Klase presentzialak berreskuratu ditu Arrasate Musikalek

Eneko Azurmendi 2020ko eka. 2a, 12:45

Piano ikaslea eta irakaslea, maskara jantzita.

Atzo, astelehena, ikasle batzuk klaseak aurrez aurre jasotzera itzuli ziren. "Pena da azken txanpan gaudela eta hiru aste besterik ez ditugula egingo, baina ikasle zein irakasle, gogotsu zeuden", azaldu du Edorta Aiastui ekintza arduradunak. 

"Ikasle zein irakasle, gogotsu zeuden lehengo bizitzara bueltatzeko, eta aste honetan izan duten harrera oso ona izan da. Uste genuen ikasle gazteenak ez zirela etortzera animatuko, ikusita eskolan ere ez direla hasi, baina ikasle asko etorri dira, adin guztietakoak, eta pozik gaude", dio Aiastuik.

Protokolo guztiak bete dituzte, segurtasun neurriak hartuz. "Guztiok musukoa erabiltzen dugu, nahiz eta gero, tronpeta jotzeko, adibidez, kendu egin behar izaten dugun".

Printzipioz, klase indibidualak izango dira. "Nahiko talde handiak ditugu, eta nahiago izan dugu zuhur jokatu, pilaketak ekiditeko. Gero, irailean, ikasle guztiekin hastea da asmoa, eta gure gelak horretarako egokitzen ari gara. Esango nuke badaukagula lekua bi metroko distantzia hori gordetzeko ikasleen artean".

Online jarraitu edo presentzialera bueltatzeko aukera izan dute ikasleek. "Nik, adibidez, 30 ikasle ditut eta erdiek online jarraitzea erabaki dute. Orain arte etxean eroso sentitu izan dira, eta konexio telematikoa oso ona izan denez, etxetik jarraitzearen aldeko apustua egin dute". 

Aiastuiren esanetan, klase presentzialetan beti da errazagoa irakastea. "Telematikoki aritzean, aspektu batzuk ezin dira ondo landu, soinua, afinazioa, artikulazioa eta abar". Hala ere, esperientzia positiboa izaten ari dela onartu du. "Ikasleek kontzentrazioa asko mantendu dute etxean, eta batzuen kasuan, ilusioa berpiztu die bizilagunentzat jotzeko aukera izateak ere. Nere kasuan, behintzat, ikasle guztiak zoriondu ditut, etxetik lan egitean oso jarrera ona erakutsi dutelako. Esperientzia guztietatik ikasten da, eta ikusi dugu modu horretan ere egin daitezkeela gauzak". 

Ikasturte bukaera, hilaren 19an

Klase presentzialei dagokienez, ekainaren 19ra arte jarraituko dute. Klase telematikoak, ordea, luzatu egingo dituzte agian. "Gero irakasleok egun batzuetan joan beharko gara, eta datorren ikasturtera begira jarri. Izan ere, zalantza asko daude oraindik. Txarrenerako prestatuko gara badaezpada, eta gero ona bada, askoz hobeto". 

Uztailean, agian, kontzertua

Uztailean, Arrasate Musikal Big Banden kontzertua egiteko aukera aztertzen ari dira, Monterron parkean. "Berez, uztailaren 2an egitekoak gara, baina agian oso goiz da, eta gure kontzertua Blues jaialdian txertatzeko aukera ere aztertzen ari gara, eta herrira gerturatu. Ikusiko dugu, oraindik ez dugu ezer erabaki". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak