COVID-19ak ez du San Juan jaien sua itzaliko

Xabi Gorostidi 2020ko eka. 19a, 15:00

Udalak eta kultur eragileek ekitaldi sinbolikoa lotu dute San Juan bezperarako, eta,  besteak beste, sua piztuko dute Plazan. Txosna batzordeak pregoia botako du, 25ean Eguzkilaruk kalejira egingo du eta 26rako presoen aldeko manifestazioa deitu du Sarek.

San Juan suak ahalmen berezi bat badu: gauza txarrak sutara botaz gero horiek ahazteko eta gauza positiboetan zentratzeko gaitasuna, hain zuzen ere. Gazteek ez dituzte eskolako apunteak sutara alferrik botatzen.

2020a nolakoa izaten ari den ikusita badago zer erre; nahi baino gehiago, akaso: gaixotasunaren erruz hil direnak, horiek behar bezala agurtu ezinik geratu direnak, hilabeteetako itxialdia etxean, orain arte izandako askatasuna kolpetik mugatzea, kaleratzeak, aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteak,  selektibitatea prestatzeko gorriak pasa dituzten ikasleak, diru-sarrerak etenda hilabeteak pasa dituzten dendariak... Zerrenda luzea, ezbairik gabe.

Gauza onak ere ekarri ditu, eta komeni da horiek aipatzea, nola ez: ospitaleetako langileek egin duten lan ordainezina, giroa alaitzeko ezer ez zegoen tokitik sortu diren festak eta dinamikak, 20:00etako txaloak, auzotarren artean artista ugari daudela ezagutzea,  besteek erabiltzeko maskarak egitea eta halako ekimenak, eta, batez ere, orain arte balio handirik izan ez duten eguneroko gauzak zein garrantzitsuak diren jabetzea, besteak beste.

Betiko jairik gabe

Arrasateko Udalak maiatzaren 20an iragarri zuen, ofizialki, San Juan jaiak ez zirela "beti ezagutu ditugun moduan" ospatuko. Ez kontzerturik,  ez haurrentzako puzgarririk, ez erretiratuei omenaldirik, ez txosnarik, ez zezen-plazarik, ez su artifizialik,  ezta makal altxatzerik...

Txosna batzordeak apirilaren 30ean iragarri zuen jaiak antolatzeko aukera baztertzen zuela, eta denbora kontua zen Udalak antzerako urratsa iragartzearena. Udalak, hala ere, atea irekita utzi zuen oharrean, ekitaldi sinboliko bat egiteko; betiere, herriko jaietan parte hartzen duten eragileekin elkarlanean landuta.

"Arrasateko Udalak, udal talde politiko guztien onespenarekin eta Kultura Batzordearen proposamenez, San Juan jaiak bertan behera uztea erabaki du; hala ere, jaiak irudikatzeko ekintza sinbolikoren bat egitea ez da baztertu. Udal ordezkariak jaien antolaketan parte hartzen duten eragileekin elkartu dira erabakia partekatzeko eta, jaiak irudikatzeko ekintzaren bat egiteko eragileen ideia eta proposamenak entzuteko".

Ekintza sinbolikoaren osagaiak

Jaietako eragile antolatzaileek eta Udalak hitza bete dute, eta jai sinboliko bat lotu San Juan bezperako gau parterako. Herriko Plazan egingo dute, ekainaren 23ko jaiaren epizentroan, eta segurtasun arrazoiengatik ezin izango da publikorik bertaratu. Goiena telebistak zuzen-zuzenean emitituko du ekitaldia, hasi eta buka. Norbere etxeko telebistan edo mugikorrean ikusteaz gain, herriko tabernetako telebistetan ere ikusteko aukera izango da. Ordubeteko ekitaldia izango da, eta herriko zortzi eragilek hartuko dute parte. Horietako bakoitzak 5 minutu inguruko saioa egingo du, gutxi gorabehera.

Herriko zortzi kultur taldek hartuko dute parte 23 gaueko ekintza sinbolikoan

Txalaparta jotzearekin hasiko da ekitaldia, 22:30ean. Handik bost minutura, sua piztuko du dragoiak, urteroko hitzorduari muzin egin gabe, eta, 22:40an, San Juan zortzikoa dantzatuko  dute Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaitz taldeetako dantzari trebeek.  Dantzen ostean, bertsoen txanda izango da. Hala, 22:45ean, Ane Zuazubiskar bertsolari arrasatearra oholtzara igoko da, errima zorrotzekin herritarrak goxatzera, eta 22:50ean, txistulariek hartuko diote lekukoa. 22:55ean, herriko trikiti eskolako musikariak agertuko dira Plazako oholtzan, eta erlojuak 23:00ak jotzerakoan, aldiz, gaiteroak. Musakolako jaietan kalejirarik egin gabe geratu ostean, ziur gogotsu arituko direla azken

hauek. Handik bost minutura, 23:05ean, danborradako Gora Arrasate doinua entzungo da eta horrek irain bitartean danborradako kideak egongo dira Plazaren erdian. 23:10ean, San Juan ereserkia eskainiko dute eta ikurrinaren igotzea izango da, Goikobalu abesbatzako kideak udaletxeko balkoian izango direla. Iaz, elkarteak eta bertako abesbatza txikiak 30 eta 25 urte bete zituzten, hurrenez hurren.

Txosna batzordearen pregoia

Bertako partaideak ez dira geldi geratzen diren horietakoak, eta, urtero legez, pregoia irakurriz eta txupinazoa botatzen hasiko dituzte jaiak:

"Jaiei hasiera ematen dien txupinazoa eta pregoia izango ditugu 23 goizean. Jaiak ohi bezala ospatu ezinak ez du esan nahi giro berezia eman ezin diegunik egun horiei; beraz, guk ere, urtero bezala, pregoiarekin hasiko ditugu jaiak. Aurten txosnagunerik egongo ez denez, Santa Barbaran izango dugu hitzordua, eguerdiko hamabietan. Lagun zein senitartekoekin bertaratzeko gonbidapena egiten dizuegu. Azkenik, segurtasun eta babes neurriek baimentzen duten neurrian, jaiak ospatzera eta jaiez gozatzera bultzatu nahi ditugu arrasatearrak. Txosnagunerik gabeko urtea izango den arren, ez dadila aitzakia izan egun hauetan zerbait berezia ez egiteko".

Presoen manifestazioa, 26an

Aurreko urteetan 25ean egin arren, aurten 26rako deitu du Arrasateko Sarek; 19:00etan abiatuko da, Seber Altube plazatik. Txosna Batzordeak bat egin du deialdiarekin: "Josuren eta Unairen etxeratzea eskatzeko egin izan dugu urtez urte; eta aurten ere ez gara isilik geratuko. Unairi eta Josuri gure babesa helaraztea inoiz baino beharrezkoagoa izango da eta".

Eguzkilaruren kalejira, 25ean

Urterik urte haurren eguna izan da ekainaren 25a, eta Txatxilipurdik ekintza sinbolikoa egin nahi izan du, haur eta gazteek zer gozatu izan dezaten. "Eguzkilaru Arrasateko kaleetan zehar ibiliko da, eta auzoz auzo pasatuko da txatxilitar guztiokin batera eta haur eta nerabeei jai giroko poza ematera; eta Eguzkilaru pasatzean haurrak eta familiak mozorrotzera gonbidatuko ditugu", azaldu dute. Kalejira 11:00etan hasiko da, Musakolan.

Bi meza

Viktoriano Etxabe apaizak esan du bi elizkizun egingo direla: 23an, salbea, 19:00etan; eta 24an, 12:00etan, meza nagusia.

Bertso saioa

AEDk bertso saio bat egin  nahi izan du, baina Udalaren oniritzi faltagatik uztailean egitea aztertzen ari dira.

Goiena telebistan lau saio

Bergarako jaietan eta Oñatiko corpusetan egin bezala, Goiena telebistak saio bereziak prestatu ditu San Juan jaiekin lotuta. Aurtengoak ezohikoak izango dira; ekintza klasikoetako asko faltan igarriko dituzte herritarrek. San Juan jaien gosea asetzeko gogoz dauden horiek adi egon daitezela, Goiena telebistak lau saio berezi eskainiko ditu eta. Lehena, gaur emitituko den Hala Bazan saioa izango da. 90eko hamarkadetako irudi paregabeak eskaintzen dituen programak duela hiru hamarkadako jaiak nolakoak ziren erakutsiko du, bi saioren bidez: lehena gaur, 21:00etan, eta bigarrena ekainaren 25ean, 21:30ean.

Aurretik esan bezala, ekainaren 23ko ekintza sinbolikoa zuzen-zuzenean emitituko du Goiena telebistak, 22:30ean. Saioa, ordea, ordubete lehenago hasiko da, 21:30ean. Miren Arregi kazetariak aurkeztutako saiora San Juan jaien bueltan protagonista izan ohi direnak gonbidatu ditu GOIENAk, eta, besteak beste, Danborradako patroi Eva Romero arituko da esatari.

Lauko zerrenda osatzeko falta den saioa San Juan egunean izango da. Aurten, Arrasate Musikalek ez du urteroko kontzertua egingo. Hala, 13:00etan, Arrasate Musikalek 2016ko jaietan Monterronen eskainitako kontzertua ikusi ahalko da, non, besteak beste, RIP talde arrasatearraren doinuak jo zituzten.

Telebistako saioen ordutegiak

Hauek dira San Juan jaiekin lotuta Goiena telebistak eskainiko dituen saioen ordutegiak.

Ekainak 19, barikua

  • • 21:00 Hala Bazan saio berezia, 90eko hamarkadako San Juan jaiei buruz.

Ekainak 23, martitzena

  • • 21:30 San Juan jaietako protagonistekin ordubeteko saioa.
  • • 22:30 Kultur taldeek eta Udalak antolatutako ekitaldi sinbolikoa, zuzen-zuzenean.

Ekainak 24, eguaztena

  • • 13:00 2016. urtean Arrasate Musikaleko kideek Monterronen egindako kontzertua, non, besteak beste, RIP taldearen kantak moldatu zituzten.

Ekainak 25, eguena

  • • 21:30 Hala Bazan saio berezia, 90eko hamarkadako San Juan jaiei buruz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak