Makalaren igoerarik gabeko bezpera eguna

Aitor Agiriano Arrese 2020ko eka. 22a, 17:23

Arrasateko gazteak iaz makala jasotzen. Argazkia: Goiena

Solstizioari lotutako festa egunak kolore tristea izango du aurten, ohitura den tradizioak kale egingo du-eta San Juan bezpera egunean. Hala, herriko gazteek ez dute plazaren erdian jaietako ikur den makalaren igoerarik egingo.

Urteko egunik luzeena da San Juan bezpera eguna, sua piztu eta txarrak bertara botata ospatu ohi da egun hori. Aurten, ezohiko moduan bada ere, mundu osoko eta Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan ospatuko da kristautasuna ezarri baino lehenagoko udako solstizioari lotutako festa eguna.

Gau horri lotuta dauden ohitura eta sinismenak mendeetan zehar mantendu dira Euskal Herrian: baserri zein etxeetako sarrera zein balkoietan, lizar edo haritz adarrak jartzen ziren, etxea babestuta mantentzeko asmoz. Eta, horretaz gain, ezagunago dugun herriko plazan landare bat landatzeko ohitura ere bada nekazariendako adierazgarri den ekintza.

Hala, tradizio horri eutsiz, kolore biziz janzten dute San Juan bezpera eguna Arrasateko gazteek: jaiei hasiera emateko, makalaren igoera egiten dute urtero.

Aurten, baina, ez da kolore biziko olaturik egongo kaleetan barrena, bizitzen ari garen ezohiko egoerak ekarriko du-eta, azken urte hauetan guztietan ez bezala, Herriko Plazan protagonista izaten den San Jaun arbolarik ez egotea.

Tradizioa eta erronka

Hasieran, garabiak igotzen zuen makala bezpera egunez. Orain 38-40 urte dela, baina, Jose Luis Etxeberria Porru-k erronka bota zien bere lankide eta gertukoei: "Aretxabaletan eskuz igotzen dute, eta guk ez dugu horretarako potrorik edo? Zergatik ez?". Horrela bueltatu ziren arrasatearrak eskuz makalaren igoera egiteko ohitura berreskuratzera: "Erronka horri aurre hartu eta, nahi izanez gero, lankideek eskuz igoera egin ahal izateko antolatze lanak egiteko eskatu zidaten. Eta, hala izan zen. Anaia, gertukoak, lagunak... taldetxo bat batu ginen eta ekimena gauzatzeko beharrezkoak martxan jarri genituen", dio plazaren erdigunean makalaren altxatzea hainbat urtez gidatu duen Porru-k.

Ez da egun bakarreko kontua, hilabete lehenago hasi ohi dira makalaren igoera egin ahal izateko prestatze lanak. Lehen pausoa makalaren hautaketa egitea da. Hala, azken 30 urteetan, Elorregi inguruko lurretan bilaketa lanak eginda hartu izan dute plazan igoera egiteko txopoa. Azken aldietan, berriz, ez dute erraza izan aproposa den txopoa bertan bilatzea, altuera dela, duen forma... eta inguruko beste leku batzuetara jo behar izan dute txopo edo gaur egun igoera egiterakoan erabiltzen den zuhaitz mota aproposaren bila. Ez baita urtero txopoa igo.

Hordagotik igoera eskuz egitera bueltatu ziren sasoian, adin nagusiagoko arrasatearrek gauzatzen zuten makalaren altxatzea. Urteak pasa ahala, baina, bilakaera jasan du horrek eta herriko gazteek hartu dute jaietako ikur den bezperako igoera egitearen ardura: "Gazteak dira sanjuanen etorkizuna eta hori irudikatzen du makalaren igoerak", dio Ana Ugalde historialariak. Hala, batxilergoko bigarren mailan diharduten herriko gazteek izaten dute bezpera eguneko herri bazkaria antolatu eta makalaren igoera egiteko ardura. Hori bai, betiere, udaltzain taldeko kide baten laguntza alboan dutela.

Gora eta behera

Ez da beti lehenengoan tinko zutik jarri makala. Hainbat ezusteko bizi izan dituzte mondragoetarrek.

Atzera begirada eginda, 2014. urtean, adibidez, kiosko aldera erori zen makala, eta, eroriko haren ondorioz, mokorra apurtu zuen herritar batek. Beste urte batean, udaletxe aldera erori zen, eta agintaldi hartako zinegotzi batek gertutik igarri zuen, aurpegian, zuhaitzaren arrama.

Behin baino gehiagotan utzi izan ditu ikusleak tentsio eta arnasarik hartu gabe segundo batzuez makalak. Eta horietako une bat da plazan dagoen Kajoi tabernaren aldera erori zen urtean herritarrek bizi izan zuten unea. Aldi hartan "txiripaz" libratu zela dio Jose Luis Etxeberria Porru-k, herriko udaltzain buru izandakoak, bertan ikusle moduan karro batekin zegoen emakumea.

Makalak gora edo behera egingo duen jakiteko, datorren urtera arte itxaron beharko da, oraingoz.

Ospatzeko, bi ekitaldi

Jaiak bertan behera gelditu diren honetan, egoerara moldatu eta aurten ez dute herriko gazteek jaiei hasiera emateko egiten duten herri bazkaririk egingo; Ezta ohitura den jaietako kamisetarik aterako ere, eta hain ezaguna den txopo-poteorik ere ez da izango kaleetan barrena txaranga doinuez lagunduta.

Hala eta guztiz ere, San Juan jaiak kolorez zipriztintzeko bi ekimen prestatu dituzte txosna batzordeko kideek: alde batetik, jaiei hasiera emateko, San Juan bezpera egunean urtero egiten duten pregoiaren irakurketa eta txupinazoa botako dute. Ekainaren 23an izango da hori, martitzena, 12:00etan, Santa Barbara parkean.

Eta, bestetik, urteroko hitzordua ere izaten den manifestazioa egingo dute. Orokorrean, ekainaren 25ean egin izan dute. Aurten, baina, ekainaren 26an, egubakoitza, egingo dute Sarek deitutako manifestazio deialdiarekin bat eginda.

Makalik ezean, "pena"

Hainbat protagonista penatuta agertu dira makalaren igoerarik ez delako izango aurten.

Jose Luis Etxeberria Porru 

"Pena handia ematen dit aurten ez delako makalaren igoerarik egingo. San Jaun jaietako ikur berezi eta garrantzitsua da niretzako. Batez ere, igoera egin aurreko hilabetean egiten genituen prestatze lanak. Bezpera, egun handia dena, berriz, egun txarrena izaten zen niretzako. Eguerdian hasi eta igoera egin artean urduritasuna zen nagusi nire barruan. Hasierako urteetan folklore ekitaldi handi bezala ospatzen zen eta ez zen batere erraza gazteak gidatzea. Azken urteetan, baina, zintzo eta arduratsu jokatu dute".

Libe Argoitia

"Ikusle moduan bizi izan dut makalaren igoera gertutik, plazan. Ezustekoren bat edo besteren lekuko ere izan naiz orain urte batzuk Kajoi taberna aldera erori zenean. Azken bi urteetan igoeran parte hartu dut lagunekin, eta pena handien ematen didana da aurten igoera egin ezin izanak. Egingo balitz, guri tokatuko litzaiguke-eta herri bazkaria antolatu eta makalaren igoera egitea. Beste modu batean ospatuko ditugu festa egunak: Santa Barbara parkean egingo den txupinazoan izango gara lagunak, eta kuadrillako bazkaria egingo dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak