Momentu berezi konkreturik ez aipatu arren, "orokorrean egoten den giroa" igarriko du-tela faltan diote gehienek, nahiz eta batek baino gehiagok esan errementari dantza ez ospatzeak ematen diela penarik handiena. Horrekin batera, baita kultura ekitaldirik ez egoteak ere.
Batzuek herritik kanpora joateko aprobetxatuko dituzte jaiak, baina askok jaietan daudela gogora ekarriko dien zerbait egitekotan dira, "kuadrillakoekin bazkaria" bada ere. Egoerara egokitutako ekitaldiren bat edo beste ere antolatu dute eragileek.
Danborrada antolatzen du urtero SUDCek eta aurten ere joko dute, denbora gutxiz bada ere, 23an plazan egingo den ekitaldian. Zeuk iñ zeuk janegitasmoan ere parte hartzen du Juan Luis Arkauzek kuadrillakoekin. Jaiak disfrutatzeko egunak direla uste du, eta pena du aurten ez dagoelako jairik.
Bezperako salbean eta errekortadoreen saioan egon ohi dira Goikobaluko kideak urtero. Baita Eusko Labeleko pintxo banaketan ere. Aurten, bezperako ekitaldi sinbolikoan parte hartuko dute. "Egunez ez da musikarik, girorik, egongo kaleetan, eta pena ematen dit, faltan igarriko dut", dio abesbatzako kide den Izaskun Balanzategik.
Erdigunean bizi dira ArtGazki-ko Anibal Carmona eta etxekoak, eta ekitaldi askotan parte hartzeko ohitura dute. Aurtengo ekitaldi txikia etxetik ikusiko dute eta jaiak kanpoan pasako dituzte, ziurrenik. "Argazkiak ateratzea, plazako musika eta kuadrillakoekin poteatzea igarriko dut faltan!".
Lelo lehiaketa eta bertso saioa antolatzen edo AEK-rekin batera Dragoi Jana prestatzen ibili ohi da, besteak beste, AED. Aurten, kide bakoitzak bere planak egingo ditu. "Udalaren jarrera itxia izan da. Bertso saioa berme guztiekin egiteko aukera ikusten genuen, baina ez da borondaterik egon", diote.
"Kale animazioa eta kontzertuak" izaten dira, gehienbat, gaiteroen lana jaietan. Aurtengo ekitaldian parte hartuko dute eta Karruena kuadrillarekin zerbait egingo dutela ziur da Enrike Dolara. "Umeendako erraldoiak ez dira egongo, eta herriko kultura ez kaleratzeak goibeldu egingo du kaleko giroa".
1947a ezkero datoz Sanz Atrakzioak sanjuanetara scalextric-arekin. Aurtengo egoera ezberdina da, martxoa ezkero daude lanik gabe, eta atrakzioak konpontzen eta txukuntzen dihardute berriz herriz herri ibiltzeko. "Umeek ematen didate pena handien, oraindik helduek baino muga gehiago dituzte", dio enpresako kide den Maria Garmendiak.
Bizpahiru ekitalditan hartzen du parte, normalean, Lore Gazteak dantza taldeak, baina aurtengo jaiak "tristeak" izango direla uste du taldeko Iñaki Barrutiak. Faltan igarriko du errementari dantza: "Uste dut herritar askori gustatzen zaion ekitaldia dela, eta pena ematen dit ez egiteak".
Txalaparta hotsak entzun ohi dira errementari dantzaren hasieran. Aurtengoa ezohikoa izango da eta jairik ez da egongo, eta urteroko ekitaldi asko ez direlako egingo pena du TTakun Txalaparta elkarteko Kike Dapenak: "Baina jendeak badu gogoa ateratzeko, eta uste dut jai giro hori, modu batera edo bestera, nabarituko dela kaleetan".
Ekitaldi askotan hartzen dute parte Arrasateko txistulariek. Aurtengoan ere han izango dira, eta eurek beste zerbait antolatzeko asmoa ere badute, euren jardunaren "mugarri nagusia" dira-eta jaiak. "Une berezi bat baino, giro orokorra izango da faltan botako duguna", dio txistulari taldeko Igor Herrartek.
"Jai eredu alternatibo bat" eskaintzen die Txosna Batzordeak herritarrei urtero. "Aurtengo jaiak bereziak dira eta alternatiba desberdinak aurrera ateratzen saiatu garen, Udalak ez digu utzi. Umorez jokatuko dugu. Pena ematen digu aurten ezingo dugula asko eskaini, eta hemengo giro polita botako dugu faltan", azaldu dute.
Arrasate Musikalen presentzia "esanguratsua" izaten da jaietan eta aurtengo jaiak "historikoak" izango direla diote: herrian jendea eta kultura ekitaldirik ez. Emanaldi horiek ez egoteak ematen dio pena bertako kide den Edorta Aiasturi, "San Juan kontzertua ezin eskaintzea", bereziki.