Zu zara gure txertoa ekimenarekin, asmoa da Ibai-Arteko kide diren merkatariek diru-sarrera bat izatea ateak itxita dituzten bitartean; ateak irekitzen dituztenean erabili ahal izango dituzte bezeroek kupoiok.
Sektore guztietako saltokiak daude ekimenean: bisuteria eta osagarriak, bitxitegiak, dekorazioa, ehuna, estetika, etxea, haurrentzako arropa, ileapaindegiak, jatetxeak, kirola, lentzeria, loradenda, lurrindegia, mertzeriak, moda dendak, oinetakoak, paper dendak, tabernak... eta ondorengo egunetan saltoki gehiago batuko dira.
Orokorrean, 50, 80 eta 100 euroko kupoiak daude eskura, eta, horiek hautatuta, 5,10 eta 15 euro gehigarri oparitzen dituzte, hurrenez hurren. Ostalarien kasuan, berriz, menuak edo bestelako jatekoak eskuratzeko aukera ematen dute.
"Kupoi hauek norbaiti opariak egiteko ere erabili ditzakezu eta aukeran mezu bat ere idatzi diezaiokezu pertsona berezi horri", adierazi dute Ibai-Artetik.
Erregistratzen direnek, gainera, Ibai-Arteko saltokietan trukatzeko 100 euroko bono baten zozketan parte hartuko dute.