Eskualdeko kontalariak, Udaberriko OstegunERO borobiltzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko mai. 26a, 10:31

Virginia Imazen, Vanessa Gonzalezen, Maider Alcelayren, Lander Juaristiren, Dorleta Kortazarren eta Carolina Rementeriaren helduentzako eta haurrentzako kontaketak izango dira, etzi, eguena, (16:00-00:00), Arrasate.eus/biblioteka atarian ikusgai.

Zuzenean edo zeharka irakurketarekin lotuta dauden ekitaldiak eskaini ditu Arrasateko Bibliotekak Udaberriko OstegunERO ekimenarekin. Liburuaren Egunean, apirilaren 23an, abiatu zuten, eta, harrezkero, Arrasate.eus/biblioteka atarian eguenero izan da haurrentzako eta helduentzako eskaintza bana. Etzi, maiatzaren 28an, borobilduko dute zikloa, eskualdeko kontalariekin; 16:00etatik 00:00etara izango dira saioak ikusgai.

"Eskertzeko egitaraua"

Ez dira zuzeneko saioak, baina ikusteko epealdia dute –zortzi ordu–, eta Ane Berasategi Arrasateko Bibliotekako langileak dio hala jarri dutela artisten lana ahalik eta gehien errespetatzeko. "Batzuek hurrengo egunean ikusi nahi izan dute, eta ezin; horrela da zuzeneko formatuan ere... Oso pozik gaude; batetik, astero, batez beste, 400 ikustalditik gora izan ditugulako; eta bestetik, ikusleek bidalitako mezuak bultzada eta pizgarri izan direlako ildo beretik lanean jarraitzeko. Bihotzez eskertu nahi dugu artisten ahalegina".

Sortzaileek asko estimatu dute euren ofizioei irteera bat ematea. Hala dio Virginia Imazek: "Garra piztuta jarraitzeko modu bat da ekimena. Sarean sormen-lan asko daude, baina profesionalon eskua igartzen dela pentsatu nahi dut. Oso eskertuta nago bibliotekakoekin; eta eskualdean, gainera, fan-kluba daukat!".

Hasieratik ari da Maider Alcelay online-ekimena jarraitzen: "Ederra da! Alde batetik, bibliotekan ipuinen presentziarekin jarraitu dutelako, eta guztiontzako garrantzitsua da hori. Asko eskertzen dut nik ere parte hartzeko aukera ematea".

Arrasateko bibliotekan egin zuten azken ipuin kontaketa Dorleta Kortazarrena izan zen, eta deseatzen dago berriz itzultzeko: "Oso gogoan dut saio hori, giro oso berezia sortu zen. Claudia Rementeriarekin izango naiz: keinu hizkuntzan kontatuko du berak eta ahoz, euskaraz, nik".

Ekimen ederra dela dio Vanessa Gonzalezek ere: "Beti iruditu zait kultura mugaezina eta anitza dela, eta oraingoan ere hala erakutsi da". Eta honela dio Lander Juaristik: "Garrantzitsua da halako eragileek kultura zabaltzeko saiakera egitea".

Bertakoak eta originalak

Amamak kontatzen zizkion gerra garaiko kontuei buruzko moldaketa da Iturriotz, eta hori kontatuko du Alcelayk, helduentzat: "Arrasaten gertatutako istorioa da. Lehenengo aldiz kontatuko diot publikoari; oso pozik nago, istorio pertsonala delako eta, aldi berean, bertakoa denez, jendeak ezagutuko duelako".

"Helduentzako eta gazteleraz kontatutako hiru ipuin motz izango dira nireak", dio Imazek, zera gaineratuta: "Pikaro samarrak, barre egitekoak, dira bi, eta hirugarrenak etorkizunari itxaropenarekin begiratzen lagunduko digu".

4 urtetik gorakoentzako prestatu dute Kortazarrek eta Rementeriak txori txiki baten ipuina. "Berezia izango da, bi pertsonak kontatuko dugulako; Rementeriak, itzultzeaz gain, interpretatu ere egiten du".

Nerabeei zuzendutako Lolaren magia ipuina kontatuko duela dio Gonzalezek: "Lola neska gazte eta abila da protagonista; bere nahiak, desioak eta ametsak albo batera utzi, eta itsu bihurtuko da, bere ugaritasuna ilunpean ezkutatuz horrela".

6 urtetik gorakoentzako kontatuko ditu Juaristik. "Nire klasiko bat, Txomin ipurdi, eta beste ipuin ganberro bat dira".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak