2017an, Mugikortasun Plana onartzeko prozesuan, euren desadostasuna azaldu zuten. Gipuzkoa Etorbidea norabide bakarrekoa izatea planteatzen zuen Planak, eta alegazioak aurkeztu zituzten horren aurka. Euren proposamena zen bi noranzkoak mantentzea, errailak txikitzea eta abiadura 30 kilometro ordura murriztea –Arimazubin eta Araba Etorbidean bezala–. Plana onartu egin zen, eta auzotarrek egindako alegazioak ez ziren txertatu. Gaia "mahai gainean" geratu zela baieztatzen dute auzotarrek, eta gehitu dute, 2017ko azaroan egindako bilera batean, alkateak zera adierazi ziela auzoko zazpi atarteen presidenteei. "Planak ez badu auzotarren adostasuna eta onespena, Udalak ez du ezarriko adostasunik gabe Gipuzkoa etorbideko eta Etxe Txikietako atal honetan".
Maiatzaren 26ko alegazioak
Mugikortasun Planeko alegazioen ostean, maiatzaren 26an beste alegazio bat aurkeztu zuten auzoko 24 atartek. Herriko alderdi guztiek behin-behineko mugikortasun aldaketa batzuk egitea onartu zuten, COVID-19ak eragindako egoerari erantzuteko. Hor, besteak beste, Gipuzkoa Etorbideko zuzenean trafikoa kentzea eta oinezkoentzako pasabide izatea onartu zuten. Zera zioten hitzez-hitz auzoko atarteen ordezkariek, aldaketa horien harira aurkeztutako alegazioetan:
"Gipuzkoa Etorbideko galtzadaren zati bat oinezkoentzat bihurtzeak zirkulazioa nabarmen handitzea ekarri du Etxe Txikiak, Euskal Herria, Deba Etorbidea eta Martxoaren 8, eta Garibai 16 egoitza-kaleetan, eta auzotarren kezka areagotuz.
Zonaldeko zirkulazioa handitzearen ondorioz, garajeen sarrera/irteera (4 garaje-komunitate, gutxi gorabehera 800 plaza hartzen dituztenak) arriskutsuagoa izatea dakar, bidearen trazabilitatea autobus guztien joan-etorriei aurre egiteko prestatuta ez egotea (adibidez, Martxoaren 8 bihurguneko garajeetarako sarrera, autobusek bi norabideetan inbaditzen dutena), eta gune zehatz bat oinezkoentzat jartzea ahalbidetzean, auzotarrek eta haurrek asko erabiltzen duten beste gune bat, haur-parkea eta hizkuntza-eskola dituena besteak beste, arriskuan jartzea.
Beraz, alegazio horiek eta 2017an Mugikortasun Integraleko Planari aurrez aurkeztutakoak kontuan hartzeko eskatzen dizuegu, eta idatziz berrestea hartutako neurriak COVID-19ak sortutako alarma-egoera honetarako behin-behineko neurria dela, oinezkoen mugikortasuna eta urruntze soziala bultzatzeko, eta ez dela behin betiko neurria".
Aste honetako aldaketak
Astelehenean martxan jarritako aldaketei buruz galdetuta, adierazi dute lehen arazoa bat konponduko duela; baina bigarrena, ez. "Musakolara joateko Deba Etorbidetik eta martxoaren 8 kaletik pasatzen zen trafikoa murriztu egingo da. Baina garajeetatik irteteko arazo berdin-berdin mantentzen da: bai Etxe Txikiak kalera irteera duten garajetan, eta baita Euskal Herria plazaren bueltan daudenetan. "Hemengo errepideak auzo erabilera duten errepideak dira, baina ezarritako aldaketekin errepide nagusi bihurtzen dira".
Adostasunera heltzeko nahia
Alegazioa aurkeztu dutenek argi utzi nahi izan dute, akordioetara heltzeko borondatea dutela. "Gu ere mugikortasun jasangarri baten alde gaude, baina uste dugu planteatzen dena ez dela egokia. Gipuzkoa etorbideko erreiak estutuz, bi noranzkoak mantenduz, abiadura 30km/ordu-ra murriztuz eta bidegorria txertatuz arazoa konponduko litzatekeela uste dugu. Orain birplanteatzeko eta aurkeztutako alternatibak baloratzeko garaia da, eta ez da inprobisatzen jarraitzeko garaia. Kale bati EKO aurrizkia ezartzeak ez du ekologiko bihurtzen, bai, ordea, pertsonen bizi-kalitatea bermatzen duenean, eta horra iritsi nahi dugu".
Udala COVID-19ak sortutako testuingurua "baliatzen" ari dela uste dute, mugikortasun planak jasotzen duena normalizatzeko. "Ezarritako azken neurriak COVID-19aren krisialdian praktikan jartzeko aprobetxatzeak, neurri hauek dakartzaten arazo eta arrisku guztien ebidentzia ugari eman dizkigu, oraindik "normaltasunik" ez dugun garai batean.