Zer esangura dauka, zehazki, egiaztagiri horrek?
Egiaztagiri horri esker frogatu dezakegu enpresak produktu ziberseguruak garatu ditzakeela IEC 62443-4-1 araudiak ezarritako baldintza zorrotzei jarraituta. Estandar horrek neurtzen du erabiltzen dugun metodologia.
Zertan laguntzen du zibersegurtasunak?
Zibersegurtasuna faktore gakoa da produktu elektronikoak, konexioak eta informazio fluxua seguruak direla bermatzeko.
Nola kontrolatu daiteke hori?
Esate baterako, denbora pasa ahala sistema elektronikoek gero eta akats gutxiago izaten dituzte; softwarea frogatuago izaten dutelako. Telefono mugikorretan, baina, aplikazioak eguneratu egiten dira uneoro. Gertatzen dena da, aplikazio bat eguneratzen den bakoitzean akatsen bat izateko probabilitate handiagoa duela, eta hori kontrolatu egin behar da; kontrolatzen zaila izan arren. Izan ere, eguneratze prozesu horietan segurtasuna ere oso kontutan hartu beharreko faktorea da.
Nolakoa izan da prozesua?
Enpresa barruan prozesu batzuk garatu genituen zibersegurtasuna lantzeko. Ziurtagiria eman diguten TÜV Rheinland taldekoak Alemaniatik etorri izan dira, lanean nola ari garen ikustera. Ikuskatu egin gaituzte; jarraitzen ditugun urratsak zeintzuk diren azaldu diegu, eta urrats horiek jarraitzen ditugula frogatu egin behar izan dugu. Ikusi dute enpresak produktu ziberseguruak garatu ditzakeela, eta egindako lana aitortu digute.
Zein ekarpen egiten dizue aitortza hau lortzeak enpresari eta langileei?
Oso garrantzitsua da. Beste toki batzuetan produktu elektronikoak egiten dituztenean, ziurtagiri hau eskatzen diete, baina ez dute izaten. Are gehiago, askok ezagutu ere ez dute egiten. Horrek esan gura du ziurtagiriak gure enpresak eremu honetan duen posizionamendu garrantzitsua balioztatzen duela.
Noiztik ari zarete proiektu honetan lanean?
2016az geroztik, gutxienez. 42 ikertzaile ditugu industriako zibersegurtasuneko bi espezializazio taldetan antolatuta.
Industriako zibersegurtasunean espezializatzea da Ikerlanen apustu handietako bat...
Industriak duen erronkarik handienetako bati erantzuten dio zentroaren espezializazioak; izan ere, gero eta handiagoa da konektibitatearen eskaera eta, orokorrean, produktuen eta prozesuen digitalizazioaren eskaera. Horrek ekarri du mehatxuek eta zaurgarritasunek ere gora egin dutela.
Digitalizazioak gora egiteak, zer dakar?
Zibersegurtasunaren beharra dakar. Adibidez, tren sektorean digitalizazioa sekulako bilakaera ari da izaten. Trenbide pasaguneak, seinaleak, sarbideak, potentzia eta abiadura kontrola... sistema horiek guztiak gailu elektronikoen bidez kontrolatzen dira, eta horien zibersegurtasuna bermatzea oinarrizkoa da.
Segurtasun funtzionaleko ziurtagiria ere lortu zenuten 2012an...
Bai, hala da. Europan hori eskuratu zuen lehen erakundeetako bat izan ginen. Espainiako lehena izatera ere iritsi ginen. Uste dugu aitortza bikoitz horrek finkatu egiten duela zentroak duen erreferente posizioa.