Zailtasunak ikusten dituzte udazkenean probak antolatzeko

Xabier Urtzelai 2020ko eka. 5a, 17:00

Pilotuak Aramaioko rallysprinta hasteko gertu, 2017ko edizioan. Baliteke hori izatea ibarreko lasterketa bakarra 2020an. Argazkia: GOIENA

Dena ondo bidean, uztailean lehenengo auto lasterketak ikusi ahal izango dira Euskal Herrian, baina ez Debagoienean. Aramaioko Azpiko Racing taldekoek bakarrik dute garbi irailean rallysprinta antolatzeko ahalegina egingo dutela.

Joan den astean aurreratu zuen GOIENAk Euskadiko Automobilismo Federazioa eta Jaurlaritza lasterketen egutegia uztailean berrekiteko adostasunera iritsi zirela –egoerak baimentzen badu, behintzat–. Albiste horren aurrean, baina, Debagoieneko lasterketetako antolatzaileek hartu dute hitza. Pandemia egoeran bertan behera geratu dira Eskoriatzako eslaloma –maiatzak 16– eta Gorlako igoera –maiatzak 23–; ikusteko dago zer gertatuko den gainontzeko lau hitzorduekin. Oraingoz, hauxe da egoera:

GORLAKO IGOERA: Maiatzean izan behar zuen, eta zail ikusten dute lasterketa udazkenean egitea

"Oso zail ikusten dut udazkenean Gorlako igoera antolatzea". Gorla Racing taldeko ordezkari Xabier Zabaletaren hitzak dira: "Babesleei udazkenean diru eske joan behar badugu, eta hilabete gutxira 2021eko edizioa ostera ere antolatu ahal izateko ate joka hasi behar badugu... Ez dut batere garbi ikusten".

Horrekin batera, Zabaletak Federazioak segurtasun neurriak zaintzeko landutako protokoloaren berri ere izan du –ez da behin betikoa–, eta zalantzak ditu hor ere: "Jendea lasterketetara ondo pasatzera etortzen da, eta denek maskarak jantzira etorri behar badute, jende pilaketak zainduta, distantziak... Nork egin behar du hor polizia lana? Antolatzaileok? Urtebetez ez antolatzearren ez da ezer gertatzen".

INTXORTAKO IGOERA: Lehenengo edizioa izan behar zuena bertan behera uztea erabaki dute

Ekainaren 27an antolatu behar zuten lehenengoz A+Gas taldeko lagunek Intxortako igoera. Errepide horiek ohituta daude auto lasterketak hartzera, Bizkaiko Balkoiko rallyko tramuetako bat Angiozartik eta Asentziotik pasata egin izan dute eta. Hala, duela urte gutxi Udalako igoera antolatzeko izandako zailtasunak ikusita, A+Gasekoek aukera polita zuten Bergarako errepideetan. "Baina datorren urtera atzeratzea erabaki dugu, lasterketa antolatzeko astirik ez izatearekin batera ez dugu-eta uste babesleengana jotzeko momentu egokia denik", dio Asier Amutxastegik.

Izan ere, beste urte batzuetan antolatu izan dituzten erakustaldi edo lasterketetan izan dituzten babesle nagusietako batzuek lotura zuzena zuten automozioarekin: "Eta krisialdi honek gogor astindu du sektore hori. Lantegiak itxita izan dituzte eta auto kontzesionarioek ere ezin izan dute normaltasunarekin lan egin. Horrenbestez, ikusten dugu ez dela momentu egokia ate joka hasteko, eta, pena ematen badigu ere, ez da ezinbestekoa lasterketa antolatzea; horrenbestez, 2021ean egingo dugu".

LEINTZ GATZAGAKO IGOERA: Uztailean ez dute lasterketa antolatuko, eta udazkenean... 

Egutegiko hurrengo hitzordua Eskoriatzan egin beharko zuketen, Leintz Gatzagako igoerarekin. Eta, Ander Corcuerak garbi dauka uztailaren 4an, behintzat, ez dela lasterketarik egongo: "Kartelak hilabete lehenago egon behar izaten du gertu, eta, gainera, gure lasterketa Eskoriatzako jaien egitarau barruan egoten da. Horrenbestez, aurten ez dakigu zer egingo dugun. Garbi dugu uztailean, behintzat, ez dela lasterketarik egongo".

Horrekin batera, babesleekin hartu-emanetan hasi ez badira ere, garbi dauka ez dela dirua eskatzera joateko momentu onena: "Zeinengana joko dugu laguntza eske? Jendea egoera delikatuan dago eta horrek ere ez du batere laguntzen". Eta azkenik, oraindik ikusteke dago datozen asteotan zenbat aldatuko diren jende pilaketak ekiditeko segurtasun neurriak: "Kontuan hartu Eskoriatzako tabernen laguntza ere izaten dugula lasterketa antolatzeko, baina ondoren, sari banaketa ekitaldia egiten dugun momentuan jende asko batzen gara plazan, eta sekulako poteo giroa sortzen da Eskoriatzako kaleetan. Hor, neurri baten, tabernei aurrez emandako laguntza itzultzen diegu. Baina aurten ezin bagara batu jende asko, ala sari banaketa ekitaldia beste modu batean egin behar badugu... ez dakit, Oraingoz, zailtasun asko ikusten ditugu".

UDANAKO IGOERA: talde aldaketa izan dute; bestela ere, aurten ez zuten proba antolatu behar 

Udana Racing taldeko ordezkariak trantsizio urtean harrapatu ditu COVID-19aren gaitzak. Jende berria sartu da, eta aurten ez zuten lasterketa antolatzeko asmorik. Hala, pandemiak ez dizkie urte hasierako asmoak aldatu: "Taldean zeuden aurreko kideek oso lan txukuna egin dute azken urteotan, eta gure aurtengo helburua gehiago izan da lan administratiboarekin hastea, dena eguneratzea".

Hala, gazteek erreleboa hartu dute eskuderian: "2021ean Udanako igoera normaltasunez antolatu gura dugu. Gainera, udazkenean antolatzea erabakiko bagenu, arazoak izango genituzke, besteak beste, argitasunarekin. Izan ere, gure lasterketa udan antolatu izan dugu eta batzuetan proba asko luzatu izan da; udazkenean eginez gero, gauez amaituko genuke proba".

ARAMAIOKO RALLYSPRINTA: Lasterketa normaltasunez antolatzeko dabiltza lanean

Gauzak ondo bidean, badirudi Aramaioko rallysprinta dela aurten Debagoienean izango den automobilismo hitzordu bakarra, "Gu lasterketa antolatzeko asmotan gabiltza, hori dugu buruan", dio Inhar Amenabar aramaioarrak. Berez, irailaren 12an dira lasterketa egitekoak, eta badute lasterketa txukun antolatzeko astia, baita datozen asteotan nobedadeak egongo balira horietara egokitzeko denbora ere: "Babesleen beharra dugu denok, eta oso kontziente gara zein den egungo egoera. Ez da batere erraza izango laguntza jasotzea, baina uste dugu bestela ere aurrera egin genezakeela, nahiz eta zailtasunekin izango den. Neurriak hartu beharko genituzke, gastuak murriztu... Baina iraileko lasterketa antolatzeko prest gaude gu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak