Iñigo Arregi (eskultorea): "Zumetak zuen indarra agerian uzten du obrak"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko uzt. 11a, 10:33
Eskultorea, Bartzelonako erakusketan duen Zumetaren omenezko obrarekin. Argazkia: Iñigo Arregi.

Bartzelonako Victor Lope arte garaikidea galerian du Planoak ordenatzen espazioan erakusketa Arrasateko eskultoreak ikusgai, ekainaren 18tik irailaren 10era bitartean.

14 urterekin hasi zen artea lantzen eta harrezkero ibilbide luzea egin du, pausoz pauso eta nahiko isilik. Euskal arte garaikidearen bigarren belaunaldian kokatzen dute arte-adituek, eta "erreferentziazko eskultorea" da Iñigo Arregi.

Bartzelonako Victor Lope Arte Garaikidea galerian duzu bilduma berria. Pozik?

Harreman handia dut eurekin, galeria askorekin egiten dut lan, baina hau da niretzako garrantzitsuena; oso pozik nago. Galeria honetan hirugarrena dut; era berean, Europako toki askotan izan naiz euren bitartez, Alemanian, Suitzan, Suedian, Turkian, Londresen... Izen handia dauka galeriak, bereziki, asko mugitzen direlako eta bultzatzen dituzten artista gehienak gazteak direlako; zaharrena naiz ni han, eta konnotazio hori oso garrantzitsua da niretzat.

Zenbat piezatako bilduma da?

Guztira, hamazortzi obra daude: Korten altzairuzko hamar eskultura txiki eta egurrean egindako handiago bat, eta zazpi erliebe; horman zintzilikatuta dauden eskulturak dira erliebeak, kartoian egindakoak.

Zumetaren omenez egin zenuen eskultura da obra nagusia. Zelakoa?

Gorriz margotutako egurrezkoa da, eta bi metro ditu. Hil zen egunean egin nuen; haren heriotzaren berri izan nuenean, lokalera joan eta beroan egindakoa da. Lagun handia eta maisua izan da niretzako Jose Luis; nire artista erreferentea nor den galdetzen didatenean hura aipatzen dut beti. Harekin ikasi nuen artista izatearen esanahia. Oso pertsona inportantea izan da nire bizitzan, eta omenaldi pertsonala egin gura izan diot; Zumetak zuen indarra agerian uzten du obrak.

Beste piezekin loturarik badu?

Nire diskurtsoaren barruan kokatzen dira guztiak; hortaz, es-tetika aldetik lotura dute, baina ez bestelakorik. Egin dudan azkeneko obra da Zumetarena; besteak azken hiru urteetakoak dira. Zein momentutan nagoen erakustea da Bartzelonako bildumaren asmoa. Kartoizko erliebeak eraman ditut hara, eta orain, beste serie batzuk egiten ari naiz, argazkiak manipulatuta eta arkatzarekin landutakoak, baina prozesuan nago oraindik eta ez ditut erakusteko moduan.

Nola azalduko zenuke zein den zure obren diskurtsoa?

Zaila egiten zait azalpen zehatz bat ematea; esango nuke nire obrekin atmosfera bat sortzen dudala, eta gero, bakoitzak bere erara interpretatzen duela. Orain dela urte batzuk, kritiko batzuek bertikaltasunaren artista deitzen zidaten, obra gehienak halakoak zirelako, baina geroago, beste etapa batzuk izan ditut, obra horizontalak ere egin ditudanak. Bolumenen arteko orekarekin jokatzen dut, hutsuneari ere garrantzia emanda. Planoekin egiten ditut lan guztiak eta puzzle bat bezala muntatuta daude gero. Tamaina handikoak izateko bokazioa dute nire obra gehienek, eta askotan esaten dut nire obrei teilatu bat ipiniz gero etxebizitza bihurtzen direla. Material ezberdinak erabiltzen ditut –marmola, egurra, brontzea...–, baina burdina, korten altzairua, da, bereziki, nire patentea, Euskal Herriarekin kon-notazioa duelako. Askotan esaten didate igartzen dela euskal artista bat naizela.

Euskal arte garaikidearen bigarren belaunaldian kokatzen zaituzte adituek; bat zatoz?

Bai; hala da. Oteiza, Basterretxea, Txillida... horien guztien ondorengoak gara nire ingurukoak, eta nahiko ezkutuan edo itzalean egon gara. Adituek diote horien jarraipena egin dugula eta gurekin bukatzen dela joera hori; guk ditugun ezaugarri zehatz batzuk aurreko belaunaldien marka esanguratsuak dira. Testuingurua aldatu egin da gaur egun; artista asko daude, baina zaila da identifikatzea nongoak diren, globalizatuagoa dago orain dena. Oso artista interesgarriak ari dira sortzen, beste tresna batzuk erabiltzen dituzte, gaur egungo bizimoduarekin duten lotura argi erakusten dute. Denok ikasten dugu elkarrengandik; artea prozesua bat da, etengabe aldatuaz doana.

Ez zara Bartzelonan izan oraindik, baina zer feedbackik jaso duzu?

Galeriakoak pozik daude, egunero nago eurekin harremanetan. Ari da jendea joaten, baina edukiera mugatua dago, aurrez txanda hartu behar da, eta egoera ez da erraza.

"ERAKUSKETA BIRTUALAK EGITEA DA GAUR EGUN ARTE GALERIA ASKOK DUTEN APUSTUA"

COVID-19ak zertan aldatu du erakusketak egiteko modua?

Azken urteetan, orokorrean, ez da lehen beste jende hurbiltzen aretoetara eta galeria asko itxi egin behar izan dituzte. Galerista guztiek diote betirako aldatu dela egoera, eta erakusketa birtualak egitea da orain galeria gehienen apustua.

Artista baten ikuspegitik irtenbide aproposa da hori?

Erakusketa birtualek aretoetara hurbiltzeko bidea zabaltzen dute, baina, nire ustez, obrak ez badira ukitzen balioa galtzen dute, ez dakizu ze pisu duen, materiala ukitzearen sentsaziorik ez duzu... Egoera tristea da.

Enkargu pribatu asko jasotzen dituzu; nondik azkenak?

Otsailean jarri nuen Malagako enpresa baten ate itxura duen obra handi bat, COVID-19aren eraginez inauguratu barik dagoena; eta datorren astean Madrilen beste bat jartzeko asmoa dut. Frantziatik iturri bat duen eskultura bat egiteko eskatu zidaten, eta horrekin ari naiz.

Bartzelonako Victor Lope Arte Garaikidea galerian dauden Arrasateko artistaren obra batzuk. Argazkia: I. A.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak