Arrasate Musikalen webgunean dago izena emateko inprimakia betetzeko aukera. Inprimaki hori idazkaritzara eraman beharko da. Bestela, 943 77 05 40 telefonora deituta ere jaso daiteke informazioa.
Eskaintza zabala
5, 6 eta 7 urteko ikasleentzat Musika Tailerra eskaintzen du Arrasate Musikalek. "Instrumentuarekin hasi aurretik musikara egokitzeko tailerra da", adierazi du Edorta Aiastuik, ekintza arduradunak.
Bestalde, Suzuki metodoa ere badute, 3 urtetik aurrerako ikasleentzat. Hori bai, biolinarekin bakarrik aplikatu daiteke. "Aspaldiko metodoa da eta hemen hiru bat urte daramatzagu hori aplikatzen. Gurasoen inplikazioa eskatzen du, eta klasean ikasleekin egon behar izaten dira, oinarrizko kontzeptu batzuk ikasteko. Oso eraginkorra dela diote adituek".
Kultura musikala lantzeko saioak ere badituzte helduentzat. "Euskal musikaren eta kulturaren historia eskaintzen dugu. Iaz hasi ginen, eta gehienbat adin nagusikoentzat da, baina edozeinek eman dezake izena. Metodologia bat badaukagun arren, ikasleen beharretara ere egokitzen ditugu saioak".
Horrez gain, zazpi urtetik aurrerakoentzat bateria eta gitarra elektrikoa ikasteko aukera eskaintzen dute. "Bateria instrumentu zaila da adin txikikoentzat, handiegia delako, eta lehen perkusioaren oinarriak bakarrik irakasten genituen. Orain, aldiz, hasieratik bateria ikasteko aukera dago, interesa duenarentzat. Gauza bera gitarra elektrikoarekin ere. Lehen gitarra akustikoarekin hasi behar izaten zuten ikasleek, eta orain, zuzenean elektrikoa ikasten has daitezke".
Oro har, haizezko, sokazko edota perkusiozko instrumentuak jotzen ikasteko aukera dago Monterron Jauregian, baita kantua edota balleta ere. "Horrez gain, hezkuntza berezia ere badute. Ikasle asko ditugu azken honetan. Aschero metodoa erabilita, notak koloreen bitartez ikasten dituzte".