Egoera berezia izanik, "beldur apur bat" bazuten antolatzaileek parte-hartzeari dagokionez, Itxaro Artolak azaldu duenez. "Normalean, nahiko erabakigarria izaten delako irakasleek ikastetxeetan parte hartzera animatzea, eta, aurten etxetik ari direnez, beldur hori geneukan. Baina kopuru orokorra mantendu egin da eta pozik gaude", dio.
Izan ere, 139 lan aurkeztu dituzte guztira. "Iaz baino gutxiago, 184 izan zirelako, baina egia da iaz parte-hartzea asko igo zela". Hala, aurreko urteetako kopuruaren bueltan dago aurtengoa ere. "Beraz, lehiaketaren dinamika mantendu ahal izango dugu, genero guztietan aurkeztu dituztelako lanak".
Narrazioa izan da, "alde handiarekin", nabarmendu den generoa eta poesian ere lan gehiago aurkeztu dituzte aurten. Kontrara, bertso-paperak izan dira parte-hartze baxuena izan dutenak. "Bertsoak, normalean, ikastetxeetan asko lantzen dira, eta hori nabaritu egin da aurten".
Ekitaldia saridunekin bakarrik, seguruenik
Sari banaketa ekainaren 11n egingo dute, Kulturaten. "Ez dakigu ze baldintzatan egin ahalko dugun, baina, momentuz, hasierako planteamendua mantenduko dugu. Hori bai, ekitaldi berezia egin beharko dugu, saridunekin bakarrik. Normalean, saridunen inguruko jende asko gerturatzen da eta aretoa bete egiten da. Aurten zaila izango da hori", dio Artolak.
Idazle gonbidatua Jon Maia bertsolaria izango da. "Normalean 15-20 minutuko sormenaren inguruko hitzalditxo bat eskatzen diogu gonbidatuari, gazteak horretara animatzeko. Aurten, baina, beste modu batera egingo dugu seguruenik, solasaldi formatuan edo ikusiko dugu nola".