Kevin Barranca: "Etxean oso fin ibili gara; etxetik kanpo, ordea, ez"

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 29a, 11:32
Kevin Barranca, Mondrateko elastikoarekin, baloia jaurtitzeko gertu. (Argazkia: Imanol Soriano)

Duela sei urte Mondrate talde sortu zenetik gaur arte aritu da klubean, Kevin Barranca. Aurten, taldeko kapitain izateaz gain, presidente gisa ere aritu da. Jon Zabala entrenatzaile ohiaren itzulerarekin "ilusioz beteta" hasi zuten denboraldia, baina ez dute erregulartasuna izaterik lortu. Aurten ez dute infantil eta kadete talderik izan, eta harrobia indartzea dute helburu.

Jonatan Rasorekin batera, klubaren sorreratik gaur egun arte aritu da Kevin Barranca Mondraten, buru-belarri. Jokalari izateaz gain, entrenatzaile aritu izan da gazteekin, eta denboraldi honetan talde nagusiko kapitain eta klubeko presidente lanetan aritu da.

Sailkapen erdialdean amaitu duzue denboraldia, zortzigarren postuan. Gustura egindako lanarekin?

Ilusioz beteta hasi genuen denboraldia; batez ere, klubaren hasierako urteetan entrenatzaile aritu zen Jon Zabala itzuli zelako. Iazko denboraldian ez genituen oso emaitza onak izan, eta gogo handia genuen aurtengo denboraldian gauzak txukunago egiteko. Baina, egia esan, ez dugu erregulartasun handirik eduki. Etxean oso indartsu egon gara, eta puntu gehienak poltsikoratu ditugu; baina etxetik kanpo asko kosta zaigu emaitza onak lortzea, eta horrek eraman gaitu sailkapen erdialdean egotera.

"Jokalari gazteek egindako lana azpimarratuko nuke. Aurten bi izan dira gazte taldetik talde nagusira saltoa egin dutenak, eta oso maila ona erakutsi dute"

Zer falta izan zaizue etxetik kanpo?

Bada, ez dugu asmatu partiduak kontrolpean izateko orduan. Irabazten hasi arren, golak sartzen zizkigutenean taldea behera etortzen zen, eta partiduek ihes egin izan digute. Aspektu emozional hori ez dugu behar bezala lantzen jakin.

Zaleen babesa, etxean, betidanik izan duzue. Hori gabe zailagoa da?

Ez dakit. Egia da beti izan dugula babes handia, sorreratik, eta asko eskertzen dugula. Guretzako behar-beharrezkoak dira Mondrateren zaleak.

Areto futbola talde kirola da, eta zaila da norbait nabarmentzea. Baina aurtengo denboralditik norbait nabarmendu beharko bazenu?

Bada, jokalari gazteek egindako lana azpimarratuko nuke. Aurten bi izan dira gazte taldetik talde nagusira saltoa egin dutenak, eta oso maila ona erakutsi dute. Jon Zabala entrenatzaileak jokalari talde murriztua nahi zuen lehen taldearentzat. Horrek baditu bere abantailak: bloke bezala jokatzeko, elkarri laguntzeko... baina lesioak egonez gero arazo potoloak sortzen dira, eta kasu horietan gazteen laguntza ezinbestekoa da. Julen Estrella izan da gazte horietako bat. Gazte taldean nire aginduetara aritu izan zen, eta oso polita da zuk entrenatu ostean zure taldekide bihurtzea.

Jokalari, kapitain eta presidente aritu zara aurten. Ez al dira ardura asko?

Iaz, adibidez, jokalari eta gazte taldeetako entrenatzaile izan nintzen aldi berean, eta lan handiagoa da. Hala ere, kadeteekin eta gazteekin Gipuzkoako txapeldun izan ginen, eta egindako lanak fruituak eman zituen. Aurten gauzak lasaiago hartu nahi izan ditut eta presidente kargua hartu dut.

Zer dakar presidente lanak?

Lana da, baina ez ditut nik bakarrik egiten. Jonatan Rasok asko laguntzen dit, bera arduratzen baita talde guztien ordutegiak kudeatzeaz. Baina aurten, adibidez, taldekide gehiagoren laguntza eduki dugu, eta Jonatanek eta biok asko eskertu dugu. Xabi Gorroñogoitia, Jon Murgoitio eta Brian Fernandes hurreratu zaizkigu eta talde txiki bat sortu dugu, lan administratiboak banatzeko: partiduetako kartelak egin, Federazioari dokumentuak bidali...

Arlo pertsonalean, nolako urtea izan da?

Gustura geratu zara eman duzun mailarekin? Ondo hasi nuen urtea, baina hasi eta gutxira lesioa izan nuen, eta horrek erritmo fisikoa galtzea ekarri zidan. Ostean, beste lesio bat ere izan nuen, bi guztira. Txarrena izan da berriz sasoia hartu eta lesioak atzean utzita nituenean etorri dela geldialdia, eta ligaren amaiera. Gogoa nuen denboraldiko azken txanpan sentsazio onak berreskuratzeko eta taldea laguntzeko; baina ez da posible izan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak