Negozioetarako gaitasun berezia zuen futbolaria

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 3a, 16:51

Paco Armengou 'Mondragon'. Argazkia: Hots Begi Danbolinak.

1906ko otsailaren 2an jaio zen Paco Armengou, Arrasaten, eta herriko futbol taldean lehen urratsak egin ostean, gerora Espainiako hainbat taldetan ere aritu izan zen, Mondragon ezizenarekin; era berean, negozio gizona ere izan zen, enbaxadore.

Arrasateko taldean hasi zuen bere futbol jokalari ibilbidea, baina, soldadutzagatik, Galiziara joan behar izan zuen, eta Ferrolgo Racing taldeak fitxatu zuen. Ondoren, Mediterraneorantz joan zen eta hainbat taldetan jokatu izan zuen: Murtzian, Mulan, Cartagenan, eta abar. Frantzian ere jokatu izan zuen, Bordelen, eta, azkenik, Arrasatera itzuli zen", azaldu du Oscar Armengouk, Sevillan bizi den bilobak.

Real Madrilekin jokatzeko aukera ere izan zuen. "Amerikan bira bat egin zuen Real Madrileko elastikoa jantzita. Titular moduan ondo geratzen da hori, baina, egiari zor, ez zuen lehen taldearekin jokatu. Bira horiek jokalariak aukeratzeko bakarrik egiten zituen Madrilgo taldeak", nabarmendu du bilobak.

Haren esanetan, jokalari indartsua zen, eta oso malgua. "Gomazko gizona zela ere esaten zioten. Pentsa, salto batean oinarekin langa ukitzen zuen. Atleta zen, eta teknikoki ere ondo moldatzen zen. Zelai erdian jokatzen zuen". Halere, ez zuen arrakasta handirik lortzerik izan Lehen Mailan. "Oso gizon konprometitua zen, eta jokatzen zuen taldeekin lotura handia hartzen zuen, maila pertsonalean. Adibide bat jartzearren, Mula taldean, jokalari izateaz gain, taldea ere entrenatu izan zuen".

Armengou, Mondrarekin. Ezkerretik hasita, laugarrena. Argazkia: Hots Begi Danbolinak.

Mondragon-ek Arrasaten hasi zuen futbol ibilbidea –argazkia Maalan da, lehen urteetan–. Bilobak dio azken urteak ere Arrasateko taldean egin zituela.

Ibilbidea bukatzean, Sevillara

"Oso gizon dotorea" zen, "dibertigarria, sinpatikoa eta irekia". Era berean, langilea ere bazen, ekintzailea, eta Arrasateren esentzia berarekin eramaten zuen alde guztietara, Mondragon ezizenez baitzen ezaguna.

Futbol ibilbidea bukatu ostean, Sevillara joan zen bizitzera. "Burdindegi bat zeukan han, eta euskal enpresekin lan egiten zuen, besteak beste, Arrasateko sarrailagileen ordezkari edo enbaxadore. Espainia mailan zituen negozioak, eta Marokora ere esportatu izan zuen materiala", dio bilobak.

Gazte hil zen, minbiziarekin

1955. urtean, 49 urte zituela, Sevillan hil zen, minbiziak jota. "Nire aitak 18 zituen orduan. Ikasketak utzi behar izan zituen, eta nire aitonaren hainbat bezerorengana jo, laguntza eske. Bezero horiek oso harreman ona zuten aitonarekin, eta, beraz, asko lagundu zioten nire aitari ere. Horien artean, Arrasateko Union Cerrajera zegoen".

Familiak, Sevillan bizi arren, Arrasaterekiko harremana mantentzen du. "Guk Arrasaterekin harremana izaten jarraitzen dugu oraindik. Nire aitak aitonaren negozioari jarraipena eman zion Euskal Herriko ordezkariekin harremanetan, eta nik ere jarraitu dut. Hala ere, ni siderurgia arloko negozioetan zentratzen naiz orain, Oñatik Chinchurreta enpresan batez ere. Beraz, urtean pare bat aldiz joaten naiz Oñatira eta Arrasatera joateko ere aprobetxatzen dut. Egia esan, oso harro nago Euskal Herriko jatorria izateaz, eta Euskal Herriarekiko harremana mantentzen saiatzen naiz. Lurralde ederra da".

Jose Mari Velez de Mendizabal historialariaren Hots Begi Danbolinak blogean zabal jasota dago Paco Armengou Mondragon-en bizitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak