Martxoan, konfinamendua hastearekin batera, bertan behera geratu ziren Udal Bibliotekak antolaturiko hilabete hartako literatura solasaldiak. "Aste Santuan, horri buelta bat ematen hasi ginen, eta, denbora luzerako kontua zenez, online egitea erabaki genuen", azaldu du Saioa Ojangurenek, liburutegiko langileak.
Hala, aurreko astean egin zuten lehen saioa, euskarazkoa, Anjel Lertxundirekin. "Sekula egin bako esperientzia izan zen, berria, baina oso ondo irten zen". Aste honetan bigarrena egin dute, gaztelerazkoa, Cristina Morato idazlearen Cautiva en Arabia liburuan oinarrituta.
Azken bi saioak ekainean egingo dituzte. Euskarazkoa hilaren 4an izango da. Pio Perez Aldasororen Joxe Zapirainen bertsomalkoak liburua izango dute berbagai, eta idazlea bera ere konektatuko da saiora. Gaztelerazkoa hilaren 10ean egingo dute –Italo Calvino idazlearen Las ciudades invisibles liburuarekin–.
Solasaldien koordinatzaileak Alex Gurrutxaga eta Juan Ibarrondo dira.
Bi saio zikloa bukatzeko
Bestetik, Udaberriko ostegunERO zikloaren baitan, hilaren 21ean eta 28an egingo dituzte azkenengo bi saioak. 21ean, Maite Frankok bi ipuin kontatuko ditu, 7 urtetik gorako haurrendako: Bitxia eta Txakur gaua. Adin guztientzako, berriz, Shakti Olaizolak Irakurriz saioa eskainiko du. Kontortsioa, oreka eta dantza irakurketarekin batuko dira zirku-antzerki ikuskizun horretan; familian edo bakarka ikusteko aproposa.