Arrasateko Udalak eta mankomunitateak bisita gidatuak egingo dituzte

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 16a, 13:09

Udalak azaldu duenez, tokian tokiko ondarea balioan jartzea "inoiz baino garrantzitsuagoa" da, eta horregatik abiatu dute egitasmoa, besteak beste: "Herriak eskaintzen dituen baliabide historiko eta naturalak ezagutzeko eta turismoa sustatzeko dira bisita gidatuak".

Larunbatean, ekainak 20, izango da lehenengo saioa, eta hurrengoa ekainaren 27an. Bestetik, uztailean eta abuztuan, larunbatero eta igandero eskainiko dituzte bisitak: 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Bisitetan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko dela adierazi dute webgunean.

Egitasmoa ez da berria; hirugarren ustez eskainiko da aukera hori. Udalak azaldu duenez, aurreko urteetan izandako "arrakasta" izan da aurten ere eskaintza egiteko arrazoia.

Bisita bakoitzak helmuga bat

Dagoeneko aurreratu dituzte bisiten nondik-norakoak. Larunbatean, Arrasate historikoaren "sekretuak" ezagutuko dituztela esan dute, eta 27an, Esteban de Garibayren eta Pedro de Viteriren inguruan arituko dira. Bestetik, uztailaren 5ean, Bedoñako "altxor ezkutuetara" egingo dute irteera; kasu horretan Arrasate Zientzia Elkartearen eskutik, eta ondoren, auzoko txakolina dastatzeko aukera ere izango dute parte-hartzaileek. Uztailaren 12an, Murugain mendi ingurura abiatuko dira goizeko 9:00etan, eta tontorrera igo gabe, bide berriak ikasiko dituzte. Uztailaren 19an, Gongetako meatzeetara joango dira eta handik ateratzen zen mineral preziatuaren inguruan arituko dira. Bukatzeko, uztaileko azken igandean, Arrasateko ondare industriala izango da protagonista: "Industrializazioak eragindako iraultza urbanistikoaren berri emango da bisita gidatuan, goizeko 11:00etan".

Abuztuko irteerak nora egingo dituzten ere aurreratu dute. Hilaren 2an, Udala Besaidera egingo dute bisita goizeko 9:00etan, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako muga ezagutzeko. Abuztuaren 9an, Arrasateko erromesek Arantzazura joateko erabili ohi zuten bidea egingo dute, 8:00etan, eta abuztuaren 16an, Urkuluko urtegira egingo da irteera: Arrasatetik Bedoñara, Larriño auzotik pasatu eta Urkuluko urtegira eta handik Aretxabaletara. Bestetik, abuztuaren 23an Arrasateko altzairua ezagutuko dute parte-hartzaileek.

Adierazitako datez gain, irailerako ere bi ekimen turistiko daudela gehitu dute sustatzaileek. 19an, Arrasateko historia ezagutzeko bisita gidatua egingo dute 11:00etan, eta 27an Murugain mendira joango dira Dragoiaren bidetik, kondaira eta historia batzen dituen ibilbidea eginez, goizeko 9:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak