Arrasateko Udalak terrazen eremua bikoiztea baimendu die ostalariei

Miren Arregi Amasorrain 2020ko mai. 8a, 18:04

"Aforoaren galera konpentsatzeko" neurria da Arrasateko Udalak hartutakoa. Astelehenetik aurrera, maiatzak 11, taberna eta jatetxeek terrazak irekitzeko aukera dute %50ean Espainiako Gobernuko dekretuaren arabera. Terrazen eremua bikoizteko baimenak ez du tasak gehitzea ekarriko.

Arrasateko Udalak 2020 urtean ostalarien terrazak bikoiztea baimentzen duen Alkate-Dekretua onartu du. Astelehenetik aurrera, maiatzak 11, taberna eta jatetxeek terrazak irekitzeko aukera dute %50ean Espainiako Gobernuaren dekretuaren arabera. Hau da, mahai eta aulki erdiekin, beren arteko distantzia mantenduz. Arrasateko Udalak, sektorea laguntzeko, edukiera bikoitza hartzea baimenduko die 2020 urte osoan zehar, betiere posible den guneetan. Horrek ez du esan nahi mobiliarioa bikoiztu daitekeenik, baizik eta krisi aurretik zituzten mahai eta eserleku berberak eremu handiagoan jar ditzaketela baizik.

Beraz, 2020an zehar, terrazen eremua bikoiztu dezakete ostalariek honako baldintzak betez:

  • Ezingo da bikoiztutako espazioan mahai gehiago jarri. Bikoiztutako espazioa mahai kopuru bera gehiago sakabanatzeko erabiliko da.
  • Nahiz eta onartutako espazioan jaima bat izan, gehitzen den espazio berrian ezingo da jaima gehigarri bat ezarri. Onartzen da, aldiz, eguzkitakoak jartzea.
  • Behar beste leku utziko da oinezkoak bertatik pasa eta sarbidea libre izateko, bai atarietan, bai ondoko lokaletan ere.
  • Segurtasun eta garbiketa neurriak beteko dira espazio osoan.

Udaletik adierazi dute espazio berriak birdefinitu dituztela, osasun-agintarien neurri nagusiari eutsi ahal izateko, hau da, urruntze soziala ziurtatzeko, bai oinezkoen artean, bai eta mahaien artean: "Udalaren helburua da ostalaritzako negozio gehiagok hilaren 11n ateak berriz irekitzeko aukera izatea da, eta beren
errentagarritasunean laguntzea, neurriak betetzeko aukera eskainiz”.

Tasa berdinak

Malgutze honek ez du tasak gehitzea ekarriko. Arrasateko Udalak, joan den apirilaren 2an onartu zuen enpresa txiki, autonomo, merkatari zein ostalariei lehen sei hilabeteko tasen bonifikazioa. COVID-19ak eragindako egoera arintzeko 2020ko lehen sei hilabeteko zabor tasa, ur tasa eta bide publikoaren okupazio tasa bonifikatuko zaie.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak