Eider Altubek (Arrasate, 1997) bost urte daramatza arraunean. Ondarroako eta Lekeitioko taldeak batuta sortu zuten Lea Artibai izeneko proiektuan hasi zen, hain zuzen, beste debagoiendar batekin, GOIENAk azaroan elkarrizketatu zuen Nerea Agirrezabalekin batera. Pare bat urte geroago, herri bakoitza emakumezkoen talde propioa sortzeko gauza izan zen, eta azken urteotan bi debagoiendarrak, itsasoan, kontrario izatera pasa dira. Hala, dagoeneko deseatzen daude traineruan indarrak neurtzeko. Pasaian izango dute lehenengo hitzordua, uztailaren 11n, denboraldiko lehen estropadan.
Zer moduzkoa izan da ostera ere traineruarekin uretara sartzea?
Uf... azaldu ezin dezakedan sentsazioa da… Entrenamendu bakarra egin dugu uretan, eta, gainera, euria egin zigun, baina sentsazio ederra izan zen guztiendako. Denok elkarrekin traineru barruan geundela ikusi genuenean eta itsasora sartu ginenean… Ezin da hitzekin deskribatu.
Non egongo da aurten Isuntza? Ze talde duzue?
Hori da denok gure buruari egiten diogun galdera: zer-nolako maila izango dugu? Eta kontua da Pasaiako lehenengo estropada iritsi arte ezingo diogula galdera horri erantzun. Hor ikusiko dugu gutako bakoitza non dagoen, kontrarioak non dauden, eta aurtengo denboraldia ze talderen kontra izango dugun borroka estua. Berez, liga gogorra da gurea, ETE izena du eta Euskotren ligan baino kategoria bat beherago gaude. Uste dugu iaz baino pare bat postu aurrerago ibil gaitezkeela.
Ondarroa izango da kontrarioetako bat; taldekideak izan ziren zuen hastapenetan, eta lehia handia duzue eurekin. Tartean dago Nerea Agirrezabal bergararra.
Bai, lehia polita dugu eurekin, bai. Duela urte batzuk emakumezko talde batek arraunean egin gura genuelako batu ginen bi herrietako arraunlariak. Egia da bati baino gehiagori ez ziola horrek grazia handirik egin [Barreak], berez bi herrien artean lehia handia dagoelako, baina behar batetik batu ginen eta proiektu polita sortu zen. Urte gutxi batzuk geroago, bai Lekeition eta baita Ondarroan ere talde propioa izateko nahikoa arraunlari ditugu, eta bakoitzak bere bideari heldu dio. Hala, seguru aurten ere kontrario zuzen izango ditugula. Iaz, estropada gehienetan posturen bat aurretik ibili ginen [Barreak], bateren bat irabazi ziguten eurek ere, eta aurten ere aurretik ibiltzea espero dugu. Baina ez dira kontrario zuzen bakarrak izango. Dena dela, polita da taldekide izan dituzunak orain beste traineru baten ikustea, eta nahiz eta, bi herrien artean lehia handia egon, guk harreman ona dugu, baina baita pike puntu hori ere.
Arrasatear bat arraunean, nondik nora?
Familia dut Lekeition, eta aita oso arraun-zalea da. Gogoan dut, duela urte batzuk, egunkaria irakurtzen nenbilela zelan ikusi nituen San Juaneko neskak Kontxan txapeldun geratu zirela. Bazkalostea zen, eta aitari aipatu nion nik ere gustura probatuko nuela arrauna. Bada, aitak Isuntza arraun taldean ezagunak zituen, eta bi egunera deia jaso nuen, emakumezkoen arraun taldea sortzeko asmotan zebiltzala eta ea animatuko nintzatekeen. Halaxe hasi nintzen, eta gaur egunera arte.
Zelan pasa duzue konfinamendua?
Nahiko ondo. Martxoan, uretara lehenengoz sartu ginen egunaren ondoren etorri zen alarma egoera, eta behin-behineko entrenamendu saio batzuekin hasi genuen lehenengo astea. Gero, gure entrenatzailearen bitartez ahalik eta ondoen mantentzen saiatu gara denok, baina ez da erraza, arrauna oso kirol jarduera berezia delako. Ondo entrenatzeko arraunean egin behar da, etxean ariketak egitearekin ez da nahikoa. Eta, uretara behin sartzea nahikoa izan da eskuetan zauriak egiteko, ipurdian… Zerotik hastea moduan izan da.
Zure kasuan, gainera, gipuzkoarra izanda, gehiago itxaron behar izan duzu taldekideekin batera entrenatu ahal izateko.
Akaso, hori izan da gogorrena. Konfinamenduan geundenean, denok geunden etxean, egoera antzerakoa zen guztiondako, eta egokitu beharra zegoen. Baina azken aste hauetan ikustea taldekideak elkarrekin entrenatzen, eta norbera mugaren alde honetan egon behar izatea...
Segurtasun neurriekin hasi zarete entrenatzen.
Bai; neurri zorrotzak dira, gainera. Klubera maskararekin sartu behar dugu denok, eta arraunean hasi arte ezin dugu maskara kendu. Gero, erabiltzen ditugun arraun eta bestelako material guztia garbitu egin behar dugu, dutxatzera etxera etortzen gara… Oraindik ez digute zehaztu estropada egunak zelakoak izango diren, zehazteko dugu hori, eta denboraldiak irauten duen bitartean –uztailaren 11tik irailaren 20ra arte– PCR bidezko pare bat proba egingo dizkigute: denboraldi hasieran lehenengoa eta beste bat erdi inguruan. Bestalde, egutegia moldatu egin dute.
Zeintzuk izango dira Isuntzak izango dituen urteko erronka nagusiak?
Lekeitioko estropada, normala den moduan, oso garrantzitsua da guretako, eta Pasaiako estropadaren ondoren etorriko da gurea; horrenbestez, ez dugu egokitzeko asti handirik izango. Eta Kontxako Bandera ere oso polita da, sekulako giroa egoten da. Ez dakit zergatik, baina Kontxan lan ona egin izan dugu, ea aurten ere halaxe egiten dugun. Gure asmoa da bizpahiru urtetan Kontxako finaleko tandarako sailkatzeko moduan egotea.
Arraunlari moduan datozen hilabeteotan egutegi betea izango duzu.
Hori da arraunean hasi gura duenak garbi izan behar duena. Parrandak irailetik aurrera egin beharko dituela, alegia [Barreak]. Udan astebururo ditugulako estropadak eta exijentzia maila oso handia delako. Askok ez dute dedikazio hau ulertzen, 22 urterekin zelan lehenesten dugun lagunekin ibili beharrean arraunean egitea. Baina izugarri harrapatzen duen kirol jarduera da hau.