San Juanen figurak Arrasate ezagutu zuenekoa

Eneko Azurmendi 2020ko eka. 21a, 15:00

1762an, Arrasateko Udalak San Juan "gorpuzteko" eskaria egin zion Juan Xabier Araozkoari, eta Juan Munarrekoa eskultore elorriarrak zizelkatu zuen ekainaren 23ko salbeko protagonista den figura hori. Tradizio handia daukan ekitaldia da salbea, nahiz eta indarra galtzen ari den.

San Juan bezperan, ekainaren 23an, San Juanen figura udaletxetik elizara eramaten dute, udal korporazioaren laguntzarekin, eta elizan salbea egiten diote; Hilarion Eslavaren salbea, hain zuzen. Gero, figura elizan uzten dute, eta ekainaren 24an, meza nagusiaren ostean, udaletxera eramaten dute berriz, ohorezko aurreskua eta zortzikoa eginda. Urte osoan bi ekintza horietarako erabiltzen dute bakarrik San Juanen figura. Gainontzeko egun guztietan Aldai gaineko biltegi batean gordeta edukitzen dute.

"Gaur egun, indarra galtzen ari da, baina tradizionalki indar handia eduki du salbeak. Lehen, ezin izaten zen hutsik egin, arrasatear sentimendu gorena zen", azaldu dute Jabier Bengoak eta Jose Angel Barrutiabengoak, Arrasate Zientzia Elkarteko kideek. "Gu gazteak ginela, San Juan bezperan, 15:00etan kanpaiak eta etxafuegoak izaten ziren, bonba japoniarrak egoten ziren geroago, buruhandi eta erraldoiak ondoren, eta gero, salbera joaten ginen. Elizatik irtetean, oraindik kalean egoten ziren buruhandiak eta erraldoiak. Gauean, San Juan sua izaten zen. Danborrada gerora etorri zen", gaineratu dute.

LEHEN, EKAINAREN 16AN HASTEN ZUTEN BEDERATZIURRENA; 1925EAN, EGUN BAT AURRERATU ZUTEN

Bederatziurrenari dagokionez, lehen, ekainaren 16an hasten zuten, San Juan egunean bertan bukatzeko. Hala ere, 1925. urte inguruan, egun bat aurreratu zuten bederatziurrenaren hasiera. Hala, ekainaren 15ean hasten da orain, eta San Juan bezperan bukatu, salbearekin.

1927an hil zen Prudencio Balerdi organo-jolea. Garai haietan, ez zegoen abesbatzarik, eta banaka batzuek kantatzen zuten salbea; German Arenaza Sastre tenore ospetsuak, esaterako. Horrez gain, Jose Otxoa zen ahots baxua, Udal Bandako txistulari ere bazena. Ahotsak mugatuak izanik, Eskoriatzako Marianisten Abesbatza joaten zen Arrasatera.

San Juan eguneko meza nagusiari erreparatuta, bitxikeria moduan, Resurrecion Maria Azkuek esan zuen hainbat urtez, Joaquin Arin garai hartako parrokoaren gertuko laguna zen eta. Halaber, errepublika garaian zinegotzi karlistak eta nazionalistak bakarrik joaten ziren meza nagusira.

1762an egin zuten figura

Jose Mari Uranga zenak udal artxibotik ateratako informazioaren arabera, 1762. urtean, udaletxea bera eraiki berri zegoela, Arrasateko Udalak San Juanen figura enkargatu zion Juan Xabier Araozkoari. "Figura berak diseinatuko zuen, seguruenik, eta Juan Munarrekoa eskultore elorriarrari eskatu zion zizelkatzeko", azaldu dute AZEko kideek.

Faktura, erdizka ordainduta

Udal Artxiboko informazioak dioenez, 1766ko martxoaren 31n, lau urte geroago, 773 erreal bakarrik ordaindu zituen Arrasateko Udalak, baina faktura 1.207 errealekoa zen. "Hori dela eta, falta zen dirua erreklamatu zion Udalari, eta ondorengo puntuak jasotzen zituen erreklamazio horrek", azaldu du Barrutiabengoak: "Udalak 550 erreal zor zion Antonio Ximenezi, figura margotzeagatik; 508 erreal, Juan Munarrekoa Elorrioko eskultoreari, figura hau idulkiekin, diadema batekin eta burdinazko iltze batekin egiteagatik; 75 erreal, Bizente Untzilakoa arotzari, figura garraiatzeko egurrengatik; 60 erreal, Mariano izeneko urreztatzaileari, irudia urreztatzeagatik; 8 erreal, Frantzisko Arexolakoari, bi iltzegatik eta 6 erreal, San Juanen figura Elorriotik Arrasatera ekartzeagatik. Hala ere, ez da jakin gerora ordainketa osoa egin ote zuen Udalak.

1726. URTEAN, JUAN MUNARREKOA ESKULTORE ELORRIARRAK ZIZELKATU ZUEN SAN JUANEN FIGURA

Urangak jasotako txostenak dioenez, 1762. urteko San Juan jaietarako egin zuten San Juanen figura. "Beraz, ondorioztatu daiteke urte hartan hasi zirela salbea egiten ere. Ezin dezakegu baieztatu, ez daukagu informazio zehatzik, baina izan daiteke. Udal Artxiboan informazio gehiago egongo da, seguruenik, baina koronabirusaren aurkako protokoloa dela-eta ezin izan dugu informazio hori eskuratu".

1762tik hona, ia urtero egin izan dute salbea. "Kontu erlijioso hauek oso eten gutxi izan dituzte historikoki", diote. Halere, bada salbuespen bat. "Errepublika garaian, esaterako, 1933an, 1934an eta 1935ean, ofizialki ez zen salberik egon; hau da, programan ez dago salberik, nahiz eta egingo zuten, seguruenik. 1936an, berriro ere agertzen da jaietako programan".

Krabelin gorrien sinbolismoa

XX. mende hasieran, antza, krabelin gorriak ziren Arrasateko San Juan jaien sinbolismoa. "Nire osabak [Jose Mari Uranga] bere gazte garaietako anekdota asko jasota ditu, 1910-1920 urte bitarte hartakoak. Horietako bat da, adibidez, San Juan jaietan arrasatearrek ohitura handia zutela papar-hegalean krabelin gorrin bat jartzeko. Dotore janzten ziren, eta krabelin gorria jarrita ateratzen ziren kalera. Hori zen jaietako bereizgarri nagusietako bat", azaldu du Barrutiabengoak.

KRABELIN GORRIAK SAN JUAN JAIEN SINBOLISMO NAGUSIETAKO BAT ZIREN XX. MENDEAN

Jaietako beste zenbait istorio

Horrez gain, Arrasate Zientzia Elkarteko kideek azaldu dutenez, eta Urangak jasotako informazioan oinarrituta, jaietako gastu guztiak zehatz-mehatz apuntatu izan dituzte beti: "Gasteiztik etortzen ziren musikariena, Nafarroatik ekartzen zituzten zezenena, banderilleroei zenbat ordaintzen zieten, plazako ateak zabaltzen zituenari zenbat ordaintzen zieten. Detaile askorekin dago jasota informazio hori". Dokumentua eskuan, San Juan jaiei lotutako hainbat kontu izendatu ditu Barrutiabengoak; gehienak, zezenketei lotutakoak: "1587. urtean, adibidez, San Juan bezperarako eta egunerako bertarako, dantzariak eta poetak ekarri zituzten Arrasatera, eta poeta Arrazolakoa zen; 1617an, Madalenako errebalean zezenketak egin zituzten; 1624an, Gasteizko musikariak ekarri zituzten Arrasatera; 1631an, plazan jartzen zituzten taulak eta hesiak gero Madalenako ospitalean gordetzen zituzten; 1634an, hesi bat jarri zuten udaletxearen inguruan, zezenketak egiteko; 1638an, 180 erreal ordaindu zizkien Udalak torero eta banderilleroei; 1640an, San Juan egunean, zezenketa egin zuten; 1735an, 1.500 erreal ordaindu zizkien Udalak Jose Maria Galarza, Jose Migel Galarza eta Domingo Ignacio Okendokoari, Nafarroan txahalak eros zitzaten; 1682an, pilotalekuan egin zuten zezenketa; 1777an, kontzeju berriaren eta Erdiko kaleko galtzada-harrizko zolaren inaugurazioa zela eta, 14 zezen atera zituzten plazara. "Ikusten duzuen moduan, zezenketek indar handia eduki izan dute historian zehar Arrasaten", azpimarratu du Bengoak.

Modu horretan, 1766an, udaletxea inauguratu zuten urtean, Heriotz zezenak izenpean jaietako ekintzarik garrantzitsuenetako bat izan zen herriko plazan egin zuten zezenketa. Gainera, 1886an, zezen-plaza bat inauguratu zuten Arrasaten, "kanpoaldean", Madalenako errebalaren bukaeran. Ez zuen askorik iraun, eta 1911n eraitsi zuten, 26 urte geroago.

Gerora, zezenketak hainbat urtez geratu izan dira bertan behera sanjuanetan eguraldiagatik, eta 1897an, esaterako, "publiko faltaren beldurrez", antolatu ere ez zuten egin –ikus 40. eta 41. orriak–.

San Juan sua eta makala

Beste kontu "interesgarri" bat, Barrutiabengoaren esanetan, hauxe da: "San Juan bezperan, suak pizten zituzten baserrien aurrean, eta jendeak suaren gainetik salto egiten zuen, horrek gaixotzeko arriskua kentzen zuelakoan. Hainbat gazte errekara jaisten ziren, zuhaitza mozten zuten, eta hurrengo egunean plazan jartzen zuten enborra, erabat zurituta. Puntan barazkiak jartzen zituzten, Arrasateko banderarekin. Gazteek gora igotzeko saiakera egiten zuten, baina oso zaila zen goraino igotzea. Halere, gogoratzen dut mutil gazte batek lortu zuela, gu txikiak ginela. Udalak saria ematen zion lortzen zuenari", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak