Zortzi adineko sendatu dira Iturbiden, eta ez dago positibo eman duenik Gipuzkoako egoitzatan

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 27a, 18:20

Albiste pozgarriak iritsi dira adinekoen egoitzetatik; batetik, COVID-19 gaitzak jota zeuden bederatzi egoiliar osatu dira Gipuzkoan, horietako zortzi Arrasateko Iturbiden; eta bestetik, hirugarren egunez jarraian ez dute atzeman kasu positiborik lurraldeko egoitza sarean. Poztasuna ilundu duena izan da Tolosako Iurreamendin izandako egoiliar baten heriotza.

Eider Mendoza foru bozeramaileak eman du, beste behin, azken orduko egoeraren berri. Gipuzkoan dauden 65 zentrotan, gaur arte, 202 lagunek gainditu dute gaixotasuna, 157 hil dira eta 185ek diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute. Hamabost dira kasu positiboak dituzten zentroak lurraldean, 29 lagun daude ingresatuta Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan eta 30 ospitalean.

Bestetik, Mendozak adierazi du egoitzetako garbiketa eta desinfekzio lanekin jarraitzen dutelako suhiltzaileek, DYAko boluntarioek eta enpresa espezializatuak –logelak garbitzeko–, eta azken orduetan Eskoriatzako Jose Aranan izan dira, besteak beste.

Laguntza psikosoziala

Foru bozeramaileak jakinarazi du, gainera, Aldundiko Gizarte Politikako Departamentua telefono deiak egiten dabilela konfinamendu garaian egoitzetan zeuden senideak galdu dituzten familiei, eta laguntza psikosozialeko zerbitzua eskaintzen dietela. Orain dela hilabete inguru jarri zuten abian telezaintza zerbitzua, debalde, 900 43 43 43 zenbakian, eta horren bitartez ematen dute COVID-19aren bueltan dauden zerbitzuen inguruko harrera eta orientazioa. Horien artean nabarmentzekoak dira familiei eta egoitzetako langileei eskaintzen zaien laguntza psikosoziala, baita zaintzaileei, eguneko zentroetako erabiltzaileei ere. Mendekotasun laguntza ekonomikoen inguruan orientazioa eta informazioa ere eskaintzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak