"Jaiak bertan behera geratu zirenetik, jendea nola animatu pentsatzen ibili gara. Momentuz, bi lehiaketa antolatu ditugu: argazki eta bideo lehiaketa eta aurtengo kartelaren marrazki lehiaketa umeentzako", dio Sanchezek. "Markel Goikolearekin berba egin genuen, orain arte gauzak antolatzen ibili delako zapatuero. Modu horretan, egitaraua osatu dugu".
Asmoa da bakoitza bere etxetik Youtuben sartzea, Goikolearen kanalean –Akorde Music Experience–, eta "momentu konkretu batzuetan musikarekin eguna alaitzea".
Lehenik, goizean balkoiak apainduko dituzte. "Auzotarrei dei egiten diegu jaietako kamisetak janztera".
Orain musikarekin ari dira lanean, ze musika jarri pentsatzen, eta baita auzoko leku estrategikoetan bozgorailuak jartzea aztertzen ere. "Saiatuko gara ahalik eta leku gehienetara zabaltzen musika eta ekintzak. Edozein gonbidatzen dugu parte hartzera, eta modu arraroan bada ere, ospatzera animatzen ditugu herritarrak".