Botak eskuetan dituztela, agur esan diote Mondrari

Eneko Azurmendi 2020ko eka. 19a, 12:02

Gorka Eraña, Julen Aranbarri eta Mikel Gonzalez 'Gonzo', Mojategin, futboleko botak eskuetan dituztela.

Hiru baja garrantzitsu izango ditu aurrerantzean Mondrak; izan ere, futbola uztea erabaki dute orain arte kapitain izan diren hiru jokalarik: Gorka Eraña erdilariak (1991); Julen Aranbarri defentsak (1986) eta Mikel Gonzalez Gonzo erdilariak (1992).

"Arrazoi ezberdinengatik erabaki dut futbola uztea. Dagoeneko 34 urte ditut eta uste dut jende gazteari lekua utzi behar diodala. Momentu egokiena hau dela uste dut, nahiz eta pena ematen didan egoera honetan utzi behar izanak. Hala ere, futbolaz gain ere bizitza daukagu, eta erabakiak hartu behar dira", adierazi du Aranbarrik.

Julen Aranbarri: "Futbolaz gain ere bizitza daukagu, eta erabakiak hartu behar dira"

Gonzalezek, aldiz, beste gauza batzuk egin gura dituela aitortu du. "Orain da momentua bidaiatzeko edo beste plan batzuk egiteko, eta adin honetan ez badut egiten, gero, agian, ez dut aukerarik edukiko. Beraz, balantzan jarrita, uztea erabaki dut, nahiz eta oso garbi ez eduki. Gainera, horrela bukatzea ere ez da gozoa izan, eta ezin izan dugu talde giroan bukatu. Baina hala beharko du".

Erañari lanak baldintzatu dio erabakia. "Nafarroan egiten dut lan, dagoeneko bi urte daramatzat haraino joan-etorriak egiten, eta horrek nekatu egiten du. Horrez gain, niretzat denbora hartu gura dut, eta nire zikloa bukatu egin dela iruditzen zait. Beste batzuei utzi behar diegu lekua orain. Inork ez luke imajinatuko halako egoera batean uzterik, baina horrela etorri da, eta, erabakia irmoa izanik, eutsi egin diot", aitortu du.

Talde giroa eta laguntasuna

Aranbarrik azpimarratu du "gauza asko" eman dizkiola Mondrak. "Batez ere, lagunak nabarmenduko nituzke. Aste barruko taldeko giroa ezin hobea izan da, eta txapelketa aldetik ere asko erakutsi dit".

Hasierako urteetan txapelketari berari "inportantzia handia" ematen ziotela dio Gonzalezek, eta proiektua "oso motibagarria" zela. "Hala ere, urteek aurrera egin ahala, konturatu naiz talde giroak askoz ere gehiago eman didala pertsonalki. Terapia moduko bat izan da futbola niretzat, gainontzeko guztiaz ahaztu egin izan naizelako taldearekin egon izan naizenean, eta gustukoa dudan gauza bat egiten, gainera. Horrekin geratzen naiz".

Mikel Gonzalez: "Terapia moduko bat izan da futbola niretzat, gainontzeko guztiaz ahazteko balio izan dit"

Erañak taldeko laguntasuna azpimarratuko luke. "Hona etorri aurretik aritu izan naizen taldeetan ez zegoen hemen dagoen laguntasunik. Oso giro ona dago, talde-lanean oinarritutako proiektua da", gaineratu du.

Nola bete futbolaren hutsunea?

Erañak ez dauka batere garbi zerekin beteko duten futbolak utzitako hutsunea. "Nire kabuz kirola egiten jarraituko dut, baina oraindik ez dakit zer izango den. Hori bai, beste maila batean izango da, inongo konpromiso barik". Gonzalezek ere ez du konpromisorik hartuko; oraingoz, behintzat. "Federatu moduan ez, baina beste kirol batzuk probatu gura ditut; eskia, adibidez", dio.

Aranbarrik aitortu du egoera berrira egokitu beharko duela, ez dagoelako ohituta bakarka kirola egiten. "Egia da ni talde kiroletakoa naizela eta beti izango naizela, baina nire kabuz zerbait egiten hasiko naiz, korrika edota bizikletan. Dagoeneko hasi naiz nire kabuz zerbait egiten, apurka-apurka".

Zer igarriko dute faltan?

"Asteko errutina hori" da Aranbarrik gehien igarriko duena faltan. "Taldekideekin egoteko momentuak, lanetik deskonektatzeko momentuak, partiduak, eta taldeko afariak, nola ez".

Gonzalezek lehiaketa igarriko du faltan gehiago. "Asteko prestaketa lanak eta partiduak. Bizirik mantentzen nauten proiektu horiek barik, ez dakit zer egingo dudan. Askotan pentsatu izan dut horretan, baina egokituko naiz egoera berrira".

Gorka Eraña: "Asteburua iritsi eta partidurik ez izatea arraroa izango da"

Erañak, aldiz, entrenamenduetako giroa eta partiduak lehiatzeko aukera ez izatea igarriko ditu faltan. "Asteburua iritsi eta partidurik ez izatea arraroa izango da".

Talde "sendoa" geratzen da

Hiru jokalari garrantzitsu doaz, baina talde "sendoa" geratzen dela aitortu dute. "Blokea mantentzen da. Urte asko daramatzaten jokalariak geratzen dira, eta gazteak indartsu datoz atzetik. Taldea ez da herren geratuko, eta gauzak ondo egingo dituzte datozen denboraldietan". Hirurek bat egin dute horretan.

Ibilbide ezberdinak egin dituzte orain arte

Julen Aranbarri: "12 urterekin hasi nintzen Mondran. Lehen taldean lau urte egin ostean, utzi egin nuen, ikasketak Bartzelonan egin nituelako. Bueltan, bi urte Antzuolan egin nituen eta gero Mondrara itzuli nintzen. 15 urte egin ditut guztira Mondran".

Gorka Eraña: "10 urterekin Athletic Club taldean hasi nintzen. 20 urterekin, Barakaldora joan nintzen, utzita. Han urte eta erdi egin nuen, eta handik Laudiora. Urtebeteren ostean, Mondrara etorri nintzen, eta hemen egin ditut azken sei urteak".

Mikel Gonzalez Gonzo: "Ez dut gogoratzen oso ondo hasiera, baina esango nuke 12 urterekin hasiko nintzela Mondran. Geroztik, 16 urte egin ditut etxeko taldean, kategoria guztietatik pasatuta. Ia hamar urte egingo nituen lehenengo taldean".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak