Gerra garaiko iheslari arrasatearren zerrenda osatuz doa Intxorta 1937 kultur Elkartea

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 3a, 10:45

Elena eta Trini Zabalo ahizpak, lehenengo lerroan eskuman lehenak.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak 500 iheslari arrasatear identifikatzea lortu du jada, baina deialdia zabaldu gura du, "zerrenda osatzen joateko". Bestalde, urriaren 4an, gerrako haurrak omenduko dituzte Elgetan, osasun egoerak ahalbidetzen badu.

Duela urte eta erdi aurkeztu zuen kultura elkarteak Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-1956. Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa liburua. "Horren harira, irakurle batek galdegin zigun ea bagenekien zer gertatu zen, Nicolas Uriarte alkateak emandako datuen arabera, frankismoarengandik ihesi euren etxeak utzi behar izan zituzten 2.000 herritar haiekin", azaldu du Juan Ramon Garai elkarteko kideak. Eta hariari tiraka hasi ziren. "Jakin bagenekien 500dik gora batailoietara joan zirela borrokara eta hauetatik 107 gerra ekintzetan hil zirela. Beste 300 atxilotu egin zituzten eta urte luzeak eman zituzten espetxean edo esklabo lanak egiten. Azkenik, 55, Frantziara ihes egitea lortu ondoren, Kataluniara itzuli ziren borrokatzera, eta han atxilotu eta Gurs edo Olorongo kontzentrazio-eremuetara eraman zituzten", nabarmendu du elkarteko kideak.

Pertsona zibilen zerrenda

Orain arte, miliziano eta gudari ibili zirenak bakarrik zituzten identifikatuta, Garaik azaldu duenez, baina orain, erbestera ihes egin zuten pertsona zibilen zerrenda osatzen hasi dira. "Dagoeneko 500 ditugu identifikatuta. Herritarrak deika ari zaizkigu, senide edo ingurukoak zerrendan ez daudela esanez, eta informazioa osatzen goaz. Garai hartako argazki batzuk ere jasotzen ari gara".

Herritarrei laguntza eske

Identifikatuta dituzten 500 herritarrek, halabeharrez, erbestera egin behar izan zuten ihes: Frantziara, Kataluniara, Belgikara, Ingalaterrara, Argentinara, Txilera eta Errusiara, esaterako. "Haur batzuek euren familiekin batera egin zuten ihes. Beste batzuek, ordea, bakarrik joan behar izan zuten erbestera eta horrek euren senideei buruz denbora luzez ezer ez jakitea ekarri zien". Hala, 0 eta 17 urte bitarteko 280 adin txikiko zenbatu dituzte eta horietatik 38 erbestean jaioak dira. Hala ere, batzuk identifikatu gabe dituzte oraindik. "Daukagun informazioa da, esaterako, ama bat lau seme-alabekin zegoela, eta adina. Baina ez dugu inon aurkitzen izenik". Beraz, herritarrei laguntza eskatu diete zerrenda osatzen joateko.

Omenaldia, urriaren 4an

Gerrako haurrei omenaldia egiteko asmoa daukate urriaren 4an Elgetan, baina egoerak baldintzatuko du hori ere. "Omendu behar ditugun guztiak adinez nagusiak dira, arrisku taldekoak, eta ikusi egin beharko da urrian zein den egoera", dio Garaik.

Egunari dagokionez, ez da edozelan aukeratutakoa. "1936ko urriaren 4an Molak Elgeta hartzea gura zuen. Baina, lehen porrot nabarmena jaso zuten faxistek Elgetan egun hartan. Hori dela eta, hortik hiru egunera sortu zen lehen Eusko Jaurlaritza eta Elgetako estatutua deiturikoa martxan jarri zen". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak