Irakurri eta ikasteko aukera egongo da bihartik aurrera, eta baita ordenagailuak erabiltzekoa ere, baina "baldintza bereziak" bete beharko direla ohartarazi dute arduradunek. Alde batetik, 30 erabiltzaile egon ahalko dira une berean bibliotekan, eta bestetik, ordenagailuak 7 lagunek erabili ahalko dituzte aldi berean, gehienez ordubetez. Horrez gain, lekuak garbi dauden edo ez adierazteko, fitxa berdeak eta gorriak erabiliko dituzte: "Sarreran lankide batek banatuko ditu 37 postu horietarako txartelak, eta erabiltzaileek bertan hartu eta itzuli beharko dituzte. Lankideak ziurtatuko du pertsona guztiek eskuak gelarekin garbitzen dituztela eta maskara jarrita igotzen direla liburutegira".
Maileguei eta itzulketei dagokienez, ez da aldaketarik egongo eta jakinarazi dutenez, maileguen kasuan oraindik ez dute autozerbitzua baimenduko.
Bestetik, ohartarazi dute lehen eta bigarren solairuetan bi komun bakarrik egongo direla zabalik, eta egunean lau aldiz garbituko direla "segurtasuna eta garbitasuna bermatzeko".
Orandik eskainiko ez direnak
Zerbitzua zabalduko den arren, oraindik ez da osotasunean abiaraziko. Momentuz ez dira eskainiko hemeroteka, bideoteka eta fonoteka zerbitzu presentzialak, eta azpimarratu dute debekatuta dagoela norberak dokumentuak apaletatik hartzea. Bestalde, haur biblioteka ere itxita egongo da oraingoz, baina sarreran maileguak eskuratzeko aukera izango dute erabiltzaileek.