106 urte beteta joan da 'Fani' Garai, Arrasateko historiaren lekuko aparta

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 1a, 10:38

'Fani' Garairen erretratua. (Argazkia: Intxorta 1937)

Urtebetetze egunean zendu zen, apirilaren 25ean, 106 urte bete berritan. Emakume abertzaleen Batzako kide izan zen eta emakumeen sufragioa bizi izan zuen 1931n. "Oso maitatua" izan den seinale, haren omenezko kandela-piztea egin zuten Arrasaten, zapatuan.

"Buru argiko emakumea zen, zintzoa eta, batez ere, langilea; familiaren alde edozer egiteko prest dagoen horietakoa". Hitz horiekin definitu du seme Jose Ignazio Zaitegik Estefania Fani Garai, ama. Arrasateko emakume adindunena zen Garai, azken unera arte burua osasuntsu mantentzea lortu duena. "Asko eta asko irakurri izan du, betidanik, eta, iaz arte, gurutzegramak egiten zituen maiz. Memoria pribilegiatua izan du beti, medikuek azaltzen jakin izan ez dutena".

Haren memoria "pribilegiatuari" eta hark gordetako argazkiei esker, azken 100 urteetako Arrasateko historiaren pasarte asko bizirik heldu dira gaur egunera arte. "Gure herriko historiaren berri izateko, makina bat aldiz izan gara berarekin, eta baita haren ahizpa Carmenekin ere. Lekuko izateaz gain, argazkien zaintzaile ere izan zen. Arrasateko Emakume Abertzale Batzakoek Gernikan ateratakoa, batzokian egindako bilerenak, edota Arrasateko EAJkoak Bedoña auzoan Estepan Urkiaga Lauaxeta-rekin ateratakoa hari esker heldu zaizkigu", dio Intxorta 1937 elkarteko Juan Ramon Garaik.

VI. Olerti eguna, 1935eko ekainaren 2an, Bedoñan, Juan Arana Ezpeleta, Loramendi-ren gorazarrean. Argazkian, arrasatearrak Lauaxeta-rekin: atzeko hileran ezkerretik: Juan Periko Azcoaga, Estepan Urkiaga, “Lauaxeta” Txomin Arrieta, David Zaitegi, Boni Uriarte, Benito Axpe… , aurreko hileran…Juanito Etxebarria, Adoración Gorosabel, Julia Barrutia, Victoriano Balerdi, Juanito Zaitegi. (Argazkia eta izen-abizenak: Fani Garai)

Fani Garai 1914ko apirilaren 23an jaio zen, baina, handik bi egunera bataiatu zutenez, betidanik ospatu izan du urtebetetzea apirilaren 25ean. Zazpi anai-arrebako familia baten zaharrena zen bera. Aitak eraikuntzan egiten zuen lan, igeltsero, eta lan kontuengatik Donostiara lekualdatu ziren 7 urte zituenean.
[Papereko edizioan akatsa dago, 1936an jaio zela agertzen baita] 

Jose Ignazio Zaitegi, semea: "Memoria pribilegiatua izan du beti, medikuek azaltzen jakin izan ez dutena"

"Haren anai-arreba guztiek eskola publikoetan ikasi zuten, baina, amarentzat lekurik ez zegoenez, frantses eskolan ikasi zuen. Ez zen bertan denbora luzez egon, baina frantsesez ikasitakoak ez zituen inoiz ahaztu, eta duela gutxi arte Aita gurea frantsesez abesteko gai zen", gogoratu du Jose Ignazio semeak. Ostean, Gasteizen egin zituzten beste hiru urte eta 1930ean itzuli ziren Arrasatera, jaioterrira.

Gerrak kolpatutako familia

Kolpe militarraren hasieran, Pedro eta Felix anaiak gudariekin irten ziren erresistentzian, Lenago hil eta Kirikiño batailoietan. Handik gutxira, urriaren 25ean, 30 lagun erail zituzten faxistek, eta horien artean zeuden bere ahizparen mutil-laguna eta Joseba Zeziaga abadea. "Denak pertsona on-onak, inorekin sartzen ez zirenak", kontatu zion Juan Ramon Garairi. 1936ko abenduaren 19an, aita hil zen. Kanpai hotsek errepublikazaleen aire-bonbardaketa baten berri eman zuten, 12:00 aldera, eta haren aita bonba batek harrapatu zuen Iturriotz kaletik Zerkaosteta kalean zuten etxera zihoala. Faxistek eliza garbitzera behartu zuten, Pilarica egunean garbi-garbi egon zedin, eta ondo gogoratzen zituen faxistek Arrasateko lau emakumeri egindako umiliazioak. Kaskamotz utzi eta errizino-olioa edanarazi ostean, danborren erritmora herriko kaleetan desfilatzera behartu zituztela kontatzen zuen.

Emakume Abertzaleen Batzako kide

Gerra aurretik Emakumeen Abertzaleen Batzako militante izan zen, eta Arrasateko kideen artean Fani Garai zen bizirik geratzen zen azkena. "Euskal Herri mailan, gerra aurreko Emakume Abertzaleen Batzako kideen artean bizirik geratzen zen bakarra dela esango nuke. Ez dut modurik hori guztiz ziurtatzeko, baina oso zaila litzateke besterik egotea", dio Intxorta 1937ko Juan Ramon Garaik.

Arrasateko Emakume Abertzaleen Batzako kideak, Gernikan. 1. lerroan: ezkerretik hasita: Andresa “Tigre”, Teresa Mendizabal eta Eugeni Bolinaga. 2. lerroan: Maria Zumelaga, X, Paulatxo Mugika Arregi (fusilatua), X, Pilar Unzueta, X, Aurea Aranburu, Resu Letona. 3. lerroan: Juli Barrutia, X, X, X, Isabel Zaitegi, Maria Orobengoa (Muzibarko Etxabetarren ama). 4. lerroan: X, X, Josepa Lasagabaster (Trola), X, Cresen Axpe, Luisa Etxaurre. 5. lerroan: X, X, X, X, X, Juaristin ama, Trini Zaitegi, Rafaela de Etxaurre, Pastora Sagasta (Mojategi), X, Maria San Pedro, Carmen García eta Maritxu Lasagabaster. (Argazkia eta izen-abizenak: Fani Garai).

Ezagutu zutenek diote "bizitza gogorra" izan arren ez zuela "gorrotorik gordetzen", ezta etsaien izenik aipatzen ere

Emakume Abertzaleen Batza EAJ barruan sortu zen, 1922an, emakumeek arlo politikoan zituzten helburuei erantzuteko. Ambrosio Martin O'Daly irlandar abertzaleak Bilbon egindako hitzaldi batean, emakume irlandarrek mugimendu nazionalean zuten pisuari buruz jardun zuen, eta hark bultzatuta 50 emakumek sortu zuten taldea. Lehen etapak urtebete iraun zuen, Primo de Riveraren diktadura hasi zen arte, eta, besteak beste, balkoietan ikurrinak jarri, euskara ikastaroak antolatu eta mendi-irteerak egin zituzten.

1931n abiatutako bigarren aldia hasi orduko, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan 205 herritan zituzten taldeak. Debagoienean: Aramaion, Arrasaten, Elgetan, Oñatin, Antzuolan, Eskoriatzan eta Bergaran –azken honetan 400 afiliatu izatera heldu ziren–. Euskarazko irakaskuntza eta euskal kultura sustatu, etxeko andre eta irakasleen defentsa sindikala egin eta preso eta gaixoen aldeko lan sozialak egin zituzten, besteak beste.

Gorrotorik gabe

Ezagutu zutenek diote "bizitza gogorra" izan arren ez zuela "gorrotorik gordetzen", ezta etsaien izenik aipatzen ere. "Memoria itzela zuen, baina margariten [emakume karlistak] edo falangisten argazkiak erakustean ez zuen haien izenik aipatzen; inoiz ez", dio Jose Ignazio semeak.

104 urterekin, lekukoa

Arrasateko emakumerik adindunena zen Fani Garai. Haren lekukoa Carmen Jorgek hartuko du orain, apirilaren 7an 104 urte bete dituen arrasatearrak. Ortuellakoa da jaiotzez, baina bizitza osoa eman du Arrasaten, eta une honetan Aretxabaletako zaharren egoitzan bizi da. Bigarren adindunena 1917an jaiotako beste emakume bat da, eta hirugarrena, Rosario Uranga; azken hau da Iturbide egoitzako adindunena, 102 urterekin, eta berriki COVID-19 gaitza gainditzea lortu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak