskalan egin ziren, batez ere plantillaren konfigurazioaren arabera", adierazi dute. Hala ere, ezin izan dute Kirolgiren eta Arrasateko Udalaren babesa lortu, eta hori funtsezkoa zen. "Hau da Kirolgiren erantzunaren gure interpretazioa: Gipuzkoako beste klub bat jada zilarrezko LEBen dagoenez, laguntza %100 izango da beraientzat". Arrasateko Udalari dagokionez, zera azaldu dute: "Dirudienez, Udalaren kirol politikak ez du jasotzen horrelako proiektuetarako aparteko laguntzarik, orain arte behintzat, eta dirulaguntzak urteko irizpide arruntetara mugatzen dira". 

Bestetik, Zilarrezko LEB mailan lehiatzeko, hainbat baldintza bete beharko lituzke joko eremuak: kantxa egurrezkoa izatea, markagailu elektronikoa "profesionala" izatea, saskiak zorukoak izatea eta ez zintzilikariak, eta abar. "Guk ez dugu horrelako prestaziorik, ez Iturripen eta ezta Musakolan ere, eta Udalarekin harremanetan jarri ginen baldintza horiek beteta irailera iristeko aukerak aztertzeko".

Kontuak kontu, klubak ez du batere garbi ikusi aukera hori, eta EBA mailan jarraitzea erabaki du. "Ez dugu inondik inora hipotekatu nahi une honetan 24 talde eta 300 haur baino gehiagorekin mantentzen duen kirol proiektu zabala, eta ez dugu ez daukaguna gastatuko, ezta harrobitik dirua Zilarrezko LEB taldera bideratuko ere".

Gaur, eguena, Iturripen emandako prentsaurrekoaren ostean ateratako argazkia.

Esker mezuak guztiendako

Zuzendaritza batzordeak eskerrak eman nahi dizkie EBA taldeak aurten osatu duen jokalari, entrenatzaile eta staff teknikoari, "denboraldi honetan egindako sakrifizio handiagatik, eta publikoki zorionak eman nahi dizkiegu Zilarrezko LEBera igotzeagatik". Era berean, Zuzendaritza Batzorde gisa, "barkamena" eskatu gura izan dizkie, "kantxan lortu dutena datorren denboraldian ezin eskaini ahal izateagatik".

Bestalde, adierazi zuzendaritzak azaldu du aurrerantzean lanean hasiko direla, "ahalik eta eperik laburrenean orain lortu ez duguna lortzeko gai izan gaitezen: gure taldeak kantxan irabazteko gai direnak errealitate bihurtzea ahalbidetuko duen estaldura ekonomiko eta instituzionala".

Azkenik, denboraldi honetan lagundu dieten babesle guztiei ere eskerrak eman dizkie. "Egoera berri honetan, ez digute bizkarra eman. Haiek ere Ointxe! familiako kideak dira".

Balantze ekonomikoaren zain

Dirulaguntza guztiak ez dituzte oraindik jaso eta horren zain daude. Hala ere, aurreikusten dute ez dela urte ona izango. "Defizita 7.000 eta 10.000 euro artekoa izan daiteke", azaldu du Oihane Agirre presidenteak.

COVID-19ren ondorioz, gurasoen hileko kuoten diru-sarrerak eten zituzten martxoan, eta gastuak "ahalik eta gehien" murriztu arren, "urtea txarra izango da", dio Agirrek. "Egoera horrek are gehiago behartzen gaitu datorren denboraldian helburutzat izatea defizitaren murriztea".

Hori dela eta, "esker ona" nabarmendu nahi diete babesle eta laguntzaile guztiei, "haietako askoren egoera zaila izan arren, beren konpromisoak bete nahi izan baitituzte, ia %100ean".

Babesle nagusiak dira:

● Mondragon Unibertsitatea
● Alkideba
● Mondragon Lingua

● Laboral Kutxa
● Lana
● La Caixa
● Eraña aholkularitza
● Ikerlan
● Ibai Arte

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak