Santa Teresa-Galizia kaleak lotuko dituen igogailu sistemaren proiektuaren idazketa onartu dute

Imanol Beloki Unamuno 2020ko api. 30a, 19:41

Santa Teresa Galizia kale-artea.

Arrasateko Udaletik adierazi dutenez, urte bukaerarako herria biziberritzeko proiektuak eta ekonomia berraktibatzeko proiektuak martxan jartzeko proiektu ezberdinen idazketak onartu dituzte. Besteak beste, Santa Teresa-Galizia kaleak lotuko dituen igogailu sistemaren proiektua edo Ekobulebarreko obra eta bere zuzendaritzaren esleipen prozedura.

Santa Teresa-Galizia kaleak lotuko dituen igogailu sistemaren proiektuaren idazketa, Ekobulebarreko obra eta bere zuzendaritzaren esleipen prozedura, ospitale ondoan aparkaleku gehiago izateko pabilioi baten eraistea, eta Santa Barbarako Ur-txorroen jolas parkeko etxola mural batez margotzea izan dira onartu dituzten proiektuen idazketak.

Alarma egoera jaso bezain laster, epeak abian jarriko direla adierazi dute Arrasateko Udaletik, eta ekonomia suspertzen lagunduko duten ekimen horiek aurrera eraman ahal izateko bideari ekingo diotela adierazi dute. "Helburua da proiektu guztien idazketak esleitzea, eta ahal den neurrian obrak ere bideratuta izatea 2020 eta 2021an".

Santa Teresa-Galizia kaleak lotzeko igogailu sistema

Udalak konpromisoa agertu du Erguineko ekimen integralaren ostean, Santa Teresa-Galizia kaleak lotuko dituen igogailu sistema izatekoa hurrengoa. Igogailu sistema ezartzeko proiektuaren idazketa esleitzeko lehiaketa jarri da abian orain. 48.500 euroko aurrekontua ezarri du Udalak, BEZ barne, eta esleipendunak sei hilabeteko epean burutu beharko ditu lanak. Udalak adierazi duenez, "proiektu honek genero ikuspegia barneratuko du segurtasuna oinarri eta Santa Teresako bizilagunen mugikortasunean eragin zuzena izango du hobera, oinezkoen mugimenduak sustatuz eta autoen erabilera gutxiaraziz".

Ekobulebarreko obra

Maitzaren 1 plaza eta Maalako biribilgunea lotuko dituen bidegorriak jarraipena izango duela adierazi dute Udaletik. "Garibaiko autobus geltokiari itxura berri bat emango zaio, motorrentzako eta bizikletentzako aparkalekuak eta Taxi-en geralekua ere berregokituz. Horrez gain, Biteri eta Maalako biribilgune arteko zatia oinezkoentzat eta bidegorriarentzat bakarrik utziko da (ibilgailuek jada ezingo dute hortik igaro). Alfontso X plaza oinezko gune ere bihurtuko da, eta Sebero-Portaloia-Biteri oinezko gune zabalarekin bat egin. Grupo San Juan aldera ematen duen erreka bazterra oinezko bihurtuko da ere, ibai ertzeko egon-gune bat sortuz. Alfontso X plazan dagoen Biteriren estatua bere izena daraman kaleko berdegunera lekualdatuko da. Lan hauetarako aurrekontua 2,5 milioi eurokoa da, BEZ barne. Gauzatzeko epea 18 hilabetekoa da".

Ospitale ondoan aparkaleku gehiago

Pabeloi baten eraispena burutzeko esleipen prozedura ere abian jarri dutela adierazi dute Arrasateko Udaletik. "Zalduspe esparruarekin iraupen luzeko ekimen bateratuan beste urrats bat da. Transportes Aranburu bezala ezaguna den eraikina eraitsi eta ingurua txukunduko da. Aurrekontua 175.000 eurokoa da, BEZ barne, eta lanak 6 hilabete irautea dago aurreikusia".

Honekin batera, Santa Barbarako ur-parkeko instalazioen txabolaren kanpoaldeko lau hormetan ur-jolasen inguruan murala egitea esleitu dutela ere adierazi dute: "Joana Mancisidor Akizu artista arrasatearra izango da horren arduraduna. 1815 euroko aurrekontua du, BEZ barne, eta aurreikusten da ekainerako amaituta egotea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak