Jon Ander Juldain: "Perico Delgadok detaile polita izan zuen gurekin"

Xabier Urtzelai 2020ko eka. 22a, 10:00

Sanjuanetako jai egitaraurik ez dagoen honetan, egongo da ziklismo lasterketa faltan igarriko duenik. 2003an antolatu zuten azkenekoz San Joan saria; 75. edizioa izan zen. Hala, 20 urtez Club Ciclista Mondragones-eko presidente izan zen Jon Ander Juldainekin izan da GOIENA.

Arrasaten txirrindularitza sustatzeko lagun askoren lana behar izan da; belaunaldi ezberdinetan, gainera. Jose Mari Velez de Mendizabalek bere blogean ondo jasotzen du 1910ean San Juan jaietan Arrasaten antolatu zuten lasterketa. Idatziz jasota dagoen lehen erreferentzia urte hartakoa da. Sociedad Sport taldeak antolatu zuen lasterketa, eta, urteetara, Club Ciclista Mondragones-ek hartu zuen erreleboa. Hala, 20 urtez (1972-1992) bertako presidente izan zen Jon Ander Juldain (Arrasate, 1954).

Gazte izendatu zintuzten txirrindulari klubeko presidente...

Oso gazte; 18 urte izango nituen. 16 urterekin hasi nintzen klubean laguntzen, Pepe Jimenez ziklismo epailea zen, Jesus Etxebarria, Jose Inazio Zaitegi... Klubean zeuden beteranoak ziren horiek, eta ni ziklismozale amorratua nintzen. Hala, eurei laguntzen hasi, eta bi urtera presidente izendatu ninduten. Klubean erreleboa behar zela esan zidaten, jende gaztea behar zela. Bada, hurrengo urtean euren laguntza izan nuen, baina gero, ardura guztiarekin geratu nintzen.

Eta hor bidelagun onak izan zenituen.

Zalantza barik. Pentsa dezakezun moduan, 20 urtez hor egoteko, derrigor izan nituen lagun onak ondoan, jende langilea. Niri aurpegia ematea tokatzen zitzaidan, presidentea nintzelako, baina lantalde oso ona izan nuen ondoan. Bereziki gogoan ditut iaz hil zen Juan Luis Gorroño eta Julio Isazelaia Americano. Ez dira bakarrak, baina eurak gabe ez nuen ezer egingo.

20 urte asko dira; 2003an esan zenuten agur.

Bai; hordagoa bota genuen esanez inork erreleborik hartzen ez bazuen kluba desagertu egingo zela. Eta, zorionez, hor azaldu ziren Jorge Markiegi, Joseba Etxagibel, Adolfo Ruiz de Austri, Rafa Etxabe eta konpainia. Klubari izena aldatu zioten, Arrasateko Txirrindulari Elkartea (ATE), eta, besteak beste, amateur mailan taldea sortu zuten. Beste bultzada bat eman zioten herriko txirrindularitzari.

Zuen garaian, denetariko bizipenak izango zenituzten...

Pentsa... Klubeko presidente izendatu eta berehala, soldadutza egitera joan behar izan nuen, Valentziara. Eta sanjuanetan baimen bereziarekin etorri ahal izateko idatzia bidali zuten klubeko lagunek kuartelera, Udalaren sinadura eta guzti. Taldeko presidentea nintzela eta ezinbestekoa zela ni Arrasatera etortzea lasterketa antolatu ahal izateko... Teniente koronela etorri zitzaidan galdezka ea lasterketa horren garrantzitsua zen, eta nik baietz, noski [Barreak]. Kontua da azkenean baimena eman zidatela Arrasatera etortzeko, eta 21 egun egin nituen hemen. Trukean, Valentziako kuartelean ziklokros lasterketa antolatu behar izan nuen [Barreak].

Sanjuanetako edizio ia guztiak amateur mailako lasterketak izan ziren.

Bai; orduan ez zeuden Lehendakari Txapelketa, Euskalduna Torneoa... Aficionados de primera zen kategoriaren izena, eta ziklista handiak pasa ziren Arrasatetik. Gure arazoa zen sanjuanetan lasterketa asko pilatzen zirela: Tolosan, Hernanin, egun gutxira Irunen... Eta gurea guztien erdian geratzen zen. Hala, ziklistak beste herri batzuetako lasterketetara joaten ziren. Pentsa, urte batean, hamaika txirrindulari bakarrik azaldu ziren irteera puntura, denak talde berekoak, Tekakoak. 1980. urtea izango zen, gutxi gorabehera. Lasterketa antolatzeko lana hartu, babesleak bilatu... eta talde bakarra irteera puntuan. Paripé bat egin zuten proban, eta ondoren, elkarrizketaren batean galantak bota nituen, zuzendarien kontra, federazioko ordezkarien kontra... [Barreak] Ez zuen ezertarako balio izan. Hor jabetu ginen ziklistak erakartzeko besteek baino sari hobeak eman behar genituela.

Espainiako Txapelketa ere ekarri zenuten Arrasatera.

1986an izan zen, eta orduko zazpi milioi pezetako aurrekontua izan genuen, ez da bromatako kontua. Egoera politikoa ere ez zen erraza; pentsa, Espainiako Txapelketa zer eta Arrasatera... Ezker abertzalekoek ez zuten hori begi onez ikusi eta protesta ekitaldiak iragarri zituzten. Guk esaten geniena zen ziklismo-zaleak izanda Espainiako Txapelketa zela herrira ekar genezakeen lasterketa handiena. Azkenean, ondo irten zen dena. Hori izan zen Arrasatera ekarri ahal izan genuen lasterketa garrantzitsuena.

Bide batez, nork irabazi zuen?

Tekako ziklista Alfonso Gutierrezek irabazi zuen, eta Miguel Indurain bosgarren izan zen. Baina ez zen oso lasterketa polita izan. Espainiako Txapelketa erabiltzen zuten Munduko Txapelketa prestatzeko, eta ez ziguten mendaterik sartzen utzi. Ziklistek Arlaban baino ez zuten igo. Baina egun hartako anekdotetako bat Periko Delgadok utzi zigun. Lasterketara etor zedin hartu-emanetan izan nintzen harekin; Suitzako Itzulia irabazi berri zuen, eta, hala ere, emandako hitza bete zuen. Eskatu zidan gauza bakarra izan zen lo egiteko lekua guk hartzeko, eta Txirritako hostalera bidali genuen. Bertako jabe Zabarteri esana nion logela ez kobratzeko Delgadori, guk ordainduko genuela. Baina Delgadok ordainduta utzi zuen kontua, esanda bazekiela ze garestia zen halako lasterketa bat antolatzea.

San Juan sariko 75 edizio

Arrasateko San Juan sariko 75 edizio antolatu ahal izan zituzten; Velez de Mendizabalek herriko txirrindularitza antolatuari buruz aurkitu duen lehen aipamen dokumentatua 1910ekoa da, Hots begi danbolinak blogean adierazi duen moduan. Horrek esan gura du Euskal Herriko eta estatuko lasterketa zaharrenetakoa izan zela Arrasatekoa, eta, normalean, jaietako bigarren egunean antolatzen zuten.

Amateur mailako puntako ziklistak batzen ziren bertan, eta, besteak beste, Deskarga, Udana eta Gatzagako –birritan– mendateei egin behar izaten zieten aurre, ehun kilometro pasatxoko lasterketan. Goiko erretratua 2001eko sari banaketa ekitaldikoa da. Baque taldeko Iker Camaño sestaoarra izan zen onena, eta Aretxabaletako Asier Atxa bosgarren sailkatu zen. Ivan Velasco arrasatearra, berriz, herriko onena izan zen. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak