Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoeraren eguneroko balantzea egin du. Alta jaso duten egoiliarrak honako egoitzetakoak izan dira: Arrasateko Iturbide (8), Donostiako Berra (9), Zumaiako Otezuri (3), Eibarko San Andres (3) eta Egogain (2), Zarauzko Santa Ana (1) eta Tolosako Iurreamendi (2). Dagoeneko hiru egoitza dira gaitzarekin kutsatutakoak izan ondoren gaur gaurkoz kasu aktiborik ez dutenak, eta hamahirutan jarraitzen dute positiboekin.
Debagoieneko egoitzei dagokienez, Arrasateko Iturbiden 51 sendatu dira, 5 kasu positibo daude eta 25 hil dira. Aretxabaletako GSR Debagoienan 25 positibo daude eta 5 lagun hil dira. Eskoriatzako Jose Aranan, bat sendatu da eta beste batek gaitza du. Eta Bergarako eta Oñatiko egoitzek ez dute positiborik izan.
Gaur arte, guztira, 312 adinekok jaso dute medikuaren senda-agiria (%56,3), 165 hil egin dira (%29,8) eta 77 (%13,6) oraindik COVID-19 gaitzarekin daude. 15 lagun ingresatuta daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan eta 17 ospitalean.
Beste kolektibo batzuk
Beste kolektiboen egoerari dagokionez, hala nola, desgaitasuna duten pertsonena eta adin txikikoena, ez da aldaketarik egon azken orduetan. Bozeramaileak gogorarazi du desgaitasun duten 17 lagunek eman zutela positibo lau zentrotan, eta guztiek jaso zutela mediku alta, azkenak joan den apirilaren 29an. Haurren eta nerabeen babeserako foru egoitza sarean artatutako adin txikikoei dagokienez, bat da diagnostiko positiboarekin jarraitzen duena.
Bestalde, desinfekzio lanekin jarraitzen dute suhiltzaileek, DYAko boluntarioek eta espezializatutako taldeek, eta atzo eta gaur artean, hainbat egoitza desinfektatu dituzte, horien artean Arrasateko Iturbide eta San Juan de Dios.