Traje berriak Arrasateko haur danborradarako

Mireia Bikuña 2020ko eka. 5a, 09:59

Arrasateko haur danborradako trajeen prototipoak.

Arrasateko Udalak diru partida bat bideratu du arropa berriak egiteko. SUDC elkarteko kideen eta Amaia Albesesen artean egin dituzte diseinuak, eta Natalia Garciak dihardu horiek josten. Bi konpainiarendako trajeak egingo dituzte.

Urrian hasitako proiektuak ekainaren 13an ikusi beharko zukeen argia. Sanjuanei ongietorria emateko Arrasateko haurren danborradako kideek dotore erakutsiko zituzten eurendako propio egindako traje berriak. Bada, aurtengo jaiak ez dira betikoak izango, eta danborrada ere ez. "Hurrengo urtean estreinatuko dituzte", diote. Estreinatu edo ez, traje horiek labean daude. "Iazko urrian hasi nintzen SUDCeko kideekin batera traje berrien diseinua lantzen. Oraingoek 30 urte baino gehiago dituzte, eta berritu beharra zeuden. Udalak diru partida ipini zuen, eta lanean hasi ginen", dio Amaia Albesek.

Garbi zuten umeen trajeak berritu egin behar zirela, baina danborradaren esentzia galdu barik. "Elkarlana prozesu polita izan da. SUDC elkartekoek ezagutzen dute danborrada barrutik. Gainera, arrasatear gehienok parte hartu dute inoiz danborradan. Baita nik ere. Hortaz, bi aldeen ilusio horrekin jokatu dugu diseinuak egiteko orduan", esan du Albesek. Urdin, berde, beltz eta more koloreko oihalak erabili dituzte txaketak egiteko. Prakak zuriak izango dira. Eta hor dago berrikuntzetako bat: haur danborradako kide guztiek prakak erabiliko dituzte. Haur danborradan parte hartzen duten bi konpainiarendako egingo dituzte arropak. Guztira, 58 traje: 26na konpainia bakoitzarendako, zuzendariendako bana eta zaldi gainean doazenendako beste lau. Era berean, adostu zuten helduen danborradan zaldi gainean doazen emakumeendako trajeak berritzea.

Jostun baten eskutik

Diseinuak bukatu ostean, lanaren bigarren zatia nola kudeatu erabaki behar izan zuten. Jostun lanak egitearena, hain justu ere. "Aukeratako bat zen arropak norabait bidaltzea, han josteko. Bada, erabaki zen jostun bat kontratatzea jostun lana egiteko". Eta lan horretan dihardu Natalia Garciak azken sei hilabeteetan. "Prototipoak egin genituenean, hezur-haragizko modeloak izan genituen, neurriak ondo zehaztu ahal izateko. Umeei probatu genizkien trajeak, ahalik eta erosoen sentitzeko. Ederto pasa genuen", esan dute. Aurkezpen ofiziala Alarma egoerak behartutako bi hilabeteko etenaldiaren ostean, azken ukituak ematen dabiltza. 2021ko danborradara itxaron barik, Arrasate Udalak eta SUDC elkarteak herriaren aurrean aurkeztu gura dituzte traje berriak. Ekitaldi hori noiz, non eta nola izango den ez dute aurreratu, baina, dena delakoa izanda ere, segurtasun neurriak bete beharko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak