Ines Azpiazu: "Gurasoak gehiago interesatu beharko lirateke umeendako dauden kirol aukera guztiak aztertzen"

Eneko Azurmendi 2020ko eka. 12a, 11:04

Ines Azpiazu, Arrasate Eskubaloiko presidentea, Iturripen.

Arrasate Eskubaloiko presidenteak uste du kirola ez dela lehia bakarrik, "bestelako balio asko" ere badaudela dio. "Inportantea da gurasoek horri ere garrantzia ematea, umeek benetan gura dutena aukeratu dezaten".

2007a ezkero Arrasate Eskubaloiko presidente dihardu Ines Azpiazuk, nahiz eta sorreratik egon izan den lanean klubean.

Zelan eragin dio pandemiak Arrasate Eskubaloiri?

Txapelketak ezin izan ditugu bukatu, baina ez genuen talderik ez goiko postuetan ezta behekoetan ere, eta, alde horretatik, ez digu askorik eragin. Jokalariak denboraldia bukatzeko gogoz gelditu dira, hori bai.

Momentu hauetan, zein da Arrasate Eskubaloiren egoera?

Azken urteetan inportantea izan dena da emakumezkoen eskubaloia gora egiten ari dela. Orain, gainera, lehenago hasten dira, eta horrek aukera ematen die ibilbide osoagoa egiteko. Infantiletan, esaterako, 20 neska ditugu, eta hortik batzuk kadete mailara pasatuko dira. Hala ere, ez daude nahikoa taldea osatzeko, eta gustatuko litzaiguke neska gehiago sartzea, kadete mailako taldea osatu ahal izateko. Gazte mailan ere taldea osatzeko moduan gaude; beraz, kadete mailan dugu erronka, kategoria guztietan emakumeen ordezkaritza eduki ahal izateko. Gizonezkoei dagokienez, gazte mailako jokalari asko senior mailara igotzekoak dira, baina ikasketak direla-eta ikusiko dugu jarraituko duten ala ez. Horren arabera, senior mailan bi talde osatu ahal izango ditugu, agian. Kadete eta gazte mailetan ere taldea osatzeko moduan egongo gara, baina, urtero moduan, infantiletako taldea osatzea izango da erronka nagusia.

"Nesketan, kadete mailan jokalari gehiago behar ditugu eta mutiletan, berriz, infantil mailan"

Futbolaz eta saskibaloiaz harago, badaude kirol gehiago. Hori da helarazi gura duzuen mezua, ezta?

Bai. Arrasaten kirol eskaintza zabala dago eta faltan igartzen dudana da guztiok gure zerbitzuak mahai gainean jarri ahal izatea, umeek gura dutena aukeratu ahal izan dezaten. Gurasoak ere gehiago interesatu beharko lirateke umeendako dauden aukera horiek guztiak aztertzen, eta ez laguna futbolera doalako haien umea ere futbolera bidali. Kirola ez da lehia bakarrik, bestelako balio asko ere badaude, eta inportantea da gurasoek horri ere garrantzia ematea, umeek benetan gura dutena aukeratu dezaten. Bestalde, ikusten dudana da futbolean, adibidez, ume guztiak onartzen dituztela eta, azkenean, aukeraketa bat egiten dutela. Lehen, 12 urterekin egiten zuten aukeraketa eta besteok arrantzan egiteko aukera izaten genuen. Orain, futbolak adin guztietako umeak hartzen ditu eta horrek kalte egiten digu guri. Hala ere, klub bakoitzak bere irizpideak eta lan egiteko moduak ditu, hor ez naiz sartuko.

Nola dago emakumezkoen eskubaloia Arrasaten?

Duela 20 urte eduki genuen emakumezkoen taldea, baina bizpahiru urte iraun zuen, gehienez, ikasketak zirela-eta taldea uzten joan zirelako jokalariak. Azken urteetan, aldiz, badirudi susperraldia gertatu dela eta emakumezkoen talde berriak gelditzeko datozela. Kadete mailan daukagu hutsunea, oraingoz. Taldea osatzen ez badugu ere, ordea, ez dugu inor kanpoan uzten eta Federazioari baimena eskatzen diogu jokalari horiek goian edo behean jokatu ahal izateko. Inportanteena da guztiek aukera izatea kirola egiteko, eta giro onean aritzeko.

Senior mailan, denboraldi txukuna egiten ari zen Ford Mugarri.

Azken hiru urteetan mailari eustea izaten ari da helburua, taldean aldaketa nabarmenak egon zirelako, eta, oraingoz, lortzen ari gara. Datorren urtera begira ere hori izango da helburua. Ez dugu fitxaketarik egingo. Norbaitek, ikasketengatik edo bestelako arrazoiengatik, gurekin jokatu gura badu, gure ateak zabalik aurkituko ditu, baina gu ez gara kanpora jokalari bila aterako. Harrobiarekin moldatzen gara, batzuetan ondo eta beste batzuetan ez hain ondo.

Dagoeneko badaramatzazu urte batzuk presidente...

Lehen lerroan, 2007a ezkero, baina aurrez ere denbora asko, hasieratik. Zuzendaritzan hiru pertsona gaude, onerako eta txarrerako. Aspalditik gaude, elkar ondo ezagutzen dugu eta horrek lasaitasuna ematen digu, konfiantza handia dugu. Gero, gurasoen lantaldea ere badaukagu, baina zaila da gurasoen konpromisoari eustea, haien seme-alabek eskubaloia uztearekin batera haiek ere utzi egiten dutelako. Interes pertsonalik gabe lan egiteko prest dagoen jendea aurkitzea oso zaila da.

Jarraitzeko asmoa daukazu?

Bai. Helburuak eta erronkak sozialki hain politak izanik, ezin diot ezetzik esan. Ikusten duzu umeak nola sartzen diren klubean eta, urte batzuk pasata, nola gizontzen eta emakumetzen diren. Hori oso polita da. Horrez gain, gurasoekin egiten dituzun harremanak ederrak dira, eta askok esaten dizute haien seme-alabei eskubaloiak asko lagundu diela. Horregatik bakarrik merezi du.

"Helburuak eta erronkak eta sozialki hain politak izanik, ezin diot ezetzik esan presidente jarraitze moduan jarraitzeari"

Klubean, zertan aldatu dira gauzak hasi zinenetik?

Emakumezkoek garrantzia handia hartu dute azken urteetan, eta asko pozten nau horrek. Bestalde, nire ikuspegia ere aldatu egin da horrekiko. Orain arte, ez dut garbi ikusi genituen baliabide gutxiak nesketan inbertitzeko aukera, denbora gutxi iraun izan dutelako taldeek, baina orain, uste dut emakumezkoen eskubaloian inbertitu behar dugula, haiek ere konpromisoa erakusten dutelako.

Entrenamenduetara itzuliko da talderen bat edo datorren denboraldira arte ez?

Ez dakigu Iturripe noiz zabalduko duten eta ze baldintza edukiko ditugun erabiltzeko. Izan ere, eskubaloia kontaktu handiko kirola da, eta oso zaila izango da distantziak mantentzea. Txapelketei dagokienez, komentario batzuek diotenez, profesionalak irailean hasiko dira baina hortik beherakoak, agian, urtarrilera arte ez omen dira hasiko. Ez dago erabaki ofizialik. Zain gaude, eta oraindik goiz da datorren urteko denboraldiaz hitz egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak