Aitziber Ojanguren: "Azken agurrik ez izatea bereziki gogorra izan da familientzat"

Jone Olabarria 2020ko mai. 9a, 08:36

Aitziber Ojanguren, Ojanguren ehorzetxearen atean.

Egoera berrira moldatzeko eta material faltak eragindako zailtasunez harago, senideak azken unera arte "eskua ematen" ezin egotea izan da familientzat zailena Arrasateko Ojanguren ehorztetxetik azaldu dutenez.

Alarma egoera ezarri zenetik neurri zorrotzekin aritu dira lanean hileta zerbitzuak. Martxoaren 14an, Jaurlaritzak meza eta hileta elizkizun guztiak debekatu zituen; martxoaren 23an, beilatokiak ixteko agindua eman ; eta, apirilaren 6tik aurrera, koronabirusaren ondorioz hildako pertsonen familiak eta gertukoak ezin izan dira lurperatzera edo errausteetara joan. Bizi duten egoeraren berri eman du Aitziber Ojangurenek, Ojanguren ehorztetxeko arduradunak.

Nolakoa izan da larrialdi egoera honetan lan egitea?

Hasieran, zaila izan zen, material asko falta zen eta ezjakintasuna ere bazegoen. Neurri berrietara moldatu behar izan genuen. Koronabirusaren ondorioz hildako pertsonak zorro berezietan sartu behar dituzte erizainek eta zorro horiek ehorztetxeok eraman behar ditugu. Material hori guztiori eta babeserako tresnak eskuratzea zaila zen hasieran, interbenituta zeuden hornitzaileak eta ia ezinezkoa zen lortzea. Arazoa orokorra izan dela uste dut, ez soilik hileta zerbitzuetan.

Neurri berezietara moldatu beharra aipatzen duzu; zeintzuk izan dira?

Espainiako Gobernutik esandakoak jarraitzen ibili gara une oro, aldaketa ugari egon dira neurrietan eta egokitzen joan behar izan dugu. Esaterako, hasiera batean, familiako hiru kide joan ahal ziren erraustegira edo ehorztera, baina gero, aldatzen joan dira gauzak eta neurriak zorroztu dituzte. Prozesuari dagokionez, bai ospitalean bai adindunen egoitzetan abisua eman eta gu bertara joaten gara. Koronabirusak kutsatuta hil bada, behin gu bertara joan eta gorpua zorroan eta kutxan sartuta, debekatuta dago kutxa hori berriz ere zabaltzea.

Zenbait prozesu bizkortu egin dira azken asteetan...

Lehen 24 ordu itxaron behar ziren errausketa egiteko, baina orain, aukera dago tarte hori pasa aurretik errausteko; familiaren oniritziarekin, betiere. Asko erraztu ditu gauzak neurri horrek; batez ere, hildako asko egon diren egunetan. Udaletik ere malgutu dituzte arauak, eta bai goizean bai arratsaldean egon gara ehorzten hilerrian. Krisi honen aurretik, hiru gorpu hobiratu edo erraustu ahal ziren eguneko; orain, hainbat egunetan bost ere izan ditugu. Neurri hauei esker ere ez dugu kolapsorik izan.

Familiek ezin izan dituzte agurtu beren hildakoak... Nola bizi izan duzue hori?

Zalantza barik, hori izan da gogorrena, azken unera arte eskua ematen ezin egotea. Familiako kide bat galtzea gogorra de bere horretan; are gogorragoa halako egoera batean. Denentzat zaila izan den arren, bereziki latza izan da koronabirusak jota hil direnen familientzat; pertsona hori oraindik bizirik zegoela ezin izan dira berarekin egon azken uneetan, ezin izan dute eskutik heldu azken momentuetan. Badakigu hainbat kasutan ospitalean zeuden gaixoek bideo-dei bidez familiako kideak agurtu ahal izan dituztela, eta asko eskertu dute.

Hori izan da ezberdintasun nagusia COVID-19ak kutsatuta hil direnentzat...

Segurtasun neurriez harago, bai. Azken uneek markatu dute ezberdintasuna. Koronabirusik ez duten pertsona gehienak etxean hil dira eta haien gertukoek aukera izan dute beraiekin egoteko une latz horietan, baita hil osteko unean. Hiletak eta beilatokiak debekatuta egon dira batzuentzat zein besteentzat, eta, alde horretatik, oso gogorra izan da, nahiz eta egoera normalean hil.

Egoera zailen aurrean lan egiten duzue. Bizi izan duzue aurretik honen parekorik?

Lau urte daramatzat ehorztetxeko arduradun, eta ez dut horrelako ezer bizi izan. Aurretik ere oso lotuta egon naiz mundu honetara, gurasoek eramaten baitzuten Ojanguren ehorztetxea. Ez dut inoiz halako egoera ezohikorik gogoratzen, berria izan da denontzat, bat-batean harrapatu gaitu eta testuinguru berrira moldatzea zaila izan da denontzat: bai guretzat, bai familientzat.

Hainbat ehorzte enpresak prezioak igo zituztela-eta neurriak hartu zituen Espainiako Gobernuak...

Martxo bukaerako neurria izan zen, hileta zerbitzuetako hainbat enpresa koronabirus garaian hileta zerbitzuak garestiago kobratzen ibili omen ziren eta. Ondorioz, hileta-zerbitzuetako enpresok martxoaren 14a baino lehen ezarrita genituen prezioak aplikatu behar izan ditugu. Gurean ez dugu halakorik antzeman, esango nuke hildako asko izan dituzten hirietan gertatutako fenomenoa izan dela, izatekotan. Gure kasuan, prezioak mantendu eta hainbatetan jaitsi ere egin genituen. Neurria hartu behar izana penagarria iruditzen zait; familiek egoera gogorra bizi dute berez, ez da probetxua ateratzeko une bat.

Faseka antolatutako konfinamendu-arintze honetan, nola espero da 'normalitatera' buelta hileta zerbitzuetan?

Oraindik ez dago batere argi. Diotenez, bigarren fasean, beilatokiak irekitzeko aukera egongo da, baina pertsona kopurua murriztuta eta instalazioaren metro karratuen arabera. Neurri zorrotzekin jarraitu beharko dugula uste dut. Apaizekin ere egon gara, eta hileta elizkizunak egitea posible denean nola ku-deatuko duten aztertzen dabiltzala diote.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak