Emakumeek historian duten hutsunea betetzen

Xabi Gorostidi 2020ko uzt. 10a, 15:29

Claude Haignere, Dolores Ibarruri eta Guena Dimitrova. Irudiak: Wikipedia

Arlo askotan aitzindariak izan diren emakumeei buruzko lanak egin dituzte arrasate institutuko 25 ikaslek. italiako, Frantziako eta Espainiako ikasleekin batera egin dute lana, eta 'Mujeres ignoradas, mujeres ilustres' izeneko liburua osatu dute elkarlanean

Arrasate Institutuan DBHko 4. mailan Frantsesa eta Filosofia lantzen ari diren 25 ikaslek emakumeek historian izan duten pisuan sakontzeko aukera izan dute. Etwinning plataforma kolaboratiboa erabiliz, Europako beste ikasle batzuekin batera jardun dute elkarlanean Mujeres ignoradas, mujeres ilustres liburu digitala sortzen. "Historian hutsune handia egon da beti emakumeei dagokienez. Emakume apartak egon izan dira beti, baina, tamalez, historia liburuetan ez dute apenas presentziarik izan. Hutsune hori estaltzeko helburua zuen proiektu honek", azaldu dute Institutuko irakasle Inaxio Narbaizak eta Tania Alonsok.

Liburu digitala

Konkretuki, hamar ikastetxetako ordezkariek hartu dute parte liburuan: Italiako bostek, Frantziako bik eta Kataluniako, Granadako eta Euskal Herriko banak. Liburuak 75 orri ditu, eta, guztira, 29 emakume aitzindari aztertu dituze. Horien artean daude, besteak beste, Claude Haignere mediku astronauta eta politikaria, Dolores Ibarruri politikaria, Ana Maria Mozzoni kazetaria, Concepcion Arenal idazle eta aktibista edo Guena Dimitrova opera abeslaria. Bi orriko artikuluak osatu dituzte, gazteleraz gehienak, baina, kasu batzuetan, gazteleraz eta frantsesez. "Oso proiektu interesgarria izan da; lehen aldiz Europako beste ikasle batzuekin elkarlanean aritzeko aukera eman digulako eta emakume garrantzitsu asko hobeto ezagutzeko balio izan digulako", azaldu Naroa Morillo ikasleak.

Aipatu behar da liburuaren azaleko logoa Arrasateko ikasleek diseinatu dutela. Alu hostodun moduko bat da, eta, "polemika apur bat piztu arren", 54 logoren artean izan da aukeratua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak