Maria Ubarretxena: "Aurrekontuan ez dugu inolako murrizketarik egingo"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko mai. 29a, 12:00
Arrasateko alkatea udaletxean, alkatearen bulegoan.

Koronabirusak eragindako krisiak krisi eta diru sarrera txikiagorekin bada ere, aurrekontuan doikuntzak egin eta proiektu nagusiek bere horretan jarraituko dutela dio Arrasateko alkateak. 

Nola ikusi dituzu Arrasateko herritarrak arintze faseko egoera berrietara moldatzen?
Erantzukizunez jokatzen, jokabide oso onarekin.

Arrasaten, bereziki, ikusi ditugu bi hilabete hauetan hainbat atxiloketa, jazarpen…
Balioan jarri nahiko nuke udaltzainen lana erantzukizun handiz jokatu dutelako konfinamendu egoera honetan eta pertsonalki ekarpen asko egin dituztelako. Oro har, konfinamendu egoera honetan, batik bat, lan pedagogikoa egin du Udaltzaingoak. Oso lan ona.

Martxoaren 8a kalean zapatuan gertatu zen atxiloketak hautsak harrotu ditu. Autoarekin kolpatu ostean, eskuetan labana bana zeukan gizonezko bat atxilotu zuten ertzainek eta udaltzainek. EH Bilduk kontuak eskatu ditu.
Ez daukat ezer esatekorik. Guk babestu nahi dugu udaltzainek egindako lana. 

Koronabirusak eragindako jarduera ekonomikoaren etenagatik, merkataritza sustatzeko 930.000 euroko laguntzak iragarri zenituzten. Lehenetakoak izan zineten halako ekimen bat iragartzen. Zertarako edo zeinendako zehazki? Ongizate Zerbitzuak indartu ditugu. Esaterako, Gurutze Gorriarekin batera, 50.000 euroko partida jarri genuen hasieran. Egoera zaurgarrian zeuden familiendako laguntza berezia bideratu dugu: elikagaiak, sendagarriak, ikasleei interneteko konexioa bermatzeko laguntzak… Gizarte Larrialdietarako Laguntzak indartu dira. Urkoarekin batera, pertsona nagusiei jarraipena egin zaie. Oso lan ona egin dute eta egiten dihardute gizarte zerbitzuetako Udal langileak. 

Tokiko merkataritza sustatzeko laguntzak ere bideratu dituzue.
Egoerak behartuta, ostalaritzak edo bestelako dendek itxi egin behar izan dituzte euren negozioak. Eta kontuan hartuta herria bizirik eusten laguntzen dutela eta gure ehun ekonomikoko parte inportante direla, hor ere hainbat diru-laguntza lerro sortu ditugu. Batetik, Ibai-Arterekin elkarlanean, 25.000 euroko lerro bat, hainbat jarduera bultzatzeko: kaleko ekintzak e.a. Bestetik, ur tasa, zabor tasa eta bide okupazioko tasa urte erdiz ez kobratzea erabaki genuen. batetik, itxiera sasoian, ez dutelako erabili zerbitzu hori eta, bestetik, gastuak arindu eta laguntze aldera. 

Erosketa-bonuak ere jarriko dituzue salgai.
Bai, 15.000 bonu, astelehenetik aurrera. Herritarrek 10 euro jarri eta Udalak beste 20 jarriko ditu. Guztira, 350.000 euro bideratuko ditugu.

"Aurrekontua bere horretan geratuko da: ez da egongo jaitsierarik ez euskaran, ez zerbitzuetan…"

Foru Aldundiak iragarri zuen Foru Funtsetik %20 gutxiago helduko zitzaiela udalei. Arrasateko Udalari, zenbat gutxiago?
3.200.000 euroko jaitsiera da. Dena den, diru sarrera murrizketa ez dator bakarrik Foru Funtsetik gutxiago jasoko dugulako, baizik eta zergak eta tasak ez ditugulako kobratuko, jarduera ekonomikoa jaitsi egin delako… Horrek inpaktu bat dauka eta da 4 milioi eta erdikoa, guztira. Guk, dena den, etxeko lanak egin ditugu. Egokitu dugu aurrekontua errealitate berrira. Datorren asteko Osoko Bilkurara eroango dugu gaia eta Udal aurrekontuaren egokitzapen hori egin dugu, batez ere iazko gerakinetik hartuta eta, bestetik, hainbat partida blokeatu ditugulako. Izan ere, badakigu, dagoeneko, aurten ezingo ditugula partida horiek gastatu, astirik ez dugulako izango. Altxortegian geneukan milioi bat euro erabiliko dugu zuloa estaltzeko.

Aurrekontua bere horretan geratuko da?
Bai. Ez da egongo jaitsierarik ez euskaran, ez zerbitzuetan…

Foru Funtseko murrizketak iragartzeko erabilitako moduagatik haserretu egin ziren EH Bilduko alkateak Diputazioarekin. Zuri ze iruditu zitzaizkizun moduak?
Apiril hasieran egin genuen batzar bat Diputazioarekin lurraldeko alkateok eta orduan iragarri zuen Ogasuneko diputatuak %20 eta %25 arteko jaitsiera egongo zela. Zergetan bilakaera hori aurreikusten zelako. Hori aintzat hartuta hasi ginen lanean eta aurrekontuan doikuntzak egiten. 

Aurrekontuan jasotzen diren inbertsio nagusiei ez die eragingo?
Obrak bere horretan jarraitzen dute. Proiektuak aurrera doaz. Gerakina eta altxortegiaren zati bat erabiliko dugu. Kulturola, esaterako, geldi egon da une baten, baina behin abiatuz gero, aurrera doa bere horretan. 

Ze zor dauka Arrasateko Udalak?
Ez dauka zorrik. Osasuntsu dago kontuen aldetik. Eta ez dugu aurreikusten zorpetzerik ez krediturik eskatzerik. Zuhurtziaz ibili gara aurreko urteetan. Agintaldi amaieran ikusiko bagenu zorpetzeko beharra, ez genuke baztertuko. 

"Kale batzuk oinezko bihurtzeko egindako ahaleginaren ostean, aldaketa batzuk planteatu behar dira. Izan ere, bizilagun batzuek adierazi dute ez daudela neurriarekin gustura"

Koronabirusak gogor jo du Arrasaten eta Iturbide egoitzan ere latza izan da egoera, hildako eta kutsatutako askorekin. Ze ardura dauka Udalak Iturbide egoitzaren kudeaketan?
Iazko apiriletik, Diputazioaren Kabia erakunde publikoak kudeatzen du egoitza eta Udalak, berez, ez dauka erantzukizunik horretan. Udalak laguntza eskaini du uneoro eta tratu zuzena izan du zuzendariarekin, langileekin, senideekin…

Arintze fasea hasi dela-eta, mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko neurriak ere hartu dituzue. Kale batzuk oinezkoendako bihurtu… Ondo ari dira funtzionatzen?
Gipuzkoa Etorbidearen eta Garibairen zati bana itxi ditugu trafikora. Aldaketa batzuk planteatu behar dira. Villa Anparoko etxeetako joan-etorria itxi egingo da eta Gipuzkoako Etorbideko errail bat ireki egingo da. Euskal Herria plazan ere bai. Izan ere, bizilagun batzuek adierazi dute ez daudela neurriarekin gustura. 

Tabernak eta jatetxeak zabaldu dituzte oraingo astean. Arazorik?
Ez. Terrazak ireki ziren lehen egunean pilaketa batzuk sortu ziren, baina normala da. Terrazaren espazioa bikoizteko aukera eskaini diegu tabernariei eta beste herri batzuek eredu moduan jarri zuten. 

Uda ate-joka dugu: igerilekuak zabalduko dituzue?
Uztaileko lehen asterako irekiko ditugu. Egoera berezian, hori bai: edukiera mugatuarekin, segurtasun neurriekin… Gauzak aldatzen doaz egunetik egoera, baina gaur gaurkoz daukagun informazioarekin eta jarritako baldintzekin zabaltzeko lanean ari gara. Santa Barbarako ur parkea ere uztaileko lehen egunetan ireki nahi dugu. 

"Udako hilabeteetan egiten den Udazabalekin aurrera goaz. Kulturarekiko apustua irmoa da"

Eta kultura?
Udako hilabeteetan egiten den Udazabalekin aurrera goaz. Lan gehigarria eskatuko digu, egoera berezi honetan, edukiera eta segurtasun neurriei dagokienez. Kulturarekiko apustua irmoa da. Areto irekietan izango da. Baina ari gara lanean areto itxietako baldintzak aztertzen eta egokitzen. Amaia antzokia irailean zabaltzea da gure asmoa; zinea ez da itzuliko ordura arte. 

San Juan jairik ez da "bere horretan" egingo. Baina zerbait egingo da?
Kultura batzordea, herriko kultur eragileekin, ari da lanean eta asmoa da ekitaldi batzuk egitea. Hasiera baten pantailak eta balkoiak baztertu egiten ditugu. Kalean egin nahiko genuke egin beharrekoak. Herriko plazan ekitaldi sinboliko bat egin gurako genuke. Sua egingo dugu eta jaietako antolakuntzan aritzen den eragile bakoitzeko ordezkariekin ekintza bat. San Juan zortziko bat… Nahiko genuke kultur eragileekin adostutako ekintza sinbolikoa egitea. 

Ekintza sinboliko horrekin plaza jendez betetzea aurreikusten duzue?
Ez, hori saihestu nahiko genuke. Aurten jaiak ezingo direnez ospatu modu ohikoan, hori ordezkatuko duen ekimen sinbolikoa egin nahi da, esaterako, Goienak zuzenean emateko Internetetik. 

Suaren aurrean dantzan ikusiko zaitugu aurten?
Ez dut uste. Ez dakit zer erabakiko den, baina uste dut kultur eragile guztiak izan behar direla protagonista.

Ardura ematen dizue Beasaingo festetan gertatutakoak?
Arduraz hartzen dugu, bai, ze agintariok badugu ardura bat. Erabakitzen dugunean zer egin sanjuanetan, segurtasun neurri guztiak hartuko ditugu. 

Ze aurrekontu zegoen gordetan San Juan jaiak antolatzeko?
Jai Batzordearen aurrekontua handia da. Jai guztietakoa. Sanjuanetarako, 150.000 bat euro. Aurten erabiliko ez dugun jaietako aurrekontuaren zati bat erabiliko dugu merkatari, ostalari eta elkarteei laguntzeko, osasun protokoloak-eta betetzeko: gelak, manparak eta halakoak erosi ahal izateko.

TAO sistema ezartzea da agintaldiko puntu garrantzitsuetako bat. Sistema ezartzeko lanean hasiak zineten, baina koronabirusak bat batean eten egin zuen plana. Ze puntutan geratu zen?
Parte-hartze prozesua ez da oraindik amaitu. Proposamenak egin zituzten kolektiboekin hartu emana berreskuratzen hasiko gara. Auzazko taldearekin azken batzar bat egitea geratzen da, baita herritarrekin azken bilera irekia egitea ere, Auzazko taldearen azken proposamena borobiltzeko. Aurreikuspena zen datorren urtean jartzea TAO sistema eta ideia horrekin jarraitzen dugu. Ez daukagu presarik, dena den. Prozesu parte-hartzaileari eman genion garrantzia eta oso gustura gaude horrekin. 

Koronabirusaren osteko gizartea arduratsuagoa izango da ingurumenarekiko?
Aurretik ere bageunden klima aldaketarekin kezkatuta eta uste dugu ideia horrek indarrean jarraitzen duela. Paradigma berri batera jauzi egin behar dugu, komunitatearekin batera, Arrasate ekologiko baten alde. Hasieran geneuzkan proiektuekin jarraitzen dugu: bidegorri sarearekin, ekobulebar-arekin…

"Sanjuanetara begira, Herriko plazan ekitaldi sinboliko bat egin gurako genuke, herriko eragileen parte hartzearekin: Sua, San Juan zortzikoa…"

EH Bilduk eskatu du ekobulebar-a atzeratzea. Ondo ikusten duzue?
Proiektuekin aurrera jarraitzen dugu, ze Arrasate ezin da atzean geratu. Antoñako hezegunea oso polita dago une honetan, Etxezarreta ere ari gara berreskuratzen… Eta jarraitzen dugu auzoetako irisgarritasun proiektuekin. Erguingo igogailua egiteko lanak martxan daude eta Santa Teresako igogailuaren proiektua lehiaketara atera dugu laster. Arrasateko auzoak urte luzez abandonatuta egon dira eta guretako lehentasuna dira. Oinezkoen joan-etorria bultzatzeko beharrezkoak dira.

Ekobulebar-az ari garenean, zertan ari gara?
Bidegorri sareaz. Gure herria prestatzen jarraitzen dugu bizikletendako. Araba Etorbidean egin da, Maiatzaren Lehena Plazaraino. Hortik, Maalaraino, bidegorriarekin jarraitzea da asmoa, oinezkoendako espaloi zabalekin, zuhaitzekin… Lehentasun dira oinezkoak; gero, bizikletak eta garraio publikoa, eta, azkenik, ibilgailu arruntak.

San Andres inguruaren urbanizazio lanak amaitu dituzue?
Lotura txiki bat geratzen da errematatzeko. Araba Etorbidearen eta Kurtzetxiki plazan amaitzen den bidegorriaren zatitxo bat geratzen da. Metro eskas batzuk. Uribarritik San Andreseraino edo Maalaraino oinez edo bizikletaz eroso joatea ahalbidetuko luke horrek. 

"San Andreseko auzotarrek esan digute urteetan egon direla Udalaren aldetik guztiz abandonatuta eta oso eskertuta daudela"

Arrasate-Mondragon biribilak eman du zeresana. 
Udal teknikariek planteatu zuten 2019ko ekainean eta proiektuan sartu zen. Gure herriaren izen ofiziala Arrasate-Mondragion da eta horregatik erabaki zen hala jartzea. Mondra kluba ere hor dago, hainbat herritar mondragoetar sentitzen dira… Ez diogu aparteko garrantzirik eman. Herritarrengandik jaso dugun erantzuna oso ona da. Auzotarrak daude bereziki pozik eta gustura. Esan digute urteetan egon direla Udalaren aldetik guztiz abandonatuta eta oso eskertuta daudela. 

Kiroldegi berriarena agintaldi honetarako erronka nagusietako bat zen zuentzat. Zertan alda ditzake asmoak egoera ekonomiko berriak?
Ez da erraza epeak ezartzea, koronabirusak ziurgabetasun egoera ezarri duelako. Dena den, kiroldegia lehentasuna da. Aluminosia dauka eta konpondu beharra dago. Atzeratu egin da prozesu parte-hartzailea. Athlonekin batera prestatu da, baina ez da abiatu oraindik. Herritarrekin adostu nahi dugu zelako kiroldegia gura dugun adostea. Agintaldi honetan proiektua bideratua eduki nahiko genuke.

Aurreko agintaldian askotan adierazi zenuten Juan Arzamendi Musika Eskola zuen proiektu izarra zela. Obra hori egiten ari zen Lurgoienek obra utzi izanarena eragozpen handia izan da?
Urtarril amaieratik daude geldi lanak, baina pandemiaren eraginez, epe administratiboak geldi daude eta kontratua apirilean eten bagenuen ere, epeak berriro abian jarri arte, ezin dugu beste ezer egin. Lanean jarraitzen dute Udal teknikoak pleguak egiten. Kontratua apirilean eten izanak ahalbidetu digu behin behineko likidazioa egitea. Horrek esaten digu obraren ze zati geratzen den egiteko. Falta den zatia esleitzeko prozesua abiatzeko lanean ari gara. Datorren urtera arte lanak berriro hasiko ez direla uste dut, baina agintaldi honetan amaituko ditugu; izan ere, zazpi bat hilabete geratuko lirateke amaitzeko. Arrasate Musikalekin harremana uneorokoa da. Lasai daude. 

Likidazio txostenean 60.680 euroko deskoadratzea agertu zen. Oposizioak kritika gogorrak egin dizkizue gaia ondo kudeatu ez izanagatik.
Informazioa eman da gardentasun osoarekin Hirigintza Batzordean. Gai teknikoa da. Udalaren erabakiak egokiak izan dira. Obrak gelditzen direnean, une jakin batean ateratako argazkiak ematen duena erakusten du deskoadratze horrek.

Musika Etxe berria Juan Artzamendi eraikin berrian kokatzen denean, ze gertatuko da Monterronekin?
Ez dago erabakita. Bere garaian EH Bilduk proposatu zuen Emakume Txokoa jartzea bertan. Aukera bat izan daiteke. Ondo deritzogu, baina ez dago ezer erabakita. Eraikin babestua da eta horrek badauzka muga batzuk egokitzapen lanak egiteko. 

Oscar Garciaren kargu uztea sorpresa izan zen zuentzat ere?
Bai. Errespetua eskatu zigun hartutako erabakiarekiko eta guk errespetu hori zor diogu. Ez daukagu beste ezer esateko.

Hasieratik esan zenuten horrek ez zuela PSE-EErekin zenuten gobernu-akordioan eraginik edukiko. Berdin jarraitzen duzue?
Bai. Harreman ona izan dugu lehen eta baita orain ere.

Agintaldi berrian bestelako oposizio bat ikusten ari gara, aurrekoa baino gogorragoa. Hala ikusarazten da Osoko Bilkuretan. Zelako giroa dago zuen artean?
Gobernu taldeko kide gehienok aurreko agintaldiko berdinak gara. Gure jarrera da positiboa eta baketsua. Berdin jarraitzen dugu. Konfrontazioan ez gaituzte aurkituko. 

Gose greban izan den Patxi Ruiz ETAko presoaren egoera salatzeko pintaketak egin dituzte Arrasateko batzokian. Ze irakurketa egiten duzue?
Parte-hartze eta Bizikidetzaren batzordeak lanean jarraitzen du, aurreko agintaldian lan ona egin ostean. Uste dugu arazoak edo desadostasunak elkarrizketaren bidez konpontzen direla eta ez erasoen bidez. 

"Eskualdeko hiru herri handieneko alkateok ados gaude Elorregin komuna jartzeko. Proposamen bat landuko dugu Diputazioari aurkezteko"

Elorregiko komunaren kontuarekin zerbait aurreratu da?
Konfinamendu garaian batzar bat egin genuen Bergarako, Oñatiko eta Arrasateko hiru alkateok, Elorregiko auzo alkatearekin. Denok gaude gertu komuna jartzeko. Proposamen bat landuko dugu hiruon artean Diputazioari aurkezteko. Nahiko genuke zati bat Diputazioak ordaintzea. 

Koronabirusaren krisiak bete-betean harrapatu gaitu. Zerk arduratzen zaitu gehien?
Pertsonen ongizateak eta inor atzean ez gelditzeak. Egoera berria izan da guztiondako, sekula bizi bakoa, bizitza asko hankaz gora utzi duena. 

Gertukoak, denak ondo?
Bai, ondo. Lagun baten amak, gure zinegotzi batek… pasatu dute koronabirusa eta, gertukoek pasa dutenean gogorra da, baina ez da larria izan. Osterantzean, etxean-eta ondo. Lau gara. Bi seme ditugu 11 eta 6 urtekoak. Ondo moldatu gara. Senarrak kanpoan lan egin du. Nik neuk udaletxetik gehienbat. Lehen 14 egunetan etxean. Osterantzean, udaletxean. Umeak zaintzen.eta familiakoek lagundu digute. 250 Udal langile dira. Gehienek etxetik egin dute lan. Aurrera begira, berriro lantokira itzultzeko plana eginda dugu. 

Zer gertatu zaizu gogorrena pandemia honek eraginda?
Tokatu zaizkit gertukoek galdu izana senideren bat eta hori oso gogorra egin zait. Batez ere ikustea pertsona horrek ezin izan duela agurtu bere gertuko senidea; ezin izan duela lagunen, senideen edo ingurukoen babesa jaso. Hori oso gogorra da. Egoera horretan egon direnei doluminak eman gura dizkiet.

Nola daroazu zuk zeuk, honen moduko egoera bat, krisi bat?
Positiboa naiz. Lasaia. Ez naiz beldurtia. Ez zait ezer larririk gertatu inguruan. Eta ondo daroat. Dena den, herriko alkatea naiz eta erantzukizun handia da. Egoera zailetan, beti aurrera begira jartzen den horietakoa naiz. Nola aurre egin, zer egin, erabakiak hartzekoa…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak