Kale batzuetan trafikoa kentzea probatu nahi du EH Bilduk, "oinezkoentzat espazioa irabazteko"

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 4a, 18:38

Gelmako luzeak hartuko lukeen itxura azaltzeko egindako fotomuntaia. (Argazkia: EH Bildu Arrasate)

Asteburu honetan "proba txiki" bat egitea proposatu diote Gobernuari, "oinezkoek eta kirolariek lekua irabazteko" eta "kaletik ibiltzean distantziak errazago errespetatzeko". Garibai kalean eta Gelmako zuzenean trafikoa kentzea proposatu dute; Nafarroa Etorbidean eta Zerrajerako etxeen atzealdean, trafikoa norantz bakarrean, eta beste erraia bizikletentzat. 

Ohar bidez azaldu dutenez, "beste hiri batzuek espazio bereziak sortu" dituzte, "segurtasunez ibiltzeko" eta kutsatzeak gutxitzeko. "Arrasateko EH Bilduk oinezkoentzako espazioak zabaltzea proposatzen du, herri barruan bi metroko segurtasun tartea errazago bete dadin eta umeek jolasteko leku gehiago eduki dezaten. Horrela, erdigunea oinezkoentzat bihurtu nahi dugu jende gehien egoten den orduetan. Krisi garaietatik onena atera daitekeela jakin badakigu eta egoera bereziek irtenbide bereziak eskatzen dituztenez, uste dugu datorren asteburua erabili dezakegula oinezkoek eta kirolariek espazioa irabaz dezaten" azaldu dute.

Bi leku hauetan proposatu dute trafikoa kentzearena: "proposamen honek zuzenean eragingo lioke Garibaiko eta Gelmako errepideari, bi rekta horiek oinezkoentzat prestatuz; erdialdean lasaiago jolastu ahal izango lukete haur eta gazteek, eta eremu bikainak lirateke adibidez patinekin ibiltzeko edo nagusiek paseoak emateko"

Nafarroa Etorbidea eta Zerrajerako etxeen atze aldeko errepidea, ordea, norantza bakarrekoak izatea proposatzen dute, modu horretan, libre geratzen den erraia bizikletentzako izateko. "Nafarroa etorbidean eta Zerrajerako etxeetako atzealdean, kotxe gutxi dabil eta soberan geratzen den erraila bizikleta zaleentzat oso erabilgarria bilakatu daiteke". 

Nafarroa etorbidean trafikoa norantza bakarrean eta bizikletentzako eta oinezkoentzako errai bat egotea proposatu dute. 

Proba hori egiteko ordutegi bat ere proposatu dute: "Larunbat eta igandean, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:30etara oinezko eta kirolariek eskertuko dute espazio gehiago". Azaltzen dutenez, probaldi horretan bermatu egin behar litzateke kale horietan garajeak dituztenek ibilgailuak bertan sartu ahal izatea. 

Probak ondo funtzionatuz gero, herriko beste auzo batzuetara hedatu daitekeela uste, eta aukera ikusi dute ere ostalariengan eragina izateko. "Trafikoaren berrikusketa honek aukerak zabaldu diezaieke terrazarik ez duten hainbat taberna eta hainbat komertziori" azaldu dute. 

Azkenik, herritarrak kontzientziatzea eta alkatea eurekin esertzea beharrezkoa direla azaldu dute neurri hau garatzeko. "Guk plan zehatza daukagu. Herritarren kontzientziazioa eta ardura eskatzen du baina mugikortasun plan honek ekonomikoki zero kostua dauka. Gu oposizioa gara eta Arrasateko herriarentzat onena nahi dugu, baina horretarako alkatea gurekin esertzea ezinbestekoa da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak