Iazko Durangoko Azokan argitaratu zuen Keu Agirretxeak Airaka diskoetxearekin Ura eta bakea izeneko bakarkako bederatzigarren lana. "Zuzenean aurkezten hasi ginen, eta hala eskaini genituen Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan hainbat kontzertu, baina itxialdiaren eraginez dena geratu zen eta aste honetan berrabiaraziko dugu aurkezpen-bira. Formatu ezberdinetan aurkezten ari gara, binaka eta akustikoan batzuetan, eta talde formatuan beste hainbatetan. Arrasatekoa berezia da niretzako, sarritan izan naiz han jotzen eta gustuko dut, eta, gainera, aspaldiko partez berriz ere laurak elkartzeko aukera izango dugulako. Azkeneko lana aurkeztea da asmoa eta aurreko lanetako abestiak ere tartekatuko ditugu", azaldu du Keu Agirretxeak.
PABLO NOVOA, HAIMAR AREJITA ETA MIKEL ARAKISTAIN IZANGO DITU ALBOAN ARRASATEKOAN
Gitarrak eta ahotsa oinarrian
Etxean grabatu zuen eta Bartzelonako North Waves estudioko Jon Badiolarekin nahastu zuen gero. "Soinu iturri bakarra gitarra eta ahotsa dira; kolore askotako gitarrak daude, eta, nahiz eta perkusio instrumenturik ez egon, disko erritmikoa da. Freskoa da; ez du patroi bakarreko estiloa jarraitzen, folk, pop eta rock ukituak topa daitezke. Hitzak denetarikoak dira, gustuko ditudan idazleen liburuetan oinarritutakoak; besteak beste, Xabier Aldekoarenak eta Mikel Aiestaranenak".
"Luxuzko" laukote formatuan
Aspaldiko partez elkartuko da laukotea Arrasaten. "Mikel Arakistain betiko bidelaguna dut, Gatibuko Haimar Arejita ere aspaldiko laguna da, eta Pablo Novoarekin ere hainbatetan jo izan dut azkenaldian. Oso aberasgarriak dira niretzako".
Sarrerak, aurrez, antzokian
Aurrez gonbidapena eskuratu behar da Amaia antzokian: astelehenetik eguenera, 18:00etatik 20:00etara; banatzen ez direnak ikuskizunean banatuko dituzte.