Andoni Gorosabel: "Futbola ez da aldatuko, kontaktuzko kirola da"

Xabier Urtzelai 2020ko api. 30a, 18:00

Donostiako pisuan dago Andoni Gorosabel (Arrasate, 1996) konfinatuta. Realeko jokalariak prentsaurreko birtuala egin zuen joan den astean talde txuri-urdina jarraitzen duten komunikabideekin, eta aste barruan GOIENAko deiari erantzun dio. Datorren urtean amaituko zaio Realarekin kontratua, baina bizitzea egokitu zaion sasoi honetan, horrek ez dio loa kentzen.

Zer moduz daramazu konfinamendu egoera?

Ondo, lasaitasunera itzultzeko gogoz, guztiok moduan. Egia da bakarrik nagoela etxean, eta konpainian bazaude, akaso, eramangarriagoa egiten dela. Baina dagoeneko ohituta nago bakarrik egotera, ez dut arazorik.

Kalera irteteko gogoz, eta baita Arrasatera etortzeko, edo?

Sarri joaten naiz herrira bisitan, etxekoengana, lagunengana... Donostiatik gertu dago Arrasate.

Zer moduz daramazu etxean entrenatzearena?

Beno, ez da Zubietan entrenatzea bezala. Klubetik baliabide guztiak jarri dizkigute gure eskura, korrika egiteko zinta daukat etxean, eta baita bizikleta estatikoa ere, nahiz eta, egia esan, bizikletari ez diodan graziarik ikusten, gurago dut korrika egin... Bidaltzen dizkiguten etxeko lanak egiten ditut, baina bai, apur bat nekagarria ere bada. Baloiarekin kontaktua izatea, taldekideekin egotea... Hori igartzen dut faltan, normal entrenatzea.

Eta horrez gain, aste hauetan zer igarri duzu faltan? Izan ere, esango nuke sasoi honetan gauza txikiek zenbat betetzen gaituzten konturatzen gabiltzala.

Zalantza barik. Alde batetik, esan dudan moduan, futbolaren hutsune handia susmatzen dut. Horrekin batera, etxekoekin egotea, lagunekin bazkaltzera joan ahal izatea... Futboletik harago, egunerokotik deskonektatzeko egiten ditugun gauza txiki horiek igartzen ditut faltan..

Badirudi datozen egunetan kirola egiteko baimena emango duela Gobernuak. Gehienondako zaletasuna da kirola, zuendako lanbidea da.

Egia da guk ere ez dakigula askorik. Suposatzen dut egunak aurrera joan ahala joango direla zehazten, eta klubetik ere adieraziko digute zer egin genezakeen kalera korrika egitera irten gaitezkeenean. Egunerokoa eramangarriagoa izango da, seguru.

Aste hauetan asko egin da berba futbolaz. Liga dagoenetan amaituko ote den, geratzen diren partiduak publiko barik jokatuko ote diren... Zer komentatzen duzue taldekideen artean?

Ikusita taldea ze joko-maila erakusten zebilen, jokalariok liga osorik jokatu gura dugu. Beste kontu bat da ze baldintza dauden hori behar den moduan egin ahal izateko.

Hain zuzen, konfinamenduaren aurretik maila izugarria erakusten zebilen Reala. Beldur apur bat ere emango du sei asteren ostean ostera hasteak... Nahiz eta egia den geldialdia denondako izan dela berdina...

Bai, hori da. Taldea oso maila onean zegoen, eta egia da geldialdi luzea izan dugula, baina talde guztiek geratu behar izan dute, eta guztioi kostako zaigu ostera ere lehengo erritmoa hartzea; horrenbestez, besteekin alderatuta gure futbol mailak ez luke zertan behera egin. Lehengora lehenbailehen itzultzen saiatuko ginateke.

Kopako finala ere berbagai izan zen duela egun batzuk. Zelan bizi izan zenuen egun hura? Izan ere, zaleek kolore apur bat eman zioten egunari...

Egun horretan, oso presente izan nuen Sevillan egon beharko genukeela guretako horren garrantzitsua den finala jokatzen. Zaleak aspaldi itxaroten dabiltzan partidua da, Athleticen kontrako derbia... Partidu oso garrantzitsua da, eta bai, Play-an jokatzen, lagunekin berba egiten... Halaxe joan zitzaidan eguna. Baina beno, uste dut egun hori iritsiko dela, denak gaude ilusio galantarekin.

Zer da hobe, Kopako finala lehenbailehen jokatzea nahiz eta zale barik izan ala, esaterako, datorren urtera itxarotea?

Pertsonalki uste dut finalak publikoarekin jokatu behar direla, bestela ez du-eta zentzurik. Euskal Herri osoarendako jai bat izango da, euskal derbi bat Kopako finalean, eta bereziki gure jendearendako gauza handia izango litzateke, urteak daramatzagulako halako hitzordu baten atzetik. Horrenbestez, harmailetan zalerik barik jokatzea erabakitzen badute, albiste txarra izango da.

Arlo pertsonalera etorrita, seguruenik ez duzu aurtengo denboraldian nahiko zenukeen beste jokatu [hamar partidu jokatu ditu, horietako lau Kopan], baina berdegunera irten zaren bakoitzean maila onean jardun duzu. Eta hori ez da erraza taldea sekulako maila erakusten dabilenean. 

Bai; azken batean, horretarako egiten dugu egunero lan, entrenatzaileak erabakitzen duenean berdegunera salto egin eta gauzak ondo egiten saiatzeko. Alde horretatik pozik nago, taldearen mailan egon ahal izan naizelako.

Zerk egiten dizu ilusio handiagoa? Ligako laugarren postuak ala Kopan finalera iritsi izanak? Izan ere, Kopan protagonismo handiagoa izan duzu.

Biak dira talde lanaren emaitza. Ligan horren aurrean egoteagatik oso pozik nago, taldeak izan duen erregulartasuna erakusten duelako. Eta Kopa hasieratik hartu genuen seriotasun handiarekin, bagenekielako kanporaketak partidu bakarrera jokatuta aukera oso ona zela lorpen polit bat egiteko.

Aurtengo denboraldian jokatu dituzun norgehiagoketatik, ze momenturekin geratzen zara?

Denek nabarmentzen dute Bernabeun jokatutako partidua, eta bai, seguruenik partidu horrekin geratuko nintzateke ni ere. Baina horrekin batera oso gogoan dut Mirandesko partidua, Kopako finalerako txartela bertan lortu genuelako, eta oso partidu berezia izan zen niretako. Eta baita Alavesen kontra jokatu nuen denboraldiko lehenengo partidua ere.

Realeko jokalariak, Real Madrilen kontrako kanporaketa gaindituta. Argazkia: Real Sociedad.

Bernabeu ez da edozein plaza...

Ez, partidu berezia izan zen, eta jokalariak halakoetan sumatzen du entrenatzailearen konfiantza. Hasierako hamaikakoan jokatu behar nuela jakin nuenean urduritu egin nintzen apur bat. Ondoren, estadiora iristen zara eta ikusten duzu ikaragarria dela. Baina beroketa ariketak egiten hastearekin batera polikipoliki partiduan sartzen hasten zara, eta behin jokatzen hasterakoan kontu horiek guztiak albo batera geratzen dira.

2021eko ekainean amaituko da Realarekin duzun kontratua. Loa kentzen dizu horrek?

Ez, ni nire egunerokoan zentratuta nago, eta halako kontuak nire agentearen eskuetan uzten ditut. Egun hauetan sarritan egin izan dugu elkarrekin berba, eta lasai nago. Nire ametsa Realean jokatzen jarraitzea da, umea naizenetik izan naiz Realekoa eta hemen denbora luzez geratzea da gura dudana. Eta entrenatzailearen eta klubeko zuzendariaren konfiantza igartzen dut; horrenbestez, ikusiko dugu.

Aurtengo denboraldian etorri diren jokalarien artean, nork harritu zaitu gehien?

Bada, egia esan behar badizut, kanpotik etorri diren jokalari guztiak oso maila onean egon dira, hori da nabarmenduko nukeena. Baina guztien artean taldekide bat nabarmendu beharko banu, Martin Ödegaard esango nizuke. Batetik, sekulako maila daukalako, baina, bestetik, maila horretan egoteko egunero Zubietan sekulako lan mordoa egiten ikusi dudalako, horrek harritu nau gehien.

Alegia, elitean talentua bakarrik ez dela nahikoa.

Ez, Lehenengo Mailan ez, hori garbi daukat. Maila honetan nahiz eta talentudun jokalaria izan lan handia egin behar da gorenean egoteko, edo jokalari moduan diferentzia markatzeko; hau oso kategoria zorrotza da eta kontrario guztiak oso maila onean daude.

Rafael Ramos Espainiako futbol taldeetako medikuen elkarteko presidentea da, eta aste barruan El País egunkarian adierazi du futbola bera aldatu egingo dela koronabirusaren eraginez: kontaktu gutxiago jokalarien artean, beste modu bateko kornerrak, protestak segurtasun neurriak zaintzen... Kuriosoa iruditu zait.

[Barre] Ez dakit, ba... Uste dut futbolak futbola izaten jarraituko duela. Ez dut imajinatzen kirol hau kontaktu barik. Defentsa lanean kontrarioaren gainean egon behar badut, ez dut posible ikusten hori segurtasun distantzia errespetatuta egitea, eta ez diot sarrera bat egiteari utziko kontagiatzeko beldur naizelako... Ez dakit, gurea ez da bakarkako kirola, talde kirola da eta kontaktua dago. Horrenbestez, ez dakit zenbateraino aldatuko den futbola. Egin beharko dutena da futbolean segurtasunez jokatzeko neurriak hartu eta baliabideak jarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak