Arrasatearrei eskerrak emateko mezua kaleratu du Euskaraldiak

Eneko Azurmendi 2020ko mai. 6a, 19:12

Domekan eman zioten bukaera Etxealdirtik Euskaraldira ekimenari. "Polita izan da ikustea Mondragoen hainbat eta hainbat leiho, balkoi eta kale puntuz eta kolorez jantzi diela ekimenean parte hartzeko asmoz. Guztiei eskerrak eman gura diegu".

Hemen gutuna osorik:

"Azken egunetan Etxealditik Euskaraldira ekimenarekin bat egin dute mondragoetar askok; puntuekin, puxikekin, kolorez apaindu dituzte leiho, balkoi eta kaleak eta batez ere, hizkuntza ohiturei astindu bat emanaz, euskararentzat belarriak prest eta euskararekin ahoak bizi-bizi jarri ditugu berriz.

Konfinamendu egoera honetan, askok eta askok dugun kezketako bat da gurea den hizkuntza, gu egiten gaituen ezaugarri nagusietako bat, euskara, bazterrean gelditzen ez ote den ari. Jasotzen dugun informazioaren ehuneko esanguratsu bat ez dator gure hizkuntzan eta erdarara jo dute askok, guztiengana iritsi nahi izanaren aitzakiapean. Egoera horri astindu bat eman eta gure hizkuntza ohituretan nolabaiteko iraultza planteatzeko asmoarekin iritsi zen apirilaren 20an Etxealditik Euskaraldira ekimena, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldirako beroketa moduan.

Hainbat egunetan, ekintza desberdinak eskainiz, gure buruan hausnarketa txiki bat burutzea izan dugu helburu. Euskaraldiak hainbat proposamen bota ditu zazpi egunetan eta Arrasaten hauei geure batzuk ere gehitu dizkiegu. Olgetak, Txatxilipurdik eta Belunek, familian jolasteko aukerak baliatu zizkiguten; Iratik, Muxibarrek eta Arteagak primerako menua prestatu ziguten; arrasatearrekin lotura zuzena duten filmik ere ez zen falta izan (“80 egunean”, “Hesiak gainditzen” eta “Erroak”) eta zapatuan, AZ Gaubelak-en laguntzarekin, eta bizi dugun egoeran auzoei bizitasuna emateko sortu diren talde batzuen kolaborazioarekin, Erdiko Kale, Musakola, Zarugalde, Garagartza, Nafarroa Etorbidea… dantzan jarri genituen balkoi festa eder batekin.

Herriko kaleetatik bueltaren bat eman duena konturatuko zen, hainbat eta hainbat leiho, balkoi eta kale puntuekin, puxikekin… kolorez bete direla egunotan, guztiak Etxealditik Euskaraldira ekimenean parte hartzeko asmoz eta gogoz. Benetan da poztekoa ikustea mondragoetarrek gure hizkuntzaren alde sortu den ekimen honetan erakutsi duten parte hartzeko gogoa. Horregatik, Arrasateko Euskaraldiko kideon partetik, ESKERRIK ASKO ARRASATE!

Eskerrik asko gurekin elkarlanean aritzea segituan onartu eta zuen proposamenak zabaldu dituzuen Belun, Olgeta, Txatxilipurdi, Irati, Muxibar eta Arteagari; Eskerrik asko Ane Zuazubiskar eta Mariasun Pagoagari, telebista aurrean film eta laburmetrai ederren aurrean jartzera gonbidatzeagatik; Eskerrik asko bideoa egiten lagundu zeniguten lagun guztiei; Eskerrik asko AZ Gabelak-i, Erdiko Kaleko eta Itxaropena auzuneko jai batzordeei, Musakolan, Zarugalden eta herriko beste hainbat puntutan balkoi-festa egin zedin lagundu zenuten guztioi, azken zapatuari, musikaz eta festa gogoz, herriari kolorea emateagatik. Eta batez ere, zuri, arrasatear horri, ekimen honetan parte hartu eta euskarari behar duen bultzada eman nahi izateagatik, benetan, eskerrik asko!

Etxealditik Euskaraldira amaitu da, azaroan etorriko da Euskaraldiaren bigarren edizioa, baina, arrasatearron egunerokoan, euskarari eusteko eta aurrerapausoak emateko ahaleginak jarraitu egin behar du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak