EH Bilduk dio ez dela 'Ekobulebarra' egiteko unea

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 13a, 14:59

Egin dituzten kalkuluen arabera "aurreikusitakoa baino 4.000.000 euro gutxiago" batuko ditu Udalak 2020an, eta uste dute "egoera berriak zuhurtziaz jokatzea" eskatzen duela. Ohar bidez azaldu dutenez Ekobulebarrak "3.000.000 inguruko" kostua izango du eta hilabete batzuk itxarotea eskatu dute, euren ustez, orain, "herriaren eta herritarren beharrak beste batzuk" direlako.

Oharrean hala azaldu dituzte Udalak 2020an izango duen sarrera murrizketa, euren kalkuluen arabera "4.000.000 euro ingurukoa kasurik onenean". Aldunditik 4.000.000 euro gutxiago jasoko dituztela aurreikusten dute, eta udal zerga eta tasekin lotuta, ordea, 1.500.000 euro gutxiago. "Udal tasa eta zergen bitartez ere dezente diru gutxiago jasoko dugu; bonifikazioak direla, tasen itzulketa dela, jarduera ekonomikoaren murrizketak eragindako tributu murrizketa dela etab...  Bonifikazio eta tasen itzulketak diru sarreren murrizketa suposatuko dute. Eraikuntza zergaren bidez jasotzea espero zena, hirigintza baimenekin lotutako tasetatik, obren okupazioen tasatik, terrazen tasetatik, ... jarduera ekonomikoari zuzenean lotuta dauden tributuen murrizketa ere %25ekoa izango dela suposa genezake eta horrek, kasurik onenean, 5.500.000  euroren murrizketa suposatzen du gure sarreretan. 2019tik soberan geratutako dirutik, 1.500.000 euro gordeko zirela hitz eman zuten murrizketa hauei aurre egiteko baina jakin badakigu gordetako diru horretatik PNV eta PSOE alderdiek tiraka ari direla gastuetan sakonduz. Beraz, kasurik onenean geratzen zaigun deskoadratzea 4.000.000 eurokoa da" azaldu dute. 

EAJ eta PSE-EE "gastuen exekuzioarekin tematuta" daudela diote. Euren ustez, egoera honetan "zuhurtziaz" jokatu behar da "Udalak ezin izango dielako 2020rako aurreikusitako gastu eta inbertsio guztiei aurre egin". Hala, Ekobulebar-ari buruz esan dute, "momentu honetan ez dela inondik inora proiektu esentzial bat. "Horren adibide garbiena Ekobulebar izendatu duten proiektua da, eko-tik oso gutxi duena. 3.000.000 euro inguru xahutuko duela aurreikusten dena. Momentu honetan inondik inora esentziala ez den proiektua. Gogoratu Juan Arzamendi Musika Eskolaren obrak geldirik daudela eta ez dakigula zelan eta zer kosturekin martxan jarriko diren. Kulturola ere, erlojuaren eraikina, obratan dago. Erguineko igogailua… Arrasateko ekonomia berpiztea nahi bada, larrituta ikusten dugu helburu hori lortzeko PNV eta PSOEri okurritzen zaien gauza bakarra enpresa eraikitzaileei kontratu gehiago esleitzea dela. Herriaren eta herritarren beharrak beste batzuk dira orain".

"Iruditzen zaigu gainera, Ekobulebar-aren kasuan, aktuazio bigun batzuekin –baliabide eta diru gutxi– proiektu horren helburu batzuk bete ahal direla. Horrelako adibidea aurreko astekoa izan ahal da, non, gure ekimenez, oinezkoendako esparru berriak irabazi ditugun herrian" gehitu dute.

"Proiektu handiak" martxan jarri aurretik hilabete batzuk itxarotea eskatu dute eta aurrekontu berriak "denon artean" adosteko borondatea dutela adierazi. 

Esatea, 2020rako onartutako aurrekontuetan, 100.000 euroko partida bat dagoela Ekobulebar proiektua idazteko, ez lanak exekutatzeko. Berriki lanak esleitzeko lehiaketa publikoa egingo duela iragarri du Gobernuak –2,5 milioiko aurrekontuarekin– baina 2020rako onartutako aurrekontuetan ez dago lan horiek ordaintzeko partidarik.


Gobernuaren erantzuna

EH Bilduren oharrari buruz galdetuta adierazi dute, "Arrasateko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea helburu duten egitasmo jasangarriekin aurrera egiteko" asmoa dutela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak