Jabier Etxagibel: "Zinema-aretoak zabaldu ditugu, baina pelikula berriak falta zaizkigu"

Mireia Bikuña 2020ko eka. 19a, 11:00

Jabier Etxagibel, Florida eta Gorbeia aretoetako gerentea.

Florida eta Gorbeia zinemaaretoak hilaren 12an zabaldu zituzten. Astebete pasa da, eta dagoeneko hasi dira zinemazaleak pelikulak ikustera joaten. Donostiako aretoak hilaren 22an zabalduko dituzte.

Astebete pasata, gustura zaudete zinemazaleen erantzunarekin?

Gustura gaude. Floridako bezeroak zinemazale helduak dira, gehienak 60 urtetik gorakoak, eta horietan ikusi dugu oraindik ere arretaz jokatzen dutela. Ez dakit beldurra den, baina tentuz hasi dira. Dena den, espero genuen %20-30 artean ibiltzea, eta lortu dugu. Aldiz, Gorbeiako publikoa gazteagoa da: familiak, bikoteak, umeak... Han, %50 inguruan ibili gara egunotan.

"URTEA BUKATZERAKO, PUBLIKOAREN %90-95 BERRESKURATU GURAKO GENUKE"

Hainbat astez itxita egon ondoren, ze aurreikuspen dituzue esku artean?

Zenbaki batzuk markatu ditugu. Hasiera honetan, egoera normal batean izango genukeen publikoaren %20-30 artean egon gurako genuke. Ostera, uztail bukaeran eta abuztuan, %50era heldu nahi dugu. Urtea bukatzerako, publikoaren %90-95 berreskuratu gurako genuke. Pausoz pauso joango gara.

Susperraldi progresiboa izango da, orduan.

Hala beharko du. Izan ere, aretoak zabaldu arren, beste arazo bat daukagu esku artean: estreinatzeko pelikula berrien falta. Produkzioak egiten diren lekuetako merkatuak –New York, Los Angeles, Londres, San Frantzisko...– geldi daude. Hortaz, aurrekontu handiko pelikulen estreinaldiak atzeratu egin dira. Normalean, halako filmak mundu mailan estreinatzen dira aldi berean; eta orain, ez dago horrela egiterik. Hortaz, zinema-aretoak zabalik ditugu, baina estreinatzeko pelikulak falta zaizkigu. Eta horrek, nolabait baldintzatu egiten ditu gure aurreikuspenak. Bereziki, uda partean, publiko gaztearendako pelikula asko estreinatzen dira. Aurten, beste modu batera izango da.

Orduan, zein da zuen eskaintza?

Alde batetik, konfinamenduaren aurretik genituen pelikulak berreskuratu ditugu: Invisibles, Parásitos, Onward... Eta, beste alde batetik, estreinaldia streaming bidez egin eta oihartzun handirik lortu ez zuten goi mailako pelikulak daude: Cartas a Roxane eta Los profesores de Saint-Denis, besteak beste. Bestalde, margolarien gaineko dokumentalak ematen gabiltza, eta aurrez grabatutako opera entzutetsuenen emanaldiak ere bai. Segurtasun distantziak jarraituz, aretoak bete ahal izateko estrategia ezberdinak dira.

"GURERA DATOZENEI SEGURTASUN KITA EMANGO DIEGU: GELA, MUSUKOA ETA ESKULARRUAK"

Gelak, musukoak, eskularruak... eguneroko osagarri bilakatu dira.

Zuen aretoetan ere bai. Noski. Segurtasuna bermatzea da gure balio handiena. Gurera datozen zinemazaleak seguru sentiarazi behar ditugu. Floridara edo Gorbeiara doan horrek metro eta erdiko distantzia soziala gorde behar du bakarrik. Gainerakoa guk emango diogu kit batean: bi hidroalkohol poltsatxo, musukoa, eskularruak eta buru-euskarrirako babesgarri bat. Ikusleen segurtasuna bermatuta, aretoarena berarena ere asko zaintzen dugu: jarlekuak, ikusleen zapatak, komunak, sarrerako gunea... Antolaketa eredua goitik behera aldatu behar izan dugu, baina ikusi dugu bezeroak asko eskertzen dituela neurri horiek. Seguru sentiarazi gura ditugu, eta seguru sentitzen direla esaten digute.

Oro har, nola eragin dizue koronabirusak zinemagintza munduan diharduzuenoi?

Gure kontabilitate-urtea apirilaren 30etik maiatzaren 1era artekoa da. Hortaz, oraingo geldialdia aintzat hartuta ere urtea ona izango da. Pirateoa gainditu ostean, azken hamar urteetan gorantz goaz. Dena den, egoera ezegonkorra da arlo guztietan, baita gurean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak