San Juan jairik ez da egongo aurten; ez, orain arte ezagutu diren modura, behintzat. Eta, hortaz, festa horiek iragartzeko kartelik ere ez da izango. San Juan jaiak eta egitaraua ezagu-tzera emateko ezinbesteko material dira baina jai egitaraua, kartelak, zapiak eta pegatinak, eta azken urteetan, hain zuzen, Arrasateko jaiak ilustratzeko irudia aukeratzeko lehiaketa antolatu du Udaleko Kultura Sailak.
Azken bi urteetan garaile irten diren artista arrasatearrak bat etorri dira eta San Juan jaiak iragartzeko kartela egitea "ohorea" izan zela aitortu dute, garaile atera ziren hainbat urte-tako zenbait bizipenekin batera. Hain zuzen ere, horiek dira Leire Arregi, 2018ko irabazlea, eta Itsaso Diego, 2019ko diseinuaren egilea. Biek ala biek eskuratu zuten 750 euroko saria garaile irten ziren urte hartako edizioan.
Jaietako elementuak ardatz
Iazko kasuan, hamaika lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta San Juanak goian behean izeneko Itsaso Diego arrasatearraren lana aukeratu zuen epaimahaiak irabazle. Diseinu Grafikoko ikasketak egin ditu arrasatearrak eta orain arte ilustrazioan eta argazkilaritzan aritu da Diego gaztea.
Aurretik ere bazuen esperientzia eta ez zen lehen aldia halako lehiaketa batean parte hartzen zuena: "Kartelak egiteko prozesua oso librea delako gustatzen zait halako lehiaketetan parte hartzea; honek esperimentatzeko eta teknika berriak ikasteko aukera ematen dit". Hala ere, ordutik hona ez du kartel lehiaketetan parte hartu.
Kanpoan zegoela, Txilen, harrapatu zuen Diego epaimahaikideen erabakiak. Aitortu duenez, ama bidali zuen lana aurkeztera ere, eta garaile irten zeneko berria "ezustean" hartu zuela onartu du. Orduan irudikatu nahi zuenaz galdetuta, "ikuspuntu ezberdin bat" eskaini nahi izan zuela aitortu du, aurretik eginda zeuden disei-nuetatik apur bat aldenduz: "Arrasateko San Juan jaiak identifikatzen dituen errementari dantza eta dragoiak pizten duen sua elementu protagonista hartuta, beste urte batzuetan egin denetik aldendu eta esperimentatzea erabaki nuen. Eszena goitik nola ikusiko zatekeen imajinatzen hasi nintzen, dantzariek eramaten dituzten gona eta motiboekin".
Arrasatear izanda, "ohorea"
Arte Ederretan lizentziaduna da eta sorkuntza eta ilustrazioa dira Leire Arregiren espezialitateak. 2018. urtean irten zen kartel lehiaketan garaile; ez zen lehenengo aldia kartelak eta ilustrazioak egiten zituena, baina bai bere lanak lehiaketa ba-tera aurkezten zituena. "Langabezian nengoen orduan eta lehiaketaren berri izan nuenean parte hartzea erabaki nuen" dio. 750 euroko saria, lanerako materiala erosteko erabili zuela aitortu du Arregik.
Egoera hartan, "ustekabean" eta "pozez" hartu zuen irabazle atera zela esan ziotenekoa. Urte hartako oroitzapenak bereziak direla aitortu du: "Ohore handia da zure lana herriko etxeetan eta kalean euskarri ezberdinetan ikustea".
Errementari dantza oinarri
Duela bi urte bete ziren 25 urte errementari dantza egiten hasi zenetik, eta, horren berririk ez bazuen ere, urteurren hark bere alde jokatu zuela aitortu du Arregik: "Arrasateren ikono nagusi den dragoia erabili nahi nuen; hori garbi nuen. Gero, udaletxea, errementari dantza eta San Juan suak dira marrazkian ageri diren beste elementuak". Lanerako ezaugarriei buruz galdetuta, dio lehenengo marrazkia eskuz egin eta, ostean, ordenagailuarekin koloreztatu zuela.
Epaimahaiak 2018. urtean garaile modura aukeratu zuen kartel hartaz gain, beste bat ere aurkeztu zuen Arregik 2018ko San Juan jaietako lehiaketara. Aurretik ere lehiaketetan parte hartutakoa da, baina San Juan jaietan eskuratu zuen lehenengoz saria. Gerora ere, 2019. urtean Emakume egunerako kartelaren diseinua ere egin zuen.
Aurtengoa, berezia
COVID-19 gaitzak eraginda ohiko San Juan jaiak bertan behera geratu diren arren, azken urteetako kartel egileak bat etorri dira eta aitortu dute aurten diseinu bat egin beharko balute ez luketela koronabirusaren gaia islatuko bertan, ezta erreferentziarik egin ere.
Diegok azaldu duenez, jaiak egingo ez direnez, ez da pentsatzen ere jarri nola egingo lukeen diseinua, baina aukera posibleak aztertu ditu: "Ez dut planteatu ere egin, baina jaiak urterik urte ere ez dira askorik aldatzen, eta, hortaz, ohiko elementu hainbat errepikatu egingo liratekeela uste dut: sua, txopoa...". Arregik, aldiz, estilo "elegantea" bilatuko lukeela adierazi du: "Diseinua egiteko, elementuei ukitu klasiko eta elegantea emango nieke, baina koronabirusik gabe".