Udalak ez du San Isidro ermita botatzeko asmorik

Xabi Gorostidi 2020ko uzt. 14a, 17:24
San Isidro ermita, Kiroldegiko aparkalekutik ikusita.

Eraikina Donostiako Gotzaindegiaren jabetzakoa da, eta auzotar talde batek kezka azaldu du ustez Udalak eraikina erosi eta bota egingo zuelakoan. Gobernuak ohar bidez argitu du eraikina eta erretiratuen etxea mantentzea eta teilatua konpontzea nahi duela, eta 2017tik daudela jabeen erantzunaren zain. 

Zapatuan, herritar talde batek eraikinaren inguruan entzundako zurrumurruen berri eman zuen, Musakola.com atarian. "Jakin dugunagatik, San Isidro ermita, Arrasateko udalari saldu nahi ei dio Gotzaindegiak. Arrasateko Udaletxeak eraikin honekin zer egingo duen ziurgabetasunaren aurrean, eta eraikina botako duenaren zurrumurruen aurrean, askoren alarma piztu da eta honen ondorioz eraikin hau babesteko mugimendu herritar bat sortu da".

Udal Gobernuaren erantzuna

Martitzenean heldu zen Udal Gobernuaren erantzuna, prentsa ohar bidez. "Udala San Isidro Ermita mantentzearen aldekoa da; ez du ermita erosteko ez eta botatzeko asmorik ere".

Teilatua, konpontzeke

Ohar berean adierazten zuten auzo-alkatetzak aspaldi jakinarazi zuela ermitaren teilatua egoera txarrean zegoela, eta hori ikusita Udalak prest azaldu zen 2017an hura konpontzeko eta ordaintzeko, baldintza batekin: jabeak, Donostiako Gotzaindegiak, erretiratuen egoitza bertan manten zezala. Konponketa lanen proiektua eta 177.689,99  euroko aurrekontua pasa zioten gotzaindegiari, baina adierazi dutenez, oraindik ez dute erantzunik jaso. "Teilatua konpontzeko jabearen baimena behar dugu, eta ez dugu euren partez erantzunik jaso. Udalaren asmoa da Donostiako Apezpikuari eskatzea ermita Musakolako auzoari eta Arrasateko herriari dohaintzan eman diezaiola".

2019ko maiatzetik eraikina ez da mezatarako erabiltzen, teilatua "edozein unetan" jausteko arriskua dagoelako. Une honetan, sarrera bateko aterpean habeak daude, zoruari eusteko. 

Eraikina saltzeko eta teilatua konpontzeko asmorik duten argitzeko GOIENA Donostiako Gotzaindegiarekin harremanetan jarri da, baina gaur-gaurkoz ez du erantzunik jaso.

 

Union Cerrajerak eraikita

Union Cerrajera S.Aren eraginpean eraiki zen ermita duela 75 urte, eta 70. hamarkada erdialdera arte enpresak sostengatu zuen diruz. Luis Astiazaran Galarza arkitektoak gidatu zuen ermitaren eraikuntza, San Isidroren eskultura Francisco Letamendiak zizelkatu zuen eta argizuloko freskoak Jesus Arraiz margolari bilbotarrak margotu zituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak