Ikasle guztiak ez dira agertzen bideoan, 28 dira-eta, baina bai asko eta asko. Eta etxean ere lanean dihardutela erakutsi gura izan dute. Itxialdian musika "oso lagungarria" izaten dabilela adierazi du Garrok: "Musikaren lana beti da lagungarri, baina une hauetan are eta nabariagoa da, barneko sentimenduekin eta emozioekin kontaktuan jartzen gaituelako". Umeen, gurasoen zein irakaslearen beraren esperientzia aberasgarria izaten dabilela gaineratu du: "Kontaktu fisikoa egon ezean, kontaktu emozionala dago eta zentzumenetan oinarritutakoa, batez ere entzumenean; albokoa gehiago eta hobeto entzutean eta hari pisu handiagoa ematean, gure arteko harremanak sendotu egin dituela sentitu dugu. Bestetik, ume txikienek, taldeko eskoletan, ikusmenean jarri dute fokua, eta talde modura lan egitera bultzatu gaitu guztiok".
Arrasate Musikalen 37 urtez idazkari izandako Luis Garroren alaba da Amaia, eta harekin akordatu da egunotan: "Aitak, Arrasate Musikalekiko zuen konpromisoa eta umeekiko maitasunaren oroimena izan dut aste hauetako etxeko lanaren motor, eta egindakoa berari eskaini nahiko nioke".