Morea zilarrezko bilakatu da

Xabier Urtzelai 2020ko eka. 30a, 17:05

MU EBA mailako multzoko liderra zen COVID-19ak sortutako geldialdia iritsi aurretik, eta astean, Espainiako Federazioak mailaz igoko diren sei talderen arteko zerrendan sartu du; zuzendaritza hori gauzatzeko ahalegina egiten dabil.

Hainbat astez itxaroten egon eta gero, ofiziala da: alarma egoera ezarri aurretik, martxoaren 8ko sailkapenaren arabera, EBA kategoriako A multzoan lider zegoen MUk zilarrezko LEB mailarako txartela lortu du. Ez da bide erraza izan, eta zalantzak egon dira tartean. Izan ere, A multzoan bi azpimultzo zeuden, eta azpimultzo horietako liderrak ziren Salamancako Aquimisa Carbajosa –A-A multzoa– eta Mondragon Unibertsitatea –A-B multzoa– egoera berean zeuden, eta, hasiera batean, bakarrarendako txartela. Hala, Espainiako Federazioak errazena egin zuen, Iparreko federazioen esku utzi zuen erabakia, eta bueltan, hauek eskakizuna egin zioten Espainiakoari, bi taldeek merezi zutela mailaz igotzea. Bada, bi aste geroago etorri da erabakia, eta bi talde horiek lortu dute Zilarrezko LEB mailarako txartela, eta baita beste hauek ere: NCS Alcobendas, Ibersol CB Tarragona, CAM Enrique Soler eta Hero Jairis.

Orain, bulegoetako lana dator

Behin albistea ofizial eginda, Ointxe!-ko zuzendaritza taldea lanean hasi da, eta erlojupean egin beharreko lana da, gainera, ekainaren 30a baino lehen eman behar dute-eta erantzuna. Egia da, baita ere, hainbat hartu-eman aurreratuta dituztela, zuzendaritza taldeko kide Jose Mari Balzategik duela pare bat hilabete GOIENAri aurreratu moduan. Balzategik orduan aitortu zuen aukera guztiak ondo aztertu gura zituztela, baina ez dutela mailaz igotzearren burua galduko, ez dutela klubaren harrobia hipotekatuko. Eta Oihane Agirre Ointxe!-ko zuzendariak ere Balzategiren adierazpenak berretsi ditu: "Mailaz igotzea ez da erraza izango, badakigu Zilarrezko LEB mailara igotzeko baliabide gehiago behar ditugula, eta baldintzak ere asko zorrozten direla. Baina jokalariek kantxan egindako esfortzuari esker lortu dute mailaz igotzea, eta orain, zuzendaritzakooi dagokigu ahalegina egitea. Arrasateko Udalarekin hartu-emanetan gaude, baita Diputazioarekin, Kirolgirekin eta bestelako babesleekin ere, eta mailaz igotzea posible ote den ondo aztertu behar dugu".

Ez ditu baldintzak betetzen

Gaur-gaurkoz, Ointxe! klubak ez ditu Zilarrezko LEB mailara igotzeko baldintzak betetzen. Hasteko, jokalekutik, Iturripetik: "Kategoria horretako zoruek egurrezkoak behar dute, eta saskiek eta markagailuak ere ezaugarri konkretuak izan behar dituzte. Hala, Arrasatek ez du baldintza horiek betetzen dituen kantxarik, eta, bestalde, etxetik kanporako partiduak jokatzera joateko askoz ere urrunago joan beharko genuke. Horregatik diot ez dela erraza izango, baina aukera guztiak aztertzeko saiakera egin beharra dago".

Jose mari Balzategi: "Bailara osoaren lorpena"

Zuzendaritzako kide Jose Mari Balzategik garbi du lorpen hau harrobiarekin egindako lanaren aitortza dela: "Lehenago ere kluba egon izan da maila oso altuan, esaterako, profesionalismotik oso gertu zegoen orduko EBA kategorian jokatu genuenean. Baina taldeak orain lortu duenak sekulako balioa du, eta uste dut ez dela Arrasatera bakarrik mugatu behar, Debagoieneko ikuspuntutik baloratu behar dela lorpen hau, eta zorion mezua bailara osora zabaldu behar dugu".

Hala, Balanzategik uste du erronka ez dela bakarrik Ointxe!- rena edo Arrasateko herriarena izan behar: "Egun, bailara mailako proiektua da Ointxe! Noski, Arrasateko Udalari babesa eskatu behar diogu, baina gurako nuke beste udalak ere proiektura batzea. Eta Gipuzkoa mailan ere Diputazioaren eta Kirolgiren bultzada behar dugu".

Iñaki Ogara: "Harrobiko lanaren emaitza"

Iñaki Ogara entrenatzaileak, berriz, harrobian jarri du fokua: "Ez da talde konkretu baten lorpena izan, klub osoaren lorpena izan da. Ointxe!-n nortasun berezi batekin jarraitzen dugu saskibaloia, bizitza filosofia baten modura, eta hori kantxan islatu egiten da. Hala, gure lehenengo taldea harrobiaren isla da, eta pozik gaude bereziki ikusi dugulako aurten zale asko gerturatu dela Iturripera; hori da benetako saria".

Ander Garay: "Ohorea da Arrasaterendako"

Arrasateko Kirol zinegotzi Ander Garayk, berriz, "ohore" berba erabili du lortutakoak eragiten duen sentsazioa definitzeko: "Arrasatekoa moduko talde batek, Arrasateko jokalariekin, saskibaloiko hirugarren mailara salto egin ahal izatea pozteko moduko kontua da. Hala, herriaren izena Euskal Herritik harago, estatu mailan ere zabaltzea dakar". Udalak saskibaloi klubari eskaini diezaiokeen babesaren gainean ere jardun du Garayk: "Duela hilabete eta erdi inguru hasi ginen Ointxe!- rekin hartu-emanetan; izan ere, bagenekien egoera honetara iritsi gintezkeela, eta lanak aurreratzen hasi ginen. Batetik, egia da egoera gogorra bizitzen ari garela, baina gu klubaren ondoan gaude. Kategoria horretan jokatzeak zorroztasun maila handia dakar, salto oso handia dago maila batetik bestera eta neurri oso zorrotzak eskatzen dituzte. Baina, aurreratu moduan, gure baliabideen barruan laguntzeko prest gaude, beste kantxa batzuk erabiltzeko ze aukera dagoen... Diputazioari laguntza batera eskatzeko... Gu prest gaude".

Gorka Zurutuza: "Ondo jokatuta, gainera"

Urte askoan izan da Gorka Zurutuza Ointxe!ko kirol zuzendari, eta irailetik dabil taldearen jokoarekin gozatzen: "Euskal Kopa bigarren urtez irabazi zuten irailean, eta hor hasi zen dena. Urte oso ona izan da, bereziki etxean, eta emaitza onak lortzearekin batera kantxan ondo jokatu dute, Iturripera gerturatu garenok gozatu ederra hartu dugu. Zorionak denei, ea datorren urtean ametsak jarraitzerik duen". 

Jon Basurko: "Igo, baldintza egokietan"  

Ointxe!-ko presidente ohi Jon Basurkok zorion mezua bidaliz hasi du berriketaldia: "Orain, zuzendaritzaren txanda da. Erronka oso polita da, eta izan daiteke urtebeteko esperientzia moduan, edo proiektua bertan egokitzeko helburuaz, baina horrek oinarriak indartzea ekarri beharko luke, bailara osoaren bultzada behar da. Izan ere, jakinekoa da mailaz igotzeko ze esfortzu egin beharko duten denek. Baina igotzekotan baldintza egokietan izan beharko litzateke, elkarteko kide guztiendako oinaze eta sufrimenduz betetako urte ez bilakatzeko".

Hala, gogoeta batekin amaitu du: "Ointxe!-k badu altxor bat, urte askotako lanaren ondoren sortutako harrobia. Baina kartekin osatzen den gaztelua modukoa da, kosta egiten da eraikitzea, eta gutxi behar da dena botatzeko. Horregatik ibili behar da kontuz. Baina, beste aldetik, edozein elkartek bizirauteko proiektu berriak behar ditu, ilusio berriak, suspergarriak izango direnak. Horrenbestez, zuzendaritzak hartzen duen erabakiaren aurrean nire babes osoa izango dute".

Irene Murua: "Erreferente dira gazteendako"

Irene Murua jokalaria da Ointxe!-ko harrobiko harribitxietako bat, eta datorren denboraldian AEBetatik jarraituko du klub zuri-morea, abuztuan abiatuko da-eta Louisiana Tech taldean jokatzera: "Lehenengoz jokalariak eta kluba bera zoriondu nahiko nituzke, oso albiste pozgarria jaso dugulako. Uste dut Arrasate moduko herri batendako oso garrantzitsua dela etxeko taldea halako maila batean jokatzen ikustea, eta, bereziki, maila oso oneko saskibaloiaz gozatu ahal izango dugulako bertan. Harrobian egiten dabiltzan lan onaren isla da hau".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak