Duela bi astetik dute ateak irekitzeko aukera elkarte gastronomikoek, baina Arrasaten kosta egin da lehen harria botatzea. Jaurlaritzak zabaltzeko aukera eman eta gutxira, SUDC elkartetik protokolo zirriborro bat helarazi zieten elkarte guztiei. Bertan hainbat gomendio eta jokabide zehazten zituzten, eta elkarte bakoitzaren esku uzten zuten irekitzeko edo ateak itxita mantentzeko erabakia. Hasiera batean, psikosi orokortu moduko bat hedatu zen, eta itxita jarraitzeko erabakia hartu zuten elkarteek, batak bestearen atzetik. "Inork ez zuen nahi zabaltzen lehena izan, eta ia herriko elkarte gehienek ez zabaltzeko erabakia hartu zuten. SUDC elkartetik ez genuen elkarte guztien erantzunik jaso, baina hamasei inguruk ez zabaltzeko erabakia hartu zutela jakinarazi ziguten", azaldu du SUDC elkarteko Juan Luis Arkauzek.
Aritzorri, lehena
Ezezko orokortuen giroaren erdian, Aritzorri elkartekoak –EA bezala ere ezagutzen dena– izan ziren ateak irekitzen lehenak, aurreko asteburuan. "Soilik barra zabaldu genuen, sukalderik gabe, eta asko jota zortzi laguneko erreserbekin. Jateko gauzak etxetik edo kanpotik ekarritakoak izan behar ziren. Egia esan, eguraldi txarragatik eta tabernetan egoteko leku faltagatik, nahiko jende etorri zen, baina distantziak eta bestelako neurriak errespetatzen, betiere. Bazegoen gogoa bazkideen artean, eta asteburu honetan, ziurrenik, sukaldea irekiko dugu", azaldu du elkarteko presidente Iñaki Ayerbek.
Hartutako segurtasun neurriei buruz galdetuta, zera adierazi du Ayerbek: "Lehenik eta behin, mahai kopurua murriztu genuen, euren artean segurtasun tarteak handitzeko. Barra inguruko aulkiak ere kendu genituen, eta elkartean zehar zortzi pote gel hidroalkoholiko jarri genituen. Jarraitu beharreko arauekin poster handi batzuk jarri ditugu elkartean; aldez aurretik posta elektronikoz helarazi genizkien bazkideei, baina badaude posta elektronikoari kasu handirik egiten ez dioten bazkideak; nagusienak, batez ere".
Lehenaren ostean, gehiago
Amaika-gazte eta San Isidro ere irekita daude atzo ezkero; sukaldea eta barra zabaldu dituzte Amaika-gazten, eta karta jokoan egitea debekatu egin dute. GOIENAk jakin duenez, Alkartu elkarteak hilaren 18an irekiko ditu ateak, eta Danok-Bat elkartea hilaren 22an irekitzea aztertzen ari da.