Leku gehienetan moduan, aurreikusita zeuden kontzertu handiak egokitu egin behar izan dituzte Arrasaten ere, formatu txikiagoetara eta modu akustikora pasatuz, eta Udazabal programak horri erantzuten dio. "Emanaldi guztiak izango dira formatu txikiagoan, eta hortik etorri zitzaidan proposamena. Izan ere, nik bakarrik abesten dut, gitarrarekin. Aukera eskaini zidaten eta pozik hartu nuen, gustura. Ea apurka berreskuratzen goazen halako ekitaldi kulturalak", adierazi du Leire Etxezarreta musikari arrasatearrak.
Duela hiruzpalau urte heldu zion gitarrari, eta orain gutxi hasi da bakarkako emanaldiak eskaintzen, formatu akustikoan. "Gitarrarekin ez daukat ikaskuntza handirik, nire kabuz aritu izan naiz orain arte. Azkenaldian, geroz eta gehiago jotzen hasi naiz eta nire kantu batzuk ere sortu ditut, baina ikasturte berrirako egiteke daukadan gauzetako bat da gitarra hobeto jotzen ikastea", dio.
Eguazteneko emanaldiari dagokionez, bere kantuak eta bertsio ezberdinak joko ditu. "Guztiak nire kantuak ez izateko, abesti ezagun batzuk ere joko ditut. Beraz, denetik izango du kontzertuak, oreka hori mantentzen saiatu naiz". Bere kantuek euskarazko letrak dituzte eta bertsio gehienek ere bai, nahiz eta gaztelaniazko kantu bat edo beste ere joko dituen. "Nahiko kontzertu lasaia izango da. Eguazten ilunkerarako plan ona dela uste dut. Ni ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, eta uste dut giro polita sortuko dugula guztion artean. Ondoren datorren kontzertuak ere mereziko du, seguru. Horrenbestez, animatu daitezela herritarrak", adierazi du.
Goi mailako musikarien ondoan
Arrasatearraren ondoren, Keu Agirretxeak eta Pablo Novoak eskainiko dute emanaldia. "Herrian kontzertu bat ematea polita da, nahiz eta, lagunak eta ingurukoak hor izanda, urduritasunak areagotuko zaizkidan. Gainera, maila horretako musikariekin oholtza partekatzea ederra da. Ni oraindik ikasten ari naiz eta asko daukat ikasteko. Beraz, halako musikariak ondoan izatea betegarria da niretzat. Plan polita izango da", nabarmendu du.
Musikari lotutako bizitza
Modu batera edo bestera, Etxezarreta beti egon izan da musikari lotuta. Sorginak taldearekin ere ibili zen, Kepa Junkerarekin proiektua partekatuz. "Hasi ginenean, oso gazteak ginen. Nik 16 urte nituen. Lauzpabost urte egon gara proiektu horrekin, eta niretzako ikaskuntza ikaragarria izan da. Esfortzu handia dakar halako proiektu batek, entsegu eta prestaketa ordu asko dira, eta agertoki batean egoten ere ikasten duzu", azaldu du.
Txikitatik jotzen ditu trikitia eta panderoa. "Aramaioko Trikitixa Eskolan irakasle naiz, eta Arrasatekoan dagoeneko ez nagoen arren, beharra dagoenean hor izaten naiz, laguntzeko prest".
Instrumentu horiei gitarra ere batu zaie orain, eta, aurrera begira, disko bat argitaratzea gustatuko litzaioke Etxezarretari. Aitortu du, ordea, oraindik goiz dela horretaz berba egiteko. "Lehen helburua kontzertuetan esperientzia hartzea da, eta gero gerokoak. Baina polita izango litzateke diskoa kaleratzea, bai".