Gaur arratsaldean Gipuzkoa etorbidean zehar ihesean zihoan auto bat geldiarazi eta barruan zeuden hiru gazteak identifikatu dituzte Udaltzainek. Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, udaltzainek errefortzuak eskatu ostean gerturatu da bertara Ertzaintzaren patruila bat. Gazteak identifikatu eta gero, konfinamendu arauak ez errespetatzeagatik espedientea ireki eta Segurtasun Sailak zigorra ezartzeko zain geratuko direla jakinarazi dute. Era berean, guztira bederatzi lagun identifikatu dituzte gaurko egunean zehar Arrasaten konfinamendu arauak apurtzeagatik; goizean zehar gertatu dira arau-hauste horietako sei eta arratsaldean beste hiruak.
Kontrolak ugaritu dituzte
Alarma-egoeran ezarritako neurriak eta konfinamendua betetzen direla ziurtatzeko, kontrolak indartu ditu Ertzaintzak, baita udaltzainek ere. Atzokoan, Aste Santuko jai egunen hasierarekin batera, zehazki, 6.000 ibilgailu geldiarazi zituzten EAEn eta 2.000 pertsona inguru identifikatu zituzten, Estefania Beltran de Heredia sailburuak jakinarazi duenez. Azaldu duenez, "gutxi batzuk" dira murrizketak saihesten saiatu direnak eta hiri eta herrietako trafikoa % 67,5 eta % 73 murriztu dela jakinarazi du; ibilbide luzekoa % 62,7; mugaz gaindiko trafikoa, berriz, % 54 murriztu da.
Atzokoan, apirilak 8, 662 pertsona identifikatu zituzten Gipuzkoan Udaltzain eta Ertzainek; 2 lagun atxilotu eta 134 salaketa jarri zituzten. Konfinamendua ezarri zenetik, 20.348 lagun identifikatu dituzte Gipuzkoan, 51 atxilotu eta 3.980 salaketa jarri ditzute.